Laranja krisiak jota dago


Euskaltel-Euskadi

Euskaltel ezinean dabil eta bere inguruko jazoerek ere antzeko zeozer ematen dute aditzera. Duela hiru urte jendearen lilura sortzen zuen egintzak zaletuen eta gainerako herritarren kopetak ilundu ditu azken bolada honetan.

Laranjaz jantzitako talde batek TVEko kamioi bati eraso egin zion larunbatean eta gertaera horrek zirrara sortu du Le Tour-eko karabanan. Ez da gutxiagorako. Mila eta hirurehun ibilgailu eta lau mila pertsona mugitzen dituen espektakulu bat ezin da egon alkoolez betetako burubako batzuen kapritxoen karira. Ezinezkoa da.
Jarraitu

Gara-k berak arbuiatu du egintza hori. Kondenatu ez, nola bada kondenatu!! Baina atzoko edizioan argi adierazi zuen era horretako jarrera ganorabakoek itxuraldatu egiten dutela Euskal Herriak (eurenak) une honetan munduan zehar duen agertokirik bikainena. Alegia: euskaldunok mozkorrak eta biolentoak garela. Hainbesterako, Jean Marie Leblanc Tour-eko agintari gorenak esan duela aurrera begira neurriak hartu beharra dagoela.

Zein neurri, baina? Bi eman ditu aditzera. Bata, karrera Piriniotatik ateratzea, hots, euskal esparrutik kanpo uztea. Bestea, astebarruan jartzea etapak, ez asteburu jendetsuetan. Gizagaixoa Leblanc, sinestuta egongo baita mozkorrok lan egiten dutela astebarruan!!

Garak eta ezker abertzaleak jakin beharko lukete munstruoak sortzen dituenak arriskua ere baduela: munstruo horrek irentsi egin zaitzakeela, inguruko guztiarekin batera. Zakurrak kalera xaxatuta botaz gero, zakurrok ez dute giza-legerik betetzen, eurenak sortzen dituzte.