Milakabilaka Aurrera!!!


Milakabilaka

"Joserra Goikoetxea” Taldeak bidalitako Adierazpena.

Euskal Herriari zor zaion errespetua, hiritar guztien eskubide orori zor zaion errespetua eta hiritarren erabakiei zor zaien errespetua eskatzera olatu geldiezinezkoa abian jarri da. Herritarren ordua heldu da. Herritarren indarrean sinesten dugulako eta alderdikeriez eta beraien saloi-jokoez kokoteraino gaudelako, herritarren protagonismo gailentzera gatoz “Joserra Goikoetxea” taldekideak.

Tamalez, alderdi nagusiak (jeltzaleen zati bat behintzat) ez du buruan herriaren mugimendua, beren bulego moketadunak babesteko ezik. Iñaki de Juanaren kasua eredugarria da: ahapeka salatu Auzitegi Nagusiaren erabakia eta Ibarretxeren kasuan bozgorailu guztiak erabili astelehenerako manifestaziora deialdia egiteko.

“Joserra Goikoetxea” taldekideok argi dugu euskal neoliberalen jokaera. Hala ere, herri gisa jokatzea eskatzen diegu momentu garrantzitsu honetan. Herri honek denon beharra duelako eta azken finean denok garelako herri honen partaide.

Horrela, agiri honen bidez ozenki oihukatu nahi dugu: Iñaki de Juana etxera! Eskatzen, baita ere, Ibarretxeren kasua bertan behera utzi dezatela epaileek. Badakigu, bai, bi kasuak eta beste hainbat kasu (Jarrai-Haika-Segi, 18/98+ makro-epaiketa eta abar) Moncloako leihoan finkatuta dagoela. Oposizioko frankista berriek ezin dute botoez gobernatu eta epaileak erabiltzen dituzte P$OE bere esanetara eta aginduetara bideratzeko. Horrek islatzen du P$OEren ahulezia eta txirotasuna.

Aznarren perbertsio zitala agerikoa da. IRA benetakoak, 1998ko abuztuaren 15ean, Omaghen lehergailua bat eztandarazi ondoren, 29 pertsonen bizia moztu zuen, euren artean bi mutiko espainiar, Ipar Irlandako bake prozesuaren erdian. Hiru egun geroago Aznarrek, larrialdi zerbitzu britainiarrei eskerrak emanez, Tony Blair animatu zuen bake prozesuarekin jarrai zezan, bide bakarra baitzen. Kalean uso etxean otso, esango genuke. Orduan esan zuen Tony Blairrek: “Justu orain ezin dugu prozesua bertan behera utzi”. Memorian eta hemeroteketan begiratzea besterik ez dago (Reuters agentzia, el Mundo, eta abar).

Gaur gure atxikimendua adierazi nahi diogu Milakabilaka mugimenduak otsailak 3an Bilbon deitutako manifestazioari, jakinez hasiera besterik ez dela eta aurrerantzean lan asko dagoela egiteko.

Unea da herria iritzietatik eta hitzetatik ekintzetara igarotzeko. Tantaz tanta olatu geldiezinezkoa bihurtu behar dugu herri hau. Denon lana da. Denon ordua. Denon eskubideak daude jokoan. Denok daukagu irabazteko. Ez dugu ezer galtzekorik.

Arratsaldeko bostetan Bilbon izango gara, martxan jarriko gara, adostasun txikietatik handietara goaz “prozesua” zizelkatzen. Oraindik ikusi ezinezkoa den irudia, herri garunean dago finkatuta. Hegaldi aske baten lehen urratsak ematera goaz. Bagoaz…

Elkarrizketa. Errespetua Euskal Herriari. Bakea Otsailaren 3an denok Bilbora

Etiquetas: