Ezkerreko abertzaleon elkarlana (II)


Artikulua, berez, existitzen ez den espazio politikoaren bila dabilenak erabiltzen dituen topikoz josita dago. ezkerra/eskuina, autonomista/independentista, sozialdemokrata ona/sozialdemokrata txarra, neoliberalak/sistema liberal zapaltzailearen aurkakoak. Normala deritzot era horretako argudioetara jotzea, norbere burua ontzat hartuz eta albokoarena txartxat. Politika da. Aspaldikoa da jokatzeko modu hori. Ezin ulertuzkoa da, ordea, hain badago argi zer den bertutea eta zer makurkeria, nola litekeen 913.000 bozka izatea PP-UPN, PSOE eta PNVk, aipatu lanean alde negatiboan agertzen diren alderdiak.

Gogoan dut, oraindik, zelan Jose María Aznar Espainiako presidente ohiak gutxietsi zituen, artean presidentea zela, EAEko herritarrak 2001eko hauteskunde autonomikoetan euren botoa, gehiengo ia osoz, Jaun Jose Ibarretxeri eman ziotelako egoera politiko oso bortitz batean. Hark, Aznarrek, adin-gabekotzat hartu gintuen EAEko herritar gehienok, heldutasun gabekoak eta, urrats bat gehiago emanda (ez litzateke lehena) botoa emateko gaitasun gabekotzat ia ia. Kontsiderazio horixe –adingabekoena- zeukaten Ameriketako indigenek europear zibilizatu eta katolikoentzat.

Nik azken hauteskundeetan EAJri eman diot botoa, eta badakit zer egin dudan. PSOEri, UPNri eta PPri eman diotenek ere badakiten bezalaxe. Ezker abertzale anitz horretako botoak bezain konszienteak eta kontsekuentak dira. Boto hausnartuak dira (edo ez) guztiak, neurri berean. Aitortzen dut etxean ere gustura geldituko nintzela ikusi izan ditudan zenbait jarreren aurrean. Hala da. Horretarako arrazoi bakar batek ere ez zuen zerikusirik autonomismoarekin, neoliberalismoarekin edo eskuinarekin. Etxean gelditu edo beste batzuei botoa emateko arrazoiak bestelakoak izan dira, nigan eta herritar gehiengan sendo eragiten dutenak: zintzotasuna boterean; jarrera pertsonal duina; euskararen erabilpena; izaera abertzale praktikoa, eta ez hitzezkoa bakarrik. Nork bete ditu azkeneko hauek?

Hara, zuek (artikulu izenpetzaileok) erakarri nahi dituzuen alderdi batzuk (EA, EB) EAEko boterean daude EAJrekin. Akaso zuek erabilitako kalifikatibo birtuosoak aplika dakizkioke EA eta EBren gestioari eta kalifikatibo makurrak EAJren gestioari? Non eta zertan? Badakizue ondo baino hobeto ezetz, kontuak ez direla horrela.

Ikuspegi sozialetik abiatuta, diskurtsotik eguneroko praktirako jauzia ikaragarria da, egin ezinekoa. Espainiar sozialdemokrazia eskuinekotzat jotzea eta hemengo hipotetikoa ezkertiatzat jotzea ez da zentzuzkoa. Europako sozialdemokraziaren ildoak antzekoak dira alde guztietan. Ez da zentzuzkoa, bestalde, EAJ euskal autonomismo eskuindarraren jomugan kokatzea, eta EA ezker independentismo zintzoan.

Ba al dago alderik kontzeptu nazionalekiko? Sobera frogatuta dago Estatuko indarrek azken hogeita hamar urteotan sentitu duten garairik larriena Lizarra-Garaziz geroztikoa izan dela. Zer jazo zen orduan? EAJk parte hartu zuela Estatuarekiko konfrontazio demokratikoa ekarriko zuen dinamikan. Lizarran EB, HB, Aralar eta EA bakarrik egon izan balira ez zatekeen ezer gertatuko, eta Estatuak ez zukeen alarmarik piztuko. PNVren presentzia da egoera larriaren adierazgarri, gero Ibarretxeren Planarekin gertatu zen moduan. Eta orain gertatu daitekeen moduan EBB berriaren hautaketarekin eta Estatutu Politiko Berria berriro abian jartzearekin.

Etiquetas: