Andereño torturatzailea !?


Egun hauetan mundu guztiak dihardu haurren heziketan zigorrak duen balioaz; edo, zehatzago esanda, umeak egurtzeak duen balioaz. Denetik entzuten dut nire inguru edo lagun artean, baina gehiengo ia erabatekoak onartzen du noizbait ematen diela kokoteko edo eperdikoren bat euren seme-alabei. Hala ere, entzuten eta, batez ere, ikusten ditudan zenbait egoerak harritu egiten naute. Iaz gure alabaren klasean jazotakoa kontatuko dizuet.
jarraitu

Nire alabaren klaseko bi haur elkarrekin doaz hondartzara euren familiekin. Egunean zeharko hitz-aspertuetariko batean harurrek kontatzen diete gurasoei andereñoak jo egiten dituztela. Badakizue: gurasoak sutan!!! Itzultzen dira etxera eta gau horretan bertan hasten dira gainerakoei deika, galdetuz ia eurenei ere berdin gertatzen zaien.

Niregana ere jo zuten hurrengo egunean. Nik erantzun nien ezertxo ere ez nuela entzun nire alabarengandik, galdetuko niola eta, bien bitartean, egoki neritzola ezer ez egiteari. Gure alabak ez zekien ezer, ez eta beste gehienak ere. Beno bai, badirudi andereñoak oso noizbehinka bernetan kolpatzen zuela baten bat, edo kokotekoren bat eman zuela.
Aztoratutako gurasoek bilerarako deia egiten dute. Guztiz asalduta agertzen dira “torturengantik”, eta esaten dute lehenbailehen hartu behar direla neurri gogorrak. Gehienek, ohi bezala, isildu egiten dira, nahiz eta kontrako iritzikoak izan. Nire andrea kontra agertzen da. Esaten du ezer egin baino lehen informazio zehatza behar dela, eta gero jardun. Azkenean, zuzendariarengana eta andereñoarengna jotzea erabakitzen da. Batzarra amaitutakoan jendea hitz egiten hasten da, esanaz ez daudela konforme, eurek ere ez dakitela ezer kontu horretaz.

Andereñoarentzat “trago” gogorra izan zen, oso noizbehinkako kokoteko bategatik ia-ia torturatzaile modura hartu baitzuten. Aurten “egurtutako” ikasleok ezin txintxoago portatzen omen dira; ez dira iaz bezain bihurriak. Andereñoak, gure alabak diñoenez, beti bezala dihardu. Jubilatu aurreko azken urtea amaitu arte hogeita bi haurreko klasera egunero doa andereñoa, bederatzi urteko haurrak ahalik ondoen hezten. Niri izugarri kostatzen zait gureak egun oso batez etxean jasatea. Imajina ezazue hogeita bi ume egunero, urte osoan.