Ez al dira terroristak?


Gaur gauez kale borrokako hainbat eraso izango dira, seguruenik. Beti izaten dira, asi ke, arratsaldean Auzitegi Gorenak emandako epaiaren ondoren, zer esanik ere ez. Utz ditzagun albo batera espainolek dituzten arazoak (kolore politikoaren arabera zatitutako magistratura, euskal gatazkarekiko nazka, …) eta gatozen gurera. Euskal komunikabide abertzaleak entzunda ematen du zentzugabekeriaz jokatu dutela Madrilen, batik bat lehenago Entzutegi Nazionalak hartutako erabaki bat –gazteok terroristatzat ez jotzearena- aldatu egin dutelako. PPk Auzitegian duen nagusigoaren bultzada politikoa nabarmena den arren, galdera ez-korrektoa egingo dizuet, norbaitek erantzuteko irrikarik erakusten badu: ez al dira terroristatzat?

Ez nazazue erotzat jo. Txikito bat besterik ez dut hartu Dimeko intxaur ale batzuei laguntzeko. Egoera eskizofreniko gaindi ezin batean bizi gara. Gaur eskuak ez ditugu burutik kentzen, izutu antzera, 24 euskal gaztek kartzelan egin beharko dituztelako hiruzpalau urte. Duela hamar egun gaur kexatzen direnetariko asko –neu euren artean-, nazka eginda, Arrasateko kale borroka egin zutenenentzat kartzela eskatzen ari ginen. Eta ia beste horrenbeste, gainerako erasoen egileentzat. Hortaz, horren zuzentasun gutxiz hartu al dute epaia Madrilen?

Bai, badakit uneak beste zerbait eskatzen duela, zubiak eraiki behar ditugula, aurkari/etsaiaren aitortzara jo behar dugula. Bai, hori ondo dago, oso ondo, baina hori gaur da, berriro giro etsigarritik giro itxaropentsu batera goazen honetan. Eta gaur gaueko eraso baten norbait larri zauritzen badute, terrorista al da? Barkatu egin behar omen zaio, egoerak hala agintzen duelako?

Ez naiz idazten hasi korrekto izateko. Aurrekoa esan dudan moduan, argi diñot, baita ere, pena ikaragarria ematen didala hainbeste gazte euskaltzale kartzelan alperrik galtzea. Hala da. Ikasi behar dute behingoz, ordea, euren bortizkeriak ez duela, egun, Estatuaren ile bakar bat mugiaraziko. Hemen, Euskal Herrian, kaltea itzela da, uste dutena baino handiagoa. Gaurko epaiak sortu duen ezinegonaren aurrean gauean sei kutxazain erretzen badira, magistratuen eta Estatuaren aurreko egonezina euren kontrakoa bihurtuko da, eta horrela kolpea kolpearekin, Milakabilakakoek atzo adierazitakoaren haritik.

Etiquetas: