Lehen hitzaren garrantzia


Egunerokoak edo, areago, unean uneko detaileak dira garrantzizkoak. Azken egunotan bi langile berri aurkeztu dizkigute lanean, biak ala biak euskaldunak. Aurkezlea, zerbitzuko arduraduna, euskalduna da, edo hala beharko luke, 3. HE egiaztatuta baitu. Hala ere gaztelaniaz egin du guztiz euskaldunak direnen aurkezpena. Momentu horretatik bertatik askorengan gaztelania erabiltzeko ohitura sortu da, euskaldunik petoenengan ere bai. Horri buelta emateko ahalegin berezia egin behar da. Guztia, hasieran detaile hori kontuan hartu ez zelako, baten baten zabarkeriagatik edo kontrako militantismoagatik. Jakina, toki guztietan ez daude gu bezalako potrozorriak, beti ziria sartzen gaudenak.

Duela bi egun Lakua urgentziaz husteko froga egin zuten. Abisua gaztelaniaz eta euskaraz egin zuten. Lehenengo gaztelaniaz, gero euskaraz. Zertarako euskaraz? Denek ulertu zuten lehen abisua gaztelaniaz, bigarrena soberan zegoen. Beste kasu bat: sindikaturen batek bere mezuak ele bietan ematen ditu, lehenengo gaztelania erabiliz; norbaitek uste al du inork itxarongo diola euskarazko testuari, ez bada militante amorratua dela? Ba ez.

Detailez eta ohiturez josita dago gure egunean eguneko bizimodua. Badut lagun bat, guztiz euskalduna izateaz gain euskara gaietan ardura ere baduena; ba horrek bere emazte euskaldunarekin gaztelaniaz egiten du. Zergatik? ezagutu zuenean, jada arduraduna zela, ez zitzaiolako iruditu euskaraz gaztelaniaz bezain ondo adieraz ziezaiokeenik bere maitasuna orduan neskalaguna zenari. Ez da euskara, hurrean, gozotasunerako edo lizunkeri(tasun) etarako hizkuntza. Ordutik aurrera, denok ere asmatuko zenutenez, gaztelaniaz egiten dute beti.

Nire andrea erdal familiakoa da. Elkar ezagutu genuenean bikoteko eta familiako hizkuntza euskara izango zela erabaki genuen, eta hala da. Ba nire andreak beste lagun zeharo euskaldun eta betikoekin gaztelania erabiltzen du, ez baitira bera eta, batik bat, besteak, kapaz ohitura aldatzeko. Nire andrearengan ulertzen dut jarrera, behin baino sarriago aurpegiratzen diodan arren (gaizki, behar bada). Bes batzuengan jarrera hori ulertezinagoa da.

3 Comentarios:

Blogger mendi dijo...

Dana nahasik doa. Lehenengo eduki behar da kontutan euskaldun zaharrak era bat analfabetoak izan garela euskeraz, eta horrek nahiko limitazioak ekarri digute.

Hori bai, arrazoia duzu lehen hitzak duen garrantziak.

Egoerea penagarrian gaude. Baina kontuan artu behar dugu hizkuntza egoerari buelta ematen amarkadak behar direla.

10 noviembre, 2006 12:09  
Blogger Izaro dijo...

Bai Mendi, egoera hau iraularazteko hamarkadak beharko lirateke, baina beste martxa bat hartuko bagenu, ze, egun goazen abiadarekin ez baitiogu sekula bueltarik emango egoerari.

Uste dut bide bakarra dagoela egoerak hobera (horixe, besterik ez) egin dezan: euskaldunok, hau da, euskaraz bizi garenok edo bizi nahi dugunok, geure espazioak hartzea eta babestea, ondoko erdaldunen (elebidunak zein ez) zain egon gabe.

Inor zapaldu gabe, baina geure burua zapaltzen utzi gabe, eta zapaltzen gaituenari, lehenik ohartaraziz, eta aldaketarik ez badago... aldaketa berari ere komeni zaiola igarriaraziz.

10 noviembre, 2006 21:51  
Blogger mendi dijo...

Beno, ni bukatuko nuke betikoekin: gure subirotasuna edukiko bagenuke... Baina igual hori irteera errazena izan leike.

Edozein modutan, eskertzen dizut zure artikuluak euskaraz berba egiteko aukera eman digulako.

Lehen hitza... edo azkeneko hitza. (Hala esaten dute San Francisco de Xabierentzat, azken hitzak euskaraz egin zituela.)

10 noviembre, 2006 23:25  

Publicar un comentario

<< Home