Euskararen erantzukizun konzentrikoak


Urteak, ardura eta denbora ere erruz eman dugunok gai honekin badugu azken garai honetan ezbai bat, agian kalapitatsuegia ere gerta daitekeena: erantzukizun bera al dute -euskararen erabilerak gaur egun duen ahulezian- euskaratik bizi denak eta euskara premia profesional barik dakienak? Edo areago: ardura bera dute euskararen gaia beti gaztelaniaz ahobetean erabiltzen duen politiko abertzaleak eta gaiak bost axola dion politiko espainolistak?
Jarraitu

Nire erantzuna, dagoeneko asmatu ere egingo zenutenez, ezezkoa da. Ezezko borobila. Nork ez ditu ezagutzen bat, bi eta batek daki zenbat euskararen profesional bere senar-emazte-lagun-anai-arreba euskaldunarekin gaztelaniaz egiten dutenak? Galdetzen diezunean ia nola litekeen hori, erantzuna infantila bezain onartezina da: badakizu, horrela ohitu ginen-eta; badakik, nire andrea ezagutu nianian, euskalduna huan arren, maitasun kontuetan hobeto konpontan gintuan gaztelaniaz.

Horrelako astakeri zenbaitek ez naute ernegarazi bakarrik egiten, idaztera ere behartzen naute jarrera salatzeko. Ez dut izenik hemen jarriko, nahiz eta gustora botako nituzkeen. Badut lagun bat euskararen arloan kargua izan, eta jarrerarik lotsagabeenean bere emazte euskaldunarekin gaztelania hutsa erabiltzen duena, goian aipatutako arrazoi horiek direla-eta. Baditut lagunak, nahiko hurbilekoak, euskaratik bizi eta elkarren artean gaztelania erabiltzen dutenak ohituraren kontu madarikatu hori dela-eta. Baditut lagunak, euskaratik bizi eta oso aspalditik ia-euskalduna den euren senar-emazteari inolako presiorik edo laguntzarik eskaintzen ez diena behin betikoz euskaraz egiten has daitezen.

Eta politiko euskaldun abertzaleez zer? Non gelditzen dira praktikan euskararen aldeko diskurtso liluragarri horiek? Zer egiten dute euskararen alde euren zerbitzu edo sailetan euskaraz jakin ere badakiten kargu politiko pila batek? Gure politiko abertzaleek euskararen gain duten axolagabekeriaz galderak botatzen hasiz gero, zerrenda amaigabea ere bihurtuko litzakete.

Eta urte mordoa lan-orduetan euskara ikasten eman, eta euskaldundu ostean gaztelania hutsean diharduten funtzionarioez zer? Ez al daukate urrats bat aurrera egiteko obligazioa, ez al daukate euskara ahal dutenean erabiltzeko obligazioa?

Guzti honek denon hausnarketa behar du. Denona eta lehenbailehenekoa. Baina idazpuruan esan dudan moduan, erantzukizunak ez dria berdinak bazter guztietan. Ez horixe. Baten batzuk kontzientzia eta motibazioa gainezka beharko genituzke eduki, halabeharrez, inolako aitzakiarik gabe. Eta batez ere aitzakiok horren puerilak direnean. Horregatik konzentrikoena, izan ere, hemen zerrendatutakoek nukleorik gogorrenean egon beharko lukete.

Berriro ere arrebak esango dit ixilik hobeto nagoela. Baina, atzo bertan mahaikide batek esandako moduan, geneetan daramat kontu hau. Ontzat hartu esandakoak. Eta, batik bat, bete.