Nik ere maite zaituztet horrela


Maite zaituztet”. Zein laburra, zein gutxitan entzun eta zenbat behar dugun esalditxo hori. “Maite zaituztet”. Xalbador urepeldarrak 1967ko bertso txapelketan ordura arte paregabekoa zen Uztapide gailendu zuen. Finala biek jokatu behar zutela adierazi zuenean epaimahaiak, jendeak haserrea agertu zuen. Entzuleen txistu-hotsaren aurrean, Xalbador zutitu eta: "zuek ezpazarete kotentu errua ez daukat, ez, nik, txistuak jo dutuzute bainan maite zaitute orainik!" Jendea ohiuka, luzaroko txalo-zaparradan. Txistuen atzean bertsoen kalitatea baino zerbait sakonagoa: ez zuten ulertzen baxenafar frantsesak hain ederki erabiltzen zuen euskara; ez zuten ulertzen Pirinioaz bestaldeko urepeldar batek menperatu zezakeenik gipuztar txapeldun betidanikoa. Artean 1967a zen. Josu Jon Imazek, nunbait, Xalbador izan zuen gogoan bere ekitaldia amaitzeko Zarautzen.

Txistuen beldur-edo, jendeak ernegua agertuko zuelakoan-edo, Xalbadorren bertsoaren amaiera otu zitzaion Imazi: “txistuak jo dizkidazue baina, maite zaituzte oraindik.” Jendeak eskertu zion, onartu zion maitasun agerpena: “Maite zaituztet”. Hara bildu ziren kamerek eta kazetariek ez zuten horretan erreparatu. Bost ardura horrek, ulertzen ez zuten aitormen horrek. Liskarra nahi eta behar zuten. Odolaren esperoan zeuden, biharamuneko titular erraldoiaren bila. Ezin aitu hangoa. Dena euskaraz eta, gainera, “maite zaituztet”. Zer da hau?

Han zen Imanol Murua Uria ere. Kazetari guztietatik euskaraz zekien bakarrenetarikoa. Berari galdetzen omen zioten ia zertaz jardu zuten Imazek eta Egibarrek, ia batak transbertsalitatea defendatu eta besteak soberanismoaren aldeko apostua berretsi zuen. Hori nahi eta behar zuten. Ez besterik. Harrituxe. Ukalbilkada dialektikoa behar zuena maitasun hitzez amaitu zen. Hala ere, hurrengo egunak borroka adierazten zuen. “El Correo”k lehen orrialde osoa bete zuen hango sesio ideologikoarekin. Batik bat EBBko buruaren hitzak jaso zituzten, Egibarrenak ezkutatuz. Han ez zen sesiorik izan. Bakoitzak bereari eutsi zion lasai asko, modu abegitsuan, alderdi bereko kideei dagokienez.

Nik ere maite zaituztek Josu Jon eta Joseba. Egun horretakoagatik behintzat. Batik bat, eta funtsean, euskarari tokia egin zeniotelako, eztenakada bila agertu zenari lagun-giroa eskeini zenielako. Maite zaituztet, berriro diñot, Vocentoren eta Prisaren egunkarietako titularrak gaztelaniatik euskarara itzulitakoak izan zirelako. Euskara seme-alabekiko harremanetarako, euskara lagun-arterako, euskara EBBko batzarretarako, euskara adierazpen publiko sakonetarako, ... “Maite zaituztet” esateko ere bai. Bazenekite zein garrantzizkoa den guretzat, euskaldunontzat! Ez dizuet besterik eskatzen, gauza bat baino: hurrengo artikulua edo hurrengo agerraldia izan dadila euskaraz egina. Areago: hor idatziak edo esanak sakonak eta eragingarriak izan daitezela. Itzul bitzate gaztelaniara eta frantsera. Ikus bezate euskaldunak garela; euskarak balio duela maitasuna agertzeko, zientziaz jarduteko, kirol saioetarako eta politika egiteko.

Tonto usaina ere badirit, dagoeneko; hala ere: nik ere maite zaituztet horrela.

Etiquetas:

1 Comentarios:

Blogger Osaba dijo...

Ederki. Maite gaitu, baina ez zaizkit gustatu Josu Jonek lau urte hauetan kantatu dituen bertsoak.

09 septiembre, 2007 10:06  

Publicar un comentario

<< Home