Sabino Arana


Andoni Mujikak Argian idatzia.

Liderrek prozesuetan daukaten inportantzia leuntzeko joera daukagu, nire inguruan behintzat, hala da. Horien nahitaezko beharra ikusten ez dugulako baino –hain zintzoa ez den– umiltasun edo taldearekiko sasi-leialtasun baten ondorioa delakoan nago. Taldeek liderrak behar dituzte eta alderantziz. Pista honi jarraituta, oraintsu, nire buruari galdetzen nion, Euskal Herriak, bere osotasun banaezinean, izan ote duen tamaina horretako aitzindaririk. Golpean etortzen zitzaidan erantzun tematia behin eta berriz: Sabino Arana.

Eta maila bat gehiago igoko dut, bera izan da zazpiak batek aro modernoan izan duen liderrik esanguratsuena. Egun, hainbat herri indigenei falta zaien auto-konfiantza transmititzen jakin zuen eta konplexu bihur zitekeena, auto-gorrotoraino, harrotasun bihurtzen jakin zuen. Eta lider handiek egiten dutena ere egin zuen, hau da, formulatu eta gero, “Euskaldunon aberria Euzkadi da”, herri-gogoak katalizatu eta iparra marraztu. Ontzi xumeegia izateko arrisku bizian zegoena –modernitatearen uretan nabigatu behar zuen Euskal Herria– espainolen parean, parean ez, gorago jartzen jakin zuen. Hoberik irten arte, bera da euskaldunon norabiderik argiena.