Ahotsak eta bake-prozesua


(Berriaren “Amaren batean” blogean Idurre Eskisabelek emandako iritziari erantzunez egindakoa)

Ni ere zain nago Ahotsak bere iritzia noiz plazaratu. Ahotsaren ekimenak prozesua blindatzeko tresna izan zitekeela uste nuen, baina tresnaren balioa une zailetan erakutsi behar da. Ausardiaz eta, halaber, zuhurtasunez erantzuteko erakusten duen gaitasunaren arabera izango da tresna baliagarria aurrerantzean ere. Konponbiderako eredu izaten jarraitu behar du.

Badakit egoera ez dela bat ere erosoa inorentzat, baina nire ustez, euskaldunok 'akats' bat izaten ohi dugu: herritarrok norberaren afinitate politikoaren arabera erantzuteko beharra sumatzen dugu. Nik uste dut askatasun gehiagoz jokatu behar dugula. Alderdi politikoko buruzagiengan uler dezaket plantak egiteko beharra, orekak eta norberaren eremu politikoa gordetze aldera; baina herritarrok, bizi dugun egoeran, prozesua babestu nahi badugu, alde batera utzi beharko genuke hauteskundeetan zein alderdiri ematen diogun botoa eta gure kontzientziaren arabera jokatzen jakin beharko genuke. Ahotsak ere herritarren jokabide horren isla izan beharko luke, nire ustez.

Emakumeok arazoen inguruan irtenbideak bilatzeko sen praktiko berezia izaten ohi dugu –inor mindu nahi gabe diot hori-. Bada, emakumea naizen aldetik, nire ustez, Ahotsak sen horri heldu eta nolabaiteko adierazpena egin beharko luke prozesuari bultzada emateko eta eragile guztiei prozesua behin betiko martxan jarriko dituen jokabideak eskatzeko.

Adierazpenak nire ustez ondoko ildoak bildu beharko lituzke, besteak beste:

1.Madrileko hilketak deitoratzea eta Madrilen moduko ekintzak ere bai, ondorio kontrola ezinak dituztelako. Ez zait nahikoa iruditzen ETAren aitzakia, alegia biktimak sortzeko asmorik ez izatea. Kalte fisikoak sortzeko arriskua horrelako ekintza indiskriminatuetan oso handia da, eta ezin da beste batzuen jokabide arduratsuen esku utzi.

2.Prozesuaren parte diren eragile guztiei erantzukizuna eta heldutasuna eskatzea, bai egiten dituzten adierazpenetan, eta bereziki, bere jokabide eta erabakietan. Herritarrok bizi dugun gurpil zoro honetatik irten nahi dugu eta horretarako ekimenak bideratu behar dira.

3. Euskalerriako alderdi politikoei eskatu behar zaie Euskal Herriak behar duen akordio politiko demokratikoaren aldeko oinarriak lehenbailehen lantzen has daitezen . Ez zait zilegi iruditzen beren eginbeharra ez betetzeko ETAren ekintzak aitzaki gisa erabiltzea, izan ere, akordio hori ez lortzearen kaltetu nagusiak euskal herritarrok gara. ETArekin amaitzeko modu eraginkorrena politikoki arrazoia kentzea da.

4. Euskal Herriko gatazkan kaltetuak izan eta izaten ari direnei pazientzia eskatu eta aldi berean haiekiko enpatiaz jokatu. Horren harira, ekimen zehatzak bideratu beharko lirateke (De Juana Chaosen egoera eta oro har presoena salatu, haiek ikusteko bisitak antolatu, biktimekiko ekintzak antolatu…) Ahotsak berak bakarrik edo beste batzuekin batera bidera ditzake ekintza horiek.Izan ere, badira beste talde batzuk bake-prozesua babestu dutenak (unibertsitateko irakasleak, sindikatuak, Euskaria Fundazioak …)eta haiekin batera bideragarriagoa egin daiteke aurretik dugun lan neketsu horri behar bezala erantzutea.

Etiquetas:

2 Comentarios:

Blogger Arabatik dijo...

Batu eta bildu beharreko garai honetan ez deritzot zilegi gizonezkoen eta emakumezkoen arteko zuloak nabarmentzeari, areago batzuk (emakumezkoak) positiboan baloratzean besteak (gizonezkoak) negatiboan baloratzen ditugunean halabeharrez.

Sexuak baino gehiago batzen/aldentzen gaitu ideologiak, edo hizkuntzak, edo erlijioak, edo azalaren koloreak. Sexuari datxezkion zenbait ñabardura neureak egiten ditut, salatuz. Deitoratzen dut, duda gutxiz, emakumezkoaren menpekotauna gizonarekiko, batik bat mendebaldeaz besteko herrialdeetan. Onartzen dut emakumezkoak, oraindik ere eta mendebaldean bertan, gizonezkoak baino aukera gutxiago dituela, batik Funtzio Publikotik kanpo; eta nazkagarria egiten zait.

Baina aditzera eman behar dut, aldi berean, emakumearen ekarpen hutsa gatazka bideratzeko modukoa izan daitekeela aldarrikatzea gehiegikeria dela. Alde horretatik, iruditzen zait gure lehendakaria amets-hodeietatik zintzilikatuta dagoela kontu honetan.

Gatazka hau helburu jakin batzuk (bakea eta elkarrizketa) ditugunon artean gainditu behar dugu, hori onartzen ez dutenak baztertuz eta eskubide pertsonalak eta kolektiboak errespetatzen ez dituztenak saihestuz, emakume zein gizon izan.

10 enero, 2007 18:28  
Anonymous Anónimo dijo...

Hauek bai eman digutela benetako lekzio bat.

Seguru aski, nola beraiek edukitzen dituzten humeak (kumeak,) eta nola beraiek diran beren kumetxoak ikusten dituzten hor galbidean sartzen, ba guk baino pixka bat gehiago pentsatzen dute.

Gesto por la Paz nahi omen zuen manifestazioa organizatu. Ba nire ustez Haotxak egin bazuten etzan egongo orain dagoen rollo txarra.

12 enero, 2007 13:56  

Publicar un comentario

<< Home