Katolikoek bai, homosexualek ere bai


Honen ondoren doan testua aurkitu zuen lehengoan interneten lagun batek. Erdaraz agertu zen arren, euskaratzeko lana hartu zuen eta, kalitate onekoa denez, hemen irakur dezakezu. Errespetu osoz eta inor mindu nahi gabe, baina pentsarazteko eta aurreiritziak uxatzeko balio dezakeelakoan, horra hor:

KATOLIKOAK EZKONTZEA.
Katolikoei ezkontzeko eskubidea aitortzearen alde nago. Bidegabekeria iruditzen zait, eta hutsegitea, galarazten saiatzea.

Katoliko izatea ez da gaixotasun bat. Katolikoak, askok gustoko ez badituzte ere edota bitxi gertatzen bazaizkie ere, pertsona arruntak dira eta gainerako pertsonen eskubide berberak izan behar dituzte, hau da, informatikariak edo homosexualak balira bezala, esaterako.
Jarraitu

Jabetzen naiz katoliko diren pertsonen jokabide eta izaerako alderdi asko bitxiak gerta dakizkigukeela besteoi. Adibidez, sexuarekiko duten jarrera ez-normala. Badakit, are gehiago, osasun publikoko arrazioak ere argudiatu litezkela, preserbatiboaren aurkako jarrera arriskutsu eta deliberatua, esaterako. Badakit, halaber, beren ohitura asko, hala nola torturatutako pertsonen irudiak jendaurrean erakustekoa, deseroso gerta dakiokeela norbaiti.

Hori guzti hori, errealitatea baino gehiago irudi mediatikoa izateaz gain, ez da arrazoi nahikoa ezkontzeko eskubidea ukatzeko.

Baten batek argudiatu dezake katolikoen arteko ezkontza ez dela benetako ezkontza, beraientzako ezkontza errito bat eta beren Jainkoaren agindu erlijioso bat delako, bi pertsonen arteko elkartzea izan beharrean.

Baita, nola ezkontzaz kanpoko seme-alabak biziki gaitzesten dituen Elizak, pentsa liteke katolikoei ezkontzen uzteak areagotu egingo duela “itxurak egiteko” egiten diren ezkontzen kopurua edota sexu hutsa bilatzen dutenena (erlijio horrek debekatu egiten baitu ezkontzaz kanpoko sexua) eta, horrela, etxe barruko indarkeria eta familia desegituratuen multzoa gehitu. Baina gogoratu behar dugu hori ez dela gertatzen soilik familia katolikoetan eta, inoren buruan sartu ezin dugunez, ez genukeela besteren motibazioetan sartu behar.

Bestalde, katolikoen arteko ezkontza ez litzatekeela ezkontza eta, beraz, beste izen bat jarri beharko litzaiokeela esatea, eztabaida alferreko arazo semantikoetara lerratzeko saio maltzur bat besterik ez da: katolikoen artean bada ere, ezkontza ezkontza da, eta familia, familia.

Eta familia aipatzearekin beste gai gori-goria dator hizpidera. Espero dut ez naizela erradikalegia gertatuko: katolikoek seme-alabak adopzioan hartzeko eskubidearen alde ere banago.

Katolikoek bai, homosexualek ere bai

Eskandalugarria izan daiteke esaldi hori zenbaitentzat. Norbaitek honelakoak botako dizkit, segur aski: “Katolikoak umeak adoptatzen? Haur horiek katoliko bihur daitezke!”