ENAMekoei


Berriro ere une latzak bizi dituzue. Otegi kartzelan, Álvarez eta Agirre ere berdin. Eta gainerako 23etatik baliteke gehienak ziegan sartzea, irteteko egun zehatzik gabe. Ez dakit azkeneko atxilotuok zenbatgarrengoak izango diren ENAMeko (ez dira ETAkoak) presoen zerrendan, ez eta lustre gehiago galoiak izango dituzten ere gainerako presoen artean. Ezetzean nago. Hor da Otegi, duela gutxira arte ENAMeko factotumetariko bat; gaur egun ehundaka prisioneroen artean bat gehiago.

Egoera lehengoan jauk” esan zidan duela hiru aste uda partean askatu zuten aspaldiko lagun zahar batek, 18 urte ilunetan igaro eta gero. Biok ere burusoil, biok ilezuri. Diferentzia nabarmena: nik egunero zapaldu dut kalea; nire familia, lagun eta ingurarekin egoteko aukera izan dut. Berak ez. Zinegotzi sozialista bat hiltzeagatik espetxeratu zuten. Ha zelako balentria! Zertarako balio izan dio? Zein izan da bere ekarpena Euskal Herriarentzat?

Barrenak esan du, azken atxilokeen aurrean, euskal gizarte osoak erakutsi behar duela bere haserrea Espainiako indar guzti-ahaldunen eta zapaltzaileen aurka; izan ere, ezker abertzalea zigortu nahi omen dute normalizazio eta bake prozesuetako elkarrizketetan koherenteak izan direlako. Zapateroren mendekua omen. Sinesgarria litzateke, ez balitz era honetako ekintzak agian ez dutela ENAM helburu, beste batzuk baizik. Gerta liteke helburua Ibarretxe izatea, helburua Ibarretxek sortutako iskanbila estaltzea izatea, xedea izatea jeltzaleak ikaratzea, asko baitira diotenak Espainiako botereek ez diotela ezelango beldurrik ETA edo Batasunari, eta bai bide soberanista har dezakeen EAJri.

Badakit hori entzutea ez duzuela gustoko. Betitik traidoretzat jo duzuen Alderdia Estatuare dianan! Gustatu edo ez, hala iruditzen zait. Lagun kartzelatik irten berriak aitortu zidan duela 20 urteko giroaren aldean orain kemen eta sugar gutxi somatzen zuela bere inguruan, bere betiko munduan. Gazteak ez omen dira lehen bezalakoak. Orduan iraultzaile sutsuak zirenak orain funtzionario eroso bihurtuta ikusi dituela. Halaxe da, izan ere. Urteen joanean egoerak ere eraldatuz doaz. Batzuen on eta mesederako. Beste batzuen txar eta kalterako. Mutatis mutandis. Nire lagunak, askatu ondorengo lehen eguneko txalo eta ohiuez ahaztuta, lekuz kanpo ikusten du bere burua, humusik gabe.

Barrenak herritarrei egindako deiak ez du erantzun handirik jaso oraingoz, banketxeei jaurtitako harrikada batzuetatik aparte. Ezta jasoko ere. Geroz gutxiago. Hirurehun bat bildu ziren aurrekoan Lizartzan, Otaola alkate espainiarraren kontra protesta egiteko. Eta hola behin eta berriro. Egoerak bestera egin du. Herriak, herriaren gehiengoak beste irudi batzuk ere baditu, protesta eta zalapartarako motibo gehiago ematen diotenak: Durangon, koartelaren aurrean zartarazitako kotxea; Zaruzko Ertzainetxean jarritako leherkaria; Espainiak lehendakariaren proposamenaren aurrean hartutako jarrera, eta antzeko irudi asko. Barrenak horrelakoetan ere dei egin beharko lieke herritarrei, euren ernegua ager dezaten ekintza basati eta gizatasunik gabekoen aurka. Solidaritatea agertu beharko luke. Ez du egiten. Zer dela-ta uste du orain herritarrek jaramon egingo diotela?

Geroz indar gutxiago, geroz ahalgeago. Denetan okerrena: Batasunan bide politiko eta sozial normalak erabiliz dihardutenek beraien jarrerari etekina ateratzen diote. Horren lekuko Gipuzkoako erakundeetan gertatzen ari dena. Honez gero argi izango du ENAMek boterea eskuratzeak ondorio eragingarriagoak dituela, sistemaren kontra behin eta berriro aritzeak baino. AHT ez da geldiaraziko herrietan erreferemdumak eginaz; bai ordea EAEko erakundeak eskuratuz.

Maila berean azter dezakegu gatazka politikoa ere. Duela gutxira arte borroka armatua izan du eraldaketa sozio-politikoa erakartzeko ahalmena zuen ia bakarra jendartearen pertzepzioan. Dagoeneko ez. Karga astuna da ENAMentzat berarentzat. Milaka militanteren auto-inmolazioa exijitzen duen karga. Konturatu beharko lirateke ez dagoela hainbeste giza-baliabide, euskal herritar alferrik xahutzerik. Horiek guztiak, kartzelan daudenak eta egon direnak beste bide batean jarri behar dira lanean. Zein ekarpen egin diote herri honi ilunetan emandako urte guzti horietan? Bada zer hausnarturik.

Etiquetas:

1 Comentarios:

Blogger irarreta dijo...

Zuen Sabino kartzelan egon zen. Ajuriagerra bera ere. Gaur egun zuetako inor ez dago kartzelan. Gaur egun zuetako asko, espainiak emandakotik bizitzen ari zarete. Ongi bizi ere. Zuetako asko ez dago prest daukana galdu edo gutxiagotzeko proiektu erkide bat garatzeko. Zuetako askok ezker abertzalea du etsai nagusitzat ( edo hori esaten du) gutako askok euskal eskuina duen bezala. Zuek ez al duzue hausnarketarik egin behar?. Ezkerrak hankasartze asko egingo ditu, batzuk grabeak, baina ezker abertzaleak ez du diru truke lan egiten, ikuspuntu ( agian oker) baten alde baizik. Zuek ezin dezakezue gauza bera esan. Diruak agintzen du zuengan, edo zuetako askorengan. Nola puskatu daiteke hori?

08 octubre, 2007 09:18  

Publicar un comentario

<< Home