Leialtasuna
|
“Alderdikide batzuk ez dute leialtasunik erakutsi duela lau urte erabakitakoarekin”. Herenegun entzun nion I. Urkulluri. Ez da zabaldu adierazpen hori, seguruenik euskaraz egin zuelako. Atzo, ostera, Iñigok berak Euskadi Irratian euskaraz egindako deklarazioek lau haizetara barreiatu dira, batik bat aditzera eman duenean balitekeela oraingoan Imazen eta Egibaren arteko lehiarik ez egotea. Ezer baino lehen eskerrak eman nahi dizkiot Urkulluri horren adierazpen politiko garrantzitsuak euskaraz egin izanagatik. Jakingo balute politikoek zein esanguratsuak diren horrelako jarrerak euskararentzat!! Bigarrenik, neure iritzia agertu gura dut esandakoaren aurrean. Igaro diren hiru urte eta erdi hauetan leialtasunean hutsik egin bada bi mailatan egin ahal izan da: ideien aldetik (ponentzia) eta hautatutako karguen aldetik (EBBko burua eta gainerako kideak). Bai Ponentzia politikoa bai EBBko kideak Alderdiak aukeratzen ditu Batzar Nagusiaren bidez. Biak ala biak ziren nahitaez konplitu eta errespetatu beharrekoak alderdikidet guztientzat; eta behar zuten, eta dute, hauengandikako errespetu osoa. Zer gertatu da? Nik ez nuke leialtasun berba erabiliko. Astunegia da; kutsu moral gehiegizkoa. Funtsean, jarrera bik piztu dute polemika oraindik indarrean dagoen EBBren aginte-aldian: 1.- Ponentzia politikoan argi nabarmendu zen, estrategia modura, aurrerantzean (Imazen agintaldian) abertzaleen arteko indar-pilaketara jo behar genuela. Ponentzia hori onartu ondoren Imazen eta Egibarren lehia izan genuen EBBrako. Imaz atera zen garaile eta muzin egin zion Ponentziak agindutako betebehar hori bere horretan betetzeari. Ez dago esaterik ikuspegi taktikotik aldendu zela. Batzar Nagusiaren agindu hark (abertzaleen arteko indar pilaketa) nekez izan zezakeen gero izan duen garapen taktikoa (abertzale eta konstituzionalisten arteko transbertsalitatea). Leialtasun faltatzat jo behar dugu jarrera hori? 2.- Ponentzia politikoaz Imazek egindako interpretazio taktikoarekin ez gara bat etorri alderdikide asko. Iruditu zaigu garapen taktiko hori ez zitzaiola egokitzen Ponentziaren mamiari. Horregatik agertu gara kritiko. Arrazoiak errespetuz azalduz, nik uste. Norbaitek galdetuko balu ia zertan ez zaion egokitu Imaz Ponentziari, nik erantzungo nioke adieraziz, ezer baino lehen, Josu Jonen hitzaldi denak irakurri ditudala pare bat bider; hasi bere karguaz jabetu zenean egin zuenetik, eta arestian (apirilaren 25ean) Bartzelonan egin duenara arteko guztiak. Imazen hitzaldiak ideologikoak izan dira. Berak oso garbi dauka zer nahi duen, eta bere pentsamoldearen egitura nagusia beti errepikatzen du. Ez dugu orain hori aztertuko. Aurrerago behar bada. Berak jorratu ildoetan bat, behintzat, ez dago Ponentziaren harian: alderdien arteko aliantzena. Egia da, eta hala esan behar da, 2005eko urrian EBBk hitzartutako dokumentuak —“Elkarbizitzarako Bake-bideak"— gainditu egiten duela obligazio ponentzial hori. Ez da berdin, ordea; izan ere, bata (Ponentzia) Batzar Nagusiaren agindua da; eta bestea, EBBren erabaki hitzartua. Areago, Imazek ez du beretzat aitortu, hala baitagokio, Ponentzia politikoaren interpretazio taktikoa, baizik eta urriko dokumentuarena. Eta horrek ezin du, nire uste apalez, horrela izan, "Elkarbizitzarako Bake-bideak" nahiko mehartuta baitago Ponentziarekiko, eta horren gain interpretazio taktikoa egitea Ponentzia zeharo fameliko bihurtzea delako. Jarrera horri kritikaren bidez aurre egin diogulako esan al daiteke, Iñigo, ez garela leialak izan? Etiquetas: EAJ-PNV |
5 Comentarios:
Zorionak azalpenagatik: labur laburrean, haserrerik gabe, agertu duzu zer leporatzen diozuten Josu Joni.
