Josu Jon Imaz, EBBko buru zaren horri


Urak nahasiak datozkigu azken garai honetan, Josu Jon. Utzi berri dut nire batzokiko asanblea, eta hor ere nabaria izan da eztabaida. Esan denagatik baino gehiago ezkutuan -askatu gabe- gelditu denagatik. Nabarmena da alderdikideak noraezean dabiltzala. Begibistakoa da jendeak ez horren aintzinako garaiak dituela buruan. Eta galdera bat egiten dizut zuri, Alderdi honetako buru zaren horri; eta egiten dizut, hain zuzen ere, Alderdi Egunerako hiru egun baino falta ez diren honetan: zer egin behar dugu denok, berriro ere zatiketarik izan ez dezagun?
Osorik irakurri

Uste al duzu, Josu Jon, San Inazio egunean egin zenuen diskurtsoa alderdikide guztioi bidaltzea jokaldi ona izan dela? Zuk ondo baino hobeto dakizu gutariko asko alderdiaren ortodoxia ideologikoan finkatuta gaudela. Alegia: beste ildo bat diseinatu eta onartzen ez den bitartean, orain indarrean dagoenak balio duela guretzat. Ondorioz, nire uste apalez, horren adarrak izan daitezkeenak ezin dira plazaratu, jakinda alderdikieengan egonezina eta haserrea eragingo dutela. Nire ustez helburu jakin batekin bidali da diskurtso hori.

Nik ezingo dizut ausardia ukatu. Erraza zenuen: Alderdi Egunaren aurrean isilik gelditu; eta gero, gerokoak. Baina zuk ez duzu bide hori aukeratu, nolabait esanda konfrontaziora jo duzu, zeure buruari esan diozu: ia nola erantzuten duen jendeak Forondan. Ez hori bakarrik, ziurtasuna ere izango duzu zure aldekoa izango dela alderdikideen jarrera. Hala balitz ere, eta zalantzak ditut, ez duzu ondo jokatu.

Edozein modutan, Alderdiko buru zaren aldetik, eskabide bat dut, exigentzia ere badena: giro kalapitatsu hau baretzea eta bideratzea. Ez duzu ezer lortuko zurekin bat ez datozenak baztertuz. Asko eta asko zurekin badaude, da, izan ere, karguen berotasunak hala eskatzen dielako. Baina hori ere amai daiteke, ondo azaltzen duzun moduan San Inazioko diskurtsoan. Eta orduan zer?

Etorkizunerako ospea eta izen ona landu nahi badituzu, baduzu nahiko lan, Josu Jon. Batik bat alderdi barruan. Zorte on, oraingoan ere!!