Etxeko arazoak etxeko hautsez estali behar


Horixe zioen 1989tik gero EAJko alderdikide den batek. Ez da ez bakarra ez azkena eskabide hori egin edo egingo duena. Dei horren oinarria Alderdi barruko kontuak, edo auziak, kanpoko eztabaida-guneetan aztertzeko joera errefusatzean datza. Gaiak, errepikakorra den arren oso, merezi du berriro ere haritik ekitea. Esan liteke, ziurtasun osoz, foro hauetan barruko gai edo tirabirak aztertzea EAJren kontra jardutea denik? Ba al dago Alderdiaren barruan giro, foro eta gune aproposik eztabaidari bere osotasunean, beldur barik eta lasaitasunez ekiteko?

Nik ez dut ezer jokatzen jokaldi honetan, ez eta alderdian bertan ere. Alegia, neure borondatez eta bilakaera ideologiko normal batez hartu nuen lur EAJn, 1996ko uztailean. Garai berezia zen zeharo. 1998ko irailean Lizarra-Garaziko Deklarazioa izenpetu zuten alderdi abertzaleek gehi EBk. 1999an Ibarretxe lehendakari izateko aukeratu zuen herriak. Garai horietan -eta geroago ere bai- herri honek espainiarren eraso-aldi ikaragarri bati aurre egin behar izan zion, ETAk bien bitartean su-etena apurtu eta berriz ere jendea erailtzeari ekin zion bitartean.

Urte guzti hauetan, Ibarretxeren Plan ospetsua bitarteko dela, EAJ abertzaletasunaren erdi-gune bihurtuta egon da, Euskal Herri guztiari eragiten zien errebindikapenen gidari. Bazter guztietatik egurtu gaituzte errukirik gabe. Norbaitek ahaztu al ditu 2001eko hauteskunde autonomikoak? Herri oso bat lehendakariarekin. Egurra bai, baina pasioa ere bai. Garai zirraragarriak, duda barik.

Gaur egun egoera bestelakoa da, lasaiagoa. ETAk gelditu egin du bere jarduera armatua, denon (euren –gehien-) zorionerako. Alderdi politikoak isilean eta ozenki -bietara- dihardute prozesuaren korapiloa askatzen. Inork ezin uka unearen garrantzia. Hemendik ateratzen dugunetik elikatuko gara datozen urteetan, agian gu bizi garen artean. Unearen garrantziak denon inplikazioa eskatzen du, denon presioa. Orain ez du balio aurrekoaren edo albokoaren jokaerak eragindako erneguak ezkutuan hausnartzea. Denok gara protagonistak, ez alderdiak bakarrik, ez Imaz, López, Zapatero eta Otegi bakarrik. Euskal herritarra naizen aldetik nik ere parte hartu nahi dut.

Ez hori bakarrik: euskal herritarra izateaz gain, EAJko alderdikidea ere banaizenez, kondizio horretan parte hartu nahi dut. Ez dut inor trabatu nahi, ez diot inori kalterik egin nahi, nire Alderdiari inori baino gutxiago. Hala dela uste izango banu, seguru utziko niokeela kontu honi edo, bestela, Alderdia utzi eta neure kabuz ekingo nioke. Gertatzen da, ordea, gurearen moduko foro edo eztabaida-guneak une honetan guztiz beharrezkoak direla iruditzen zaidala. Prozesu honetan interes asko eta agente franko ageri dira, nork bere aldera tira eginez dihardutenak. Abertzaleok ez dugu indarrik soberan, ez jendez ez eta, are gutxiago, komunikabidez. Gure erreminta hau tiragoma bat besterik ez da Vocento edo Prisa guztiz ahaltsuen parean. Bere txikitasunean, ostera, eragina du. Eta eragin hori ez da, nire ustez, batere kaltegarria EAJrentzat edo Euskal Herriarentzat , kontrakoa baizik: onuragarria.

Beste iritzirik duenak, eman beza berea, nahi duen beste denbora eta leku hartuz. Errespetuz eta begirunez, hori bai.

2 Comentarios:

Anonymous Anónimo dijo...

Nik ez dut beste iritzi hain ezberdina daitekeenik. Bat nator, Gorospe, zurekin nago adierazi dituzunetan. Alderdikide ez izan arren, estimazioa diogunok kontuak horrela elkarren aurrera ateratzeari, egunero begiratzen diegula Arabatik egindako iradokizun hauei aitortu nahi dizuet. Jarrai ezazuela lanean, tope jarrai ere. Halaxe opa dizuet, lagunok.

26 octubre, 2006 14:44  
Blogger mendi dijo...

ba, begira:


http://www.deia.com/es/foros/viewforum.php?f=4

eta esan eiazu nora begiratzen dute ahutsak etxean garbitzeko esaten dutenak.

Baita Izaronewsen ere egon zan foro bat, eta orduan arzalluz zegoen agintarian, baino itxura denez ez zuten berdin pentsatzen orain hori esaten dutenak. Itxi ere egin izan behar zuten horrenbeste intoxikazio tartean, eta alderditik etortzen ziren, gero Vocenton agertu ziren bezala.

26 octubre, 2006 19:50  

Publicar un comentario

<< Home