Silveira, hurrengoan behar bada


Herenegun “Erdal herrian euskaraz” Silveiraren artikulua irakurtzeari ekin nion. Ez gogotsu, ondo baitakit zelangoak botatzen dituen gure bertsolari nafarrak. Lehenengo lerrotik harritu ninduen, ordea. Gaia, ona: gure gazteek ez dute euskararik erabiltzen hirietan, eta herri txiki askotako gazteei kosta egiten zaie gaztelaniaz patxadaz jardutea.

Dena ere artikulu-azalpen normal eta txukun batetan; hainbestean ezen, ona zelakotz, atzo Berrian ere jaso ziotela idatzia. Dena hain ondo zihoan, hain bat nentorren berarekin, baita “zergatik ez du EAJk plan eraginkor bat sortzen?” galdetzen zuenean ere, onartuko ere egingo niokeela bere buruari ematen zion erantzunaren lehen zatia:
"Ez zaiolako interesatzen". Bai, onartzen dut, alderdikide modura, erantzun horrek zati handia duela egitik. Ez osoa, baina. Luze jardun gaitezke euskararen erabileraz kalean, ikastolan, bikoteetan eta etxeetan. Azterketa orokorra egingo bagenu, Silveira, gerta liteke emaitzak txundituta geratzea, ohartuko baizinake hutsuneak berdin antzean daudela banatuta zuk neurri gabean goreste duzun ENAMen eta jeltzaleeen munduan. Halaz guztiz, ez dut eragozpenik onartzeko jeltzaleen epelkeria eta jarrera kontraesankorra euskararekiko larria dela. Ondo ezagutzen dut, zuk baino askoz hobeto, EAJren mundua, eta aitortzen dut diskurtso itzela duela eta praktika eskasa. Ezin uka gure alderdikideak bihotzez euskaldunak direla larrean eta hitzez erldaldunak gehienetan. Zuek bezala, Silveira. Edo akaso esan nahi didazu zuek euskararekiko atxikimendu azkengabea erakusten duzela Donostin, Bilbon, Iruñan, Gasteizen edo Baionan, alegia, ziudadanun gotorlekuetan?

Artikuluaren amaiera, Silveira, No jodas! Ezin zenion, hurrean, zentzunari eutsi, Silveria, ze justu akabaeran, goraka-gurearen gogo larriarekin-edo, derrigor bota behar izan duzu: "EAJ española delako". Hain zindoazen serio argumentazio guztian, sinetsita ere banegoela azken garai honetan zerbaitek edo norbaitek ustekabean eragin dizula. Ba ez, oker nengoen. Zure betiko itsukeria, zure txiflo-mamuak, zure gorroto genetikoa agertu zaizu justu lanaren epilogoan.

Zuk bazenekien zure hooligan betikoek ez zizutela parkatuko horren artikulu heldua, odolik gabea. Horregatik amaitu duzu horrela: EAJ española delako. Ñ eta guztiz. Zaletu erdi-ero guztiak dituzu txaloka, tragoak hartzera gonbidatuko zaituzte berriro ere, gauez atera eta SEGIren kartelak jarriko dituzue, dianaren erdian "Traidoreak" idatzita eta alboetan betikoen aurpegiak agertzen dituztenak, euren artean gure alderdi-buru Josu Jon Imazena. Ez da harritzekoa, gero, zu bezalako maisuak dituzten umemokoak hildakoen hilobiak desegitera joatea Polloen. Agian euskararik irakasten ez duten eskoletan zu hartu beharko zintuzkete doktrina apur bat emateko. Orduan bai, orduan eraikiko genuke herri, Euskal Herri Handi eta Garaiezina. Lelo, lelo halako hori!

Etiquetas:

2 Comentarios:

Blogger Unai dijo...

Gorospe, hilobiak desegiten dituzten umemokoei buruz... itxaron dezagun. Muntai poliziala izateko traza asko ditu gai horrek.

Gainontzekoan ados zurekin.

04 febrero, 2007 12:08  
Blogger Izaro dijo...

Ados Biturie. Silveirak, Suarezek eta ENAMeko beste askok euskaltzaletasun eta elkarizketazaletasun lezioak ematen dizkigute besteoi euren jarduna oso bestelakoa izan arren. Kopeta faltan ez daude. Eta luze hitz egin dezakegu horretaz, gertutik ezagutzen baitugu batzuena.
Tristeena da, ustez euskararen egoerak kezkatzen dituelako aitzakiaz, EAJri egurra ematea dela helburu bakarra.
Nazka-nazka eginda gaude batzuk, kultur ikono puztu hauen jarreraz, eta erakunde ustez puru batzuen jardunaz ere.
Gauzak diren bezala, EAJren hizkuntz politika negar egiteko modukoa da, baina beste horiek proposatzen dutena, burutu ezina eta ameskeria eta gezurretan oinarritua.
Eta ustezko muntai polizialez hitz egingo dugu hurrengo batean, baina sarrerako modura: heri salbatzaile batzuek praktiketan jarritako kumeak bidaltzen dituzte era guztietako astakeria "iraultzaileak" burutzera. Batzuetan, astakeriak izateaz gain, esplikaezinak eta lotsaemangarriak dira guztiz, eta orduan, kumeon tutoreetako batzuek hitz egin ohi dute muntaiaz, manipulazioaz, eta kume euskaldun ororenganako jazarpenaz. Gezurra esaten ohitu dira alerik gorritu gabe. Ikusi ditugu; ez digute kontatu.
Horrek ez du esan nahi muntaia polizialik izan ez denik. Badaude, baina erne ibili salbatzaileekin, gezurra erabiltzea ere iraultzailetzat jotzen dute eta.

04 febrero, 2007 13:46  

Publicar un comentario

<< Home