Bazterretik erdira


Orain arte zeharlerrotasunarekin honako hau adierazi dugu: euskarak bere lekua Administraazioaren erdi-gunean izan beharko lukeela, eta ez bazter batean; alegia, euskarak ez duela Kultura Sailaren kontua bakarrik izan behar, baizik eta Administrazio guztiarena, eta horregatik beharko zukeela Lehendakaritzan txertatuta egon. Polititikan ere usuz erabili da, azken aldi honetan, termino hori, batik bat norbaitzuen ahotan. Aditzera ematen du ezen bi mutur gotortuta baldin badaude, euren artean zubiak eraiki beharko liratekeela, jarrerak malgutu eta erdibidean bertutea bilatu. Horixe nahiko nuke nik euskararentzat. Lehenengo bi hizkuntzak (gaztelania/frantsesa eta euskara) sendoak eta indartsuak bihur daitezela, eta gero bien arteko topagunea bilatu.

Gaztelaniak eta frantsesak ondo baino hobeto garatu eta landu dute euren esparrua duela bostehun urtetik hona. Bazter guztietan agerzen da, denok dakigu, denontzat balio du, dena harrapatzen du, (....), dena xurgatzen du. Beste aldean -lehoiaren ondoan- sagua, euskara. Ipuinak egi bihurtuko balira, amets egitea onuragarria ere badela-eta, lehoiaren eta saguarena aplikatuko genioke, non erakusten baita sagu txikiak lehoi indartsuari gain har diezaiokeela. Fikzioak ez digu bazkarik emango, ordea. Ez gaude, oraingoz, buruz buruko orekaturako, lehia parekatu bati ekiteko.

Gure lehen zeregina indarrak metatzea da, elkartzea eta antolatzea. Ahulak gara oso, hitz gozo eta hutsekin lipar batean asetzen garenak. Egoeraren gordintasunaz jabetu behar dugu, analisi zehatzak egin, indarrak batu eta estrategiak diseinatu. Baten batek pentsa dezake jarrera oldarkorra agertzen dudala, borrokarako deia egiten dudala. Guztiz oker dabil. Adibide bat jarriko dizuet. Erreibindikazio laboral eta sozialean borrokak ehunka urteak iraun ditu. Langileek hamasei ordu egitetik hamabost ordu egitera iristen zirenean bazirudien patroiek kristorena ematen zutela, ordura arte irabazitakoa gal zezaketela. Ehun urte eta gero, langileak zortzi ordu egiten ditu eta patroiak inoiz baino aberatsagoak dira.

Beste horrenbeste euskarararekin. Badirudi zentimetro bat aurrera egiten badugu gaztelania biktima bihurtzen dugula, patroi sufritua. Ez da horrela. Justiziak eskatuko lukeena da, eskatu ere, langileak patroiaren etekinetatik zati on bat bereganatzea, eta euskara gaztelaniaren inguruan -ez parean- jartzea. Zentzudunen batek uste al du gaur egun hor nonbait gaudela? Nik ez.

1 Comentarios:

Blogger Izaro dijo...

Kaguenzotz! Erantzun mardul samarra idatzi eta gero, saguari buztanetik ten egin eta galdu da… arraoia!
Tira ba, labur-labur.
Bat nator esandako gehienarekin; zerrendari zerbait gehitzekotan, duintasuna berreskuratu behar dugula gehituko nioke; burua eta kalparra jaso, alegia.

Irabazi nahi dugun metro karratu bakoitzeko (horixe behar baitugu, metro karratuak euskaldunontzako), erdaldun sorta aurkituko dugu metrorik batere ez emateko asmoz; erdaldun oldarkorrak eta harroak dela osasun etxean, okindegian edo udaletxean, hiriburu eta herririk gehienetan.

Horregatik, prest egon behar da erantzun zakarrei eta erdeinuei modu egokian erantzuteko, harrotasunez (-tasuna, ez -keria) edonon agertu eta bertatik berdintsu irtetzeko. Egun, “seguruagoa” baita Bilboko taberna batean kafe esne bat alemanieraz eskatzea, euskaraz baino. Izan ere, nekez jasoko du alemaniarrak erantzun zakarrik. Hirutik batean, ostera, zakarkeriaren bat entzungo du euskaldunak.
Harrotasuna berreskuratu behar dugula ba!

Euskaldun lotsatu (ez lotsati, lotsatu baizik) eta txepelez hitz egingo dugu hurengo batean.

28 noviembre, 2006 23:32  

Publicar un comentario

<< Home