Kontraesan nagusia, halare, hasiera-hasieratik datorrela esango nuke. Josu Jonen pentsaera denok ezagutzen genuen, bainan Batzar Nagusiak aukeratu zituen biak, bai ponentzia politikoa, bainan baita ere hori garatzeko egokiena ez litzakeena EBBko burutzat, oreka bat bilatu nahiean edo.
Kaixo, gauza bi:
Lehenik neure tristura eta inpotentzia azaldu nahi nuke ETA-k suetena apurtu duelako eta berriro sufritzea tokatuko zaigulako. Bigarrenik honako galdera hau Gorospe Jaunarentzako eta nere informaziorako soilik. Egia al da J.J-ren emazteak ez dakiela euskeraz egiten? ala "gezurtegietan" dabilen informazio intoxikatzaile bat al da?
Kaixo, gauza bi:
Lehenik neure tristura eta inpotentzia azaldu nahi nuke ETA-k suetena apurtu duelako eta berriro sufritzea tokatuko zaigulako. Bigarrenik honako galdera hau Gorospe Jaunarentzako eta nere informaziorako soilik. Egia al da J.J-ren emazteak ez dakiela euskeraz egiten? ala "gezurtegietan" dabilen informazio intoxikatzaile bat al da?
ah! eta beste bat, JJ-k ezker abertzalea gorrotatzen du, edo batez ere hori erakusten saiatzen da. Gorroto diskurtso bat elikatzen saiatu da, eta Euskaldunen arteko batasunik ez duela bultzatu iruditu zait. Barakaldoko mitinaren zati bat ikusteko aukera izan nuen ( EAJren web orrian) eta diskurtso abertzalea eta Sabin-en goraipamenak euskara erabiltzen zuenenan soilik egin zituen. Benetan diot, ez dut uste abertzalea denik, boterezalea baizik. Agian konfunditu naiz.
Egun on, Imanol.
Egun tristea gaurkoa. Bai horixe. Zure galderei erantzunez.
Ez dut JJ Imaz ezagutzen; ez dut inoiz berbarik egin berarekin. Are gutxiago bere emaztearekin. Ez dakit eusladuna den edo ez. Eskuko atzamarrekin ez nuke egingo bikote erdaldunak duten politikoak zenbatu behar banitu. Niretzat nahitaezkoa da familian euskal giroa izatea. Ez dut uste arau hori nahitaezkoa denik alderdi abertzaleetan denetan.
Bestalde, ez nator bat diñozunean Imazek gai abertzaleak eta Sabino Aranari buruzkoak euskaraz erabiltzeak bere abertsaletasuna biguntzen duela. Euskaltzaletasuna dago nire ideologia politiko-kulturalaren oinarrian. Ikuspegi horretatik, Urkullu txalotu dudan moduan euskara erabiltzearren deklarazio politiko garrantzitsua egin izanagatik, neurri berean txalotu beharko genuke Imaz euskaraz jorratzeagatik bere diskurtso abertzalea. Abertzale baten goi-ikurra bere hizkuntza da, eta euskara erabiltzea beti baloratu behar da positiboan.
Ni ez nator bat Imazek darabilen diskurtsoarekin; eta ez dut informaziorik bere jarrera eta egintza politikoak, Madrilekin eskuartean darabiltzanak, zuzenak diren edo ez jakiteko. Zuk eta nik ez dakigun datu asko aztertuko dituzte, egoera zuzen interpretatzeko beharrezkoak liratekeenak.
Politiko jeltzaleen artean Egibar eta Imaz dira (azken garai honetan Urkullu ere bai) euskara gehien erabiltzen dutenak. Euskara ona, gainera. Nik hori, nor den aintzat hartu gabe, beti eskertuko diet.
Niretzat Imaz abertzalea da, Ibarretxe, Egibar, Otegi, Galdos eta Zabaleta diren era berean. Estrategietan bereizten dira, eta unean uneko garapen taktikoan. Ez da txantxetako kontua estrategia eta taktikarena.
Publicar un comentario
<< Home