EAJren ajeak


EAJren barruan ere urak nahasiak omen dabiltza. Berri horrek normaletik gehiago du harrigarritik baino. Inguruan begiratzeak erraztuko digu hori ulertzea, libratzekotan alderdi bakarren bat baino ez baita libratzen elkarri mokoka ibiltzetik.

Inpresio orokorrez jarduteak, ordea, ez gaitu asetuko. Ez du balio “zu txarra zara” esateak, ez. Frogatu egin behar da datu edo ideia arrazoituekin. Kontu jakin batetan bat ez etortzeak ez du esan nahi bat ondo eta bestea txarto dabiltzanik. Bi iritzi ezeberdin dituzte, hori da dena. Eta horrela ere bizi daiteke elkarrekin, Jaun Goikoari esker.
Jarraitu

EAJren bost printzipio ideologiko nagusieatako bat, laugarrena, euskarari buruzkoa da, eta honela diño: “Euzko Alderdi Jeltzaleak euskara dauka euskal hizkuntza nazionaltzat, eta haren normalizaziorako behar den ardura nazionala aintzat hartzea eskatzen du.” Esaldi borobila da, potoloa eta esanguratsua. Noizkoa da printzipio hori? Batek daki! Aspaldikoa oso. Zertan egin dugu aurrera? eta zenbat? eta nortzuk? Galderak elkarren gainean pilatu daitezke, erantzun zehatzik gabe, edo, okerrago, ahalik ixilen albotik igaroz.

EAJk kale egin dio euskarari, nik uste. Janzki ederrez apaindu du: euskararen erabilera araukotzeko Legea, Administraziorako hainbat plangintza, ikastolak, (…..) Baina kale egin dio, alderdiak berak ez duelako nahiko egin, hogeita bost urte eta gero, egoera normalizatua izateko etxe barruan. Ez du balio norberarentzat nahi ez dena auzokari exigitxeak.

EAJk Administrazioan dituen kargu askok (gehienak ere esango nuke) erdaldunak dira edo, jakin arren, ezer gutxi egiten dute euren sail edo zerbitzuetan euskara garatzeko, e I. Zenarruzabeitia!, e Balza!, e Azkuna!, e Atutxa! Okerrena ez dakit hori den, izan ere, aurrera begira ere ez diot borondate argirik ikusten itxuraz aldatzeko.

Bada hor zehar Alderdiaren barruan euskararen erabilera normalizatzeko plan bat. Gaztelaniaz idatzi da, eta nolabaiteko itzulpena egin zaio euskarara. Normala al da hori hogeita bost urte eta gero? Normala da, bestalde, plan horren ikuspegia ia EAE bakarrik izatea?

Ez naiz gehiago luzatuko. Amaitzeko, hauxe baino ez: ez naiz ni esaten dudana, baina badirudi aldaketa sakonen atarian ere egon gaitezkeela, eta susmoa dut EAJk aje gehiegi dituela aldean garai berriei aurre baldintza onetan egin ahal izateko.