Bai hipokritak garela!!


Ia-ia herri-diruetatik bizi den lagun baten senar funtzionarioak kontatzen zidan Diputazioko euren zuzendaria lotsagabea zela, eta ez zela ezertaz arduratzen. Albotik, bere emazte ia-ia funtzionarioak (funtzionarioen aldean asko irabazten du) baietz egiten zion buruarekin, “que era una vergüenza” hainbeste delinkuente mantentzea berak zerga guztiak etsi-etsian ordaindu behar dituenean, eta normala ere bazela herritarrak Administrazioari iruzurra egitearen aldekoak izatea, berak ere halaxe egiten duelako.
Osorik irakurri

Hori kontatzen zidan egun berean, baina, diputazioko funtzionarioa hamabietarako etxean zen andreari bazkari goxua prestatzen. Bere ordutegia, udan, ordubiak artekoa da; hortaz, zaila egin beharko litzaioke, halabeharrez, hirurak aurretik etxean egotea. Ez hori bakarrik. Esaten baitit, halaber, goizeko zortzietan ateratzen dela etxetik eta eguerdiko ordu bietarako bueltan etxean egon ohi dela beti. Hau da, joan-etorriko orduak lanaldiaren barruan sartzen ditu. Bai zortea berea.

Inor arauz kontra ari dela salatu eta norbera are okerragoa izatea hipokresia da, delinkuentziaren aldetik izan dezakeenaz gain. Ohituegi gaude dena kritikatzera, denaren kontra egitera, baina lehen abagunea probetxatzen dugu geuk ere bide bera hartzeko eta, ahal bada, kritikaren gai izan dena gainditzeko txarretik.

Politiko eta funtzionario lotsagabeak beti egon dira, daude eta egongo dira. Beti egon diren moduan funtzionarioak, eurak okerrenak izan eta bizitza albokoa larrutzen igarotzen dutenak.

Nire zerbitzuan badago andrazko bat, hirugarren haurra izatekotan zegoenean, entzun nahi zuena orori esatan ziona haurdun gelditu bezain laster baja hartuko zuela. Eta halaxe egin zuen. Geroago, etxeko garbi-ikuziko andrea gaixotu zitzaionean ere baja hartu zuen, etxea norbaitek atenditu behar zuela-eta. Eta orain bajan dago, lehenengo gripea zeukalako, gero “agotauta” zegoelako, eta orain (dena segidan) zuzendaria aldatu ez diotelako, ezin baitu jasan. Andra horixe da zerbitzu guztian gehien kritikatzen duena. Eta berak bakarrik egun gehiago eman ditu bajan gainerako guztiok batera baino.