Biharamuneko begirada


Atzo sindikatuek hauteskunde eguna izan zuten Administrazio Orokorreko egoitzetan. Funtzionariook izan genuela esatea egokiagoa litzateke, apika. Botorik eman ez dutenen portzentajea (% 57) ikusita, ordea, iruditzen zait horixe dela, hain zuzen ere, daturik esanguratsuena: jenderik gehienak paso egin duela, nahiz eta hautestontziak lanlekuan bertan eta lanorduetan jarrita izan. Funtzionariook oso izpiritu erreibindikatibo eskasa dugu, ezer gutxiren falta sumatzen baitugu soldataren, lanorduen edo lan-baldintzen aldetik. Besterik esatea gezurretan ibiltzea da. Hola bada, zerk eragiten du botoa?

Ausartegia nintzateke foro honetan sindikalismo klasikoaz jardungo banu, aditua ez naizelako eta asetu ere ez nauelako lar asetzen. Beste jokaleku batera abiatu nahi dut. Esan behar, lehenengo eta behin, gehiengo bat nahiko lerrokatuta dagoela ideologikoki, eta lerro horiek politikatik sindikatuetara daramatza ezelango zalantza barik.

Lerrokatze aldagaitz horietatik hara badira pertsonarengan geroz eragin gehiago duten albo-adarrak, gizakumea ez baita pentsamendu edo izaera bakarrekoa, anitzekoa baizik. Hau da: kuestio sozio-ekonomiko-politikoez gain, edo horien gainetik, baten batzuk behintzat, beste eremu batzuetan jartzen dugu gure ikusmira: hizkuntzan, ingurunean, berdintasunean eta holakoetan. Nik hizkuntzan, batik bat. Ondorioz, oso garrantzi handikoa iruditzen zaigu agente sozialek nolako jarrera agertzen duten eremu osagarri horiekiko. Horrek bideratzen du gure botoa.

Kuriosoa bada ere, sindikatuek egindako lehenengo balorazioek ohiko eremua hartu dute abiapuntu: Administrazioaren eta sindikatuen arteko harremana edo tirabira, betiko hausnarketa-ildoa jorratuz. Ez da hori balorazio guztiz zuzena, ahaztu egiten dituelako zenbait eragin-faktore zeharo inportanteak, honen aurretik aipatutakoak. Ez hori bakarrik. Aurrera begira, Administrazioan —ez beste sektore batzuetan— diharduten sindikatuek eta gainerako agenteek guztiz hartu beharko dute aintzat errebindikazio sozio-laborala bataren edo bestearen alde egiteko faktore bat dela; ez, behar bada garrantzizkoena.