Ñoñostiara joan-etorria
Medikuarekin nuen zita Donostian. Autobusa aukeratu nuen joan-etorrirako. Kotxez joatea baino garestiagoa atera zitzaidan (14 €); gero garraio publikoa erabili behar dela esan diezaguten. Ez dago lotsarik!!! Amaran jaitsi eta Urumea ertzetik joan nintzen oinez Egia auzoraino, eta handik Quiron klinikara. Hangoak amaitu eta denbora nuenez ibilbide turistiko tipikoa egin nuen. Kursaleraino aurrenekoz, handik La Conchara. Itzulera, herriaren (hiria ote?) erditik, Amarako geltokiraino. Dena garbia, dena polita, dena postala: Ñoñostia. Ñoñostia txukuna, Ñoñostia ederra; Donostia zerrikeriarik gabea. Kaletik, ibilian, bertakoa baino ez nekusan, autoktono gehienbat edadetua, urteetan joana. Nahastuta, euren artean galdu modura, atzerritar turistak, mapa eskuetan dutela albo guztietara so. Noiz edo noiz azken generazioko emakume etorkin hegoamerikar beltzaranak, bertoko agure eta atso ezinduen gurpil-gurdietatik aurrera tiraka. Etorkin beltzaranak ezinduak jagoten; etorkin magrebiarra kafea zerbitzatzen; etorkin eki-europearrak Urumearen ezker aldeko bide-gorriaren zoru berria jartzen. Denak ere ñoñostiarrentzat lanean, Donostiaren itxura gardenari eusteko zereginetan. Eta horien umeak, non ikasten dute horien seme-alabek? Erantzuna egun berean izan nuen, autobus-geltokirako itzuleran. Gernikako Arbola paseo-bidearen alboan. Lasai, bazterrak begiratuz nihoan, harik eta eraikin neoklasiko hesituarekin topo egin nuen arte. Hesi garaia, burnizkoa. Barruan haur pila jolasean, errekreo orduan dibertitzen. Denak ziren atzerritar etorri berrien seme-alabak. Gelditu egin nintzen, jakin minez. Ez nuen inskripziorik ikusten ibaiaren aldetik. Ikastetxeari buelta eman nion, kaleraino. Han zegoen izena: San Jose Ikastetxea. Pentsatu ere egin nuen ia donostiarrek ez dituzten euren umeak nahastu nahi, kanpotik etorritako beste batzuekin batera integratu gura. Gure artean kanpotik ekarritako txinatar, ukraniar, boliviar eta errusiar pila ditugu, San Jose ikastetxeko haurren itxura berekoak. Ez, ez dira berdinak. San Jose ikastetxekoak kanpoztarren seme-alabak dira; besteak, gureak. Hara hor koska. Hara hor biharko eta etziko Donostia beste ikuspegi batetik eraikiko dutenak. Aurrekoan entzun nion Hezkuntza Saileko arduradun bati atzerritar haurrak geroz baztertuago daudela, bertoko inortxok ez baititu bota nahi bere umeak haiekin batera ikastera. Ze pena, geroa elkarrekin egin beharko baitute. Etiquetas: Varios |

<< Home