Ene maite Pinochet gorrotatua


Duela gutxira arte FNko Blas Piñar eta Tejero baino ez dira ausartu F. Francoren alde agertzen jenerala hil ostean. Gaur frankismoaren errebisionismo historikoak Espainiako eskumaren sektore zabalak atxiki ditu. Herenegun Pinochet diktadore txiletarra hilobiratu zuten. Fragak ez du erreparorik izan “Txile askoz hobeto zegoen berak utzi zuenean, hartu zuenean baino”. Lasai asko bota du, Pinochetek eraildako milakarenganako ezelango dolumin edo errespeturik erakutsi gabe. Horrelakoa da historia. Euskal nazionalistontzat Sabino Arana abertzaletasunaren sortzailea eta gure gidari ideologikoa ere bada ehun urte geroago. Espainiarren zati handi batek, ordea, gorrotatu egiten du.

Ez da erraza distantzia nahikoa hartzea ekintza eta pertsonekiko. Ez gara gu bakarrik, gure zirkunstantziak ere zeharo markatzen gaituzte. 1978an Menachem Beginek eta Anwar Al-Sadatek Bakearen Nobel Saria jaso zuten urteak gerran eman eta gero. Seguru asko elkarri gorrotoa izango zioten eta bi estatuetako herritarrek ere elkar gorrotatuko ziren (eta dira). Ez dago inolako kontraesanik. Mandelak 30 urte egin zituen kartzelan zurien esku. Kartzelatik atera eta Estatu-buru izateko aukeratu zuten beltzek.

Horrelako milaka adibide aurki ditzakegu herrialde bakoitzean. Onaren eta txarraren arteko mugak interesen araberakoak dira. Hiltzailerik gorrotagarrienak mandatari prestigiotsuak bihurtu dira eta mundu guztiak men egien diete lotsarik gabe. Ekonomia kapitalistako Estatu komunista da Txina. 1989an milaka pertsona txikitu zituzten Pekingo Tiananmen plazan. Orduko agintari berberek ekin zieten Txinako erreforma kapitalistei, eta mendebaldeko herri guztiek gurtzen dituzte harrezkero.

Fidel Castro, Chavez edo Evo Moralesek ez dute ezelango zerikusirik Txinako sarraskiekin, ezta antzik ere. Hala ere, gaizkiletzat, diktadoretzat eta ez dakit zer gehiagotzat hartzen dituzte.

Mundua fartsa bat da, egunero telebista zeta komunikabide kontrolatuen bidez saltzen diguten fartsa bat. Guk, lehenengoan behar bada aurre egingo diogu; baina ehun bider errepikatu ostean sinetsi egiten dugu: Bush ona da, Castro txarra; Irango presidentea txarra da, Arabiako erregea ona; Kabila kongotarra ona da, Ipar Koreako presidentea txarra. Eta horrela.

1 Comentarios:

Blogger Izaro dijo...

Horregatik dira ezinbestekoak hau bezalako informazio tresna "txiki" baina eraginkorrak. Irekiak eta kontrasterako aukera ematen dutenak.

14 diciembre, 2006 10:16  

Publicar un comentario

<< Home