Ziorrostako markesa


Sarri erabiltzen da gure artean “itxura batez” esakunea. Baten bati buruz sakontasunetan sartu barik ari garenean, orduantxe dihardugu “itxura batez”. Azaleko iritziak lantzen ditugu urliaz edo sendiaz. Gutariko bakoitzak, baina, ezkutuko egoera dugu; ikusten ez den errealitatea.

Ez dakit hori den Ziorrostako markesaren kasua. Laguna dut, eta ezagutzen dudanera arte ezetz esango nuke; alegia, itxura eta barrua bide beretik doazkiola. Edo ziria ondo sartu digu inguruko guztioi.

Osorik irakurri

Urtebete inguru dela 300.000 euro inguru tokatu zitzaizkion loterian. Nori egokituko zori ona (…) eta Ziorrostako markesari. Xoxak inork ondo erabiltzekotan, markesak erabiliko zituen. Batek esan dezake berak etxea erosiko zukeela. Besteak dirua azkioetan sartuko zukeela. Eta haragokoak seme-alaben artean banatuko lukeela.

Markesak ez du umerik. Eta eukiko ere ez, martxa honetan. Heldutako mutila ere bada, dagoeneko. Berrogeita sei uteak aldean ditu; eta gorputzak marraztu dio urteen joanaren irudia. Halabeharrez. Bizi(o) onak edo ondo biziak berarekin dakartza itxura kontuak, eta ez, portzierto, “itxura batez” bakarrik.

Markesak dirua ondo erabiltzearen teoria propioa du. Betiko noblea edo aspaldiko burges diruduna ematen du. Dirua erabili egiten du, gastatu eta, hala egokitzen denean, xahutu ere bai. Diruari plazerra dario, bere irudiko. Sosak ardo ona dakar, mariskoa, andrak eta urtebeteko lan-eszedentzia. Tetralogia baikaina: lan egin beharrik ez, ondo jan, hobeto edan eta gura denarekin egin lurrutan. Ez beti, ezta astero ere; gura denean baino. Markesak bezala.

Beste batzuk hor ibilzen dira/gara, berak beste edo gehiago eukita ere, txakur txiki bat zelan aurreztuko. Halako bazkarian hamar euro gutxiago zelan ordainduko. Baina gu oinezkoak gara, diruaren eguneroko miserietan nahastutakoak. Markesa zalduna da, gaindituta du herritar xumearen aurre-fase hori. Dirua duen artean kategoriak eta zoriontasunak ere iraungo dio. Eta asko pozten naiz.

Ondo izan Ziorrostako markesa.