Pagazaren ama Pilarri


Semea galdu duen amari idatzi nahi diot, Pagazaren ama Pilarri. Jabetzen naiz, ordea, hitzak ere esanguratsuak direla, ez baita berdin semea galdu, kendu edo erail erabiltzea. Betirako joandako umeak amarengan uzten duen hutsunea ez dago betetzerik; are gutxiago tiro batez kendu badiote bizia.

Zure lekuan banengo zaila egingo litzaidake barkatzea. Seguruenik ez nuke barkatuko,ezingo nuke. Jainkoak, oraingoz behintzat, libre utzi nau zuk bizi duzun supliziotik. Kalera atera eta zure semearen heriotza txalotzen dutenen aurretik txitik esan gabe pasatu beharra, ia burua makurtuta, krudelak behar du izan ezin gehiagoan.

Jarraitu...

Ama zaren aldetik zurekin naukazu, zure minean, zure samin suminduan, zure eguneroko negarrean. Baina aurrera egin behar dugu Pilar, oso baizaude ohituta zeregin horretan. Zeuk esana da gerra ondoren jazartu zintuztela, Francoren diktadura sofritu zenutela eta, azkenik, demokraziara heldutakoan, "eusko gudariak" semea erail dizutela. Kalbarioa bihurtu dizuten bizimodu hori ez ezazu desiatu beste inorentzat Pilar. Jarrera itsuekin amaitzen ez badugu, bihar ama Carmen edo aita Patxi egongo dira zure egoeran. Eta zuk ez duzu hori gura, seguru nago.

Gerran ehundaka mila heriotz eragin eta berrogei urteko diktadura ekarri zigutenei barkatzen jakin genuen. Hainbeste barkatu genien, ezen boterean jarraitu zutela. Haiekiko ez ginen horren irmoak izan, ia-ia belaunikatu ere egin ginen euren aurrean, bizitza normalean parte hartzen utz ziezaguten eskatuz. Ez da guztiz zuzena, Pilar, batzuenganako izan genuen errukia ez izatea besteenganako.

Urteen joanak ahaztuarazi ere egiten duela diote. Ez dizugu hori zuri eskatuko, ez. Pentsa ezazu, beste barik, zure seme-alaben alderdikideak borondate onez ari direla, beste alderdietako jendea ere asmo horrexekin ari den moduan. Ez ezazula pentsa, Pilar, gaur koipeztatzen zaituztenek bihar barkatuko zaituztenik iritziz edo jarreraz aldatzen baduzu. Haien helburuak eta zure mina ez dira habi berekoak.

Har ezazu nire besarkadarik zintzoena.