Berdin irabazita, hobeto lan egin barik


"El absentismo en educación no es alto en comparación con otros funcionarios”. Hezkuntza sailburu Txontxu Camposen adierazpenak dira. Opor osteko depresioak jota-edo ehunka omen dira ikasturtearen hasieran lan egiteari lepo egiten dioten maisu-maistrak. Jakitun geunden denok. Hezkuntza Saila bera ere bai orain baino lehen. Notiziak EL Correok barreiatu eta gero hartu du indarra. Bestela, normaltzat joko genukeen, ez geniokeen jaramonik egingo. Jakina da herri-diruen zorroak ez duela hondorik. Hala ere, ustezko lotsagabekeria guzti horren gainetik, esaldiaren bigarren zatiak txunditzen gaitu gehien: badira Administrazioan zenbait atal, non langileek (funtzionarioak batik bat) Hezkuntzan baino baja gehiago hartzen duten. Nola? Gehiago oraindik? Zeintzuk dira?


Gaur bertan adierazten digu aipatu egunkariak Euskal Autonomia Erkidegoko langileek Espainiakoek baino lan-ordu gehiago galtzen dituztela. Ematen dituzten arrazoiak hiru dira. Lehenengoa, baja hartzeko joera nabarmenagoa dela. Bigarrena, emakumezko gehiago daudela lan merkatuan eta, ondorioz, amatasun bajak ugariagoak direla. Eta hirugarrena, sindikalista pila ditugula, zeinek eskubidea baitute liberatzeko edo lan-orduak hartzeko gai sindikaletarako.

Hara, Txontxu Camposek dioenean badirela hainbat arlo Hezkuntzan baino baja gehiago hartzen dituztenak, niri behintzat bi datozkit bapatean burura: Osakidetza eta Ertzaina/Udaltzaina. Ezaguna eta jakina da horiek duten joera lanera joan gabe etxean gelditzeko. Areago, gainera, lanik egin gabe, eginda beste edo gehiago kobratzen badute. Zergatik joan lanlekura? Aurpegia jartzea da kontua. Ez axola izatea zure inguruak zer esango duen. Lotsarik gabe adieraztea hurrengo astetik aurrea depresioak jota etxean geldituko zarela. Vox populi izatea zure inguruan honak hau: etxeko zereginak egiten dituenak alde egin dizula eta ez duzula beste erremediorik izan medikuari baja eskatzea baino ¬egonezin ikaragarria zio dela¬ etxean gelditu eta familia atenditzeko.

Norena da errua? Funtzionario edo langile lotsagabearena ala baja ematen duen medikuarena? Medikuek ondo baino hobeto dakite nortzuk diren itxura eginaz agertzen zaizkienak. Hala ere baja ematen diete. Nola ez, baina? Duela gutxi eman dute argitara datu bat, non garbi agertzen den mediku askok eta askok mehatxuak jasotzen dituztela ustezko pazienteengandik, hauek exijitutakoa ez atenditzearren. Zer egin behar dute? Irtenbidea nire ustez bestelakoa da. Bajak ez lituzkete norbere medikuek eman behar. Hain serioa eta larria izanik egoera horren ondorio ekonomikoak eta sozialak, gainditu beharreko galbaeak oraingoak baino luzaz zorrotzagoa beharko luke izan.

Beste kontu bat da sindikatuena. Gure Erkidego Autonomoan sindikatuek eragin handia omen dute. Erdixka da egia hori. Sindikatuen indarra lan-baldintzarik onenak dituzten sektoreetan nabarmentzen da: Administrazioan eta Industriako lantegi handietan. Sektorerik prekarionetan ez dute eraginik. Horrela, agian, uler daiteke egunkariak emandako datua.

Amaitzeko, gogora datorkit duela hilabete Innerarityk El Paísen idatzitako “Salir del pesimismo” artikulua, non, pesimismoak azken garai honetan eskuinetik ezkerrera egin duela esateaz gain, paragrafo batean ideia bat landu baitzuen, duela gutxi Sarkozyk aditzera emandakoaren oso antzekotsua, ezkerraren eta sindikalismoaren jarrera ultra-kontserbadorea arbuiatuz:

En ocasiones, garantizar a toda costa el empleo es un valor que debe ser contrapesado con los costes que esta protección representa respecto de aquellos a los que esa protección impide entrar en el mercado de trabajo, creando así una nueva desigualdad. Enmascarada tras la defensa de las conquistas sociales, la crítica social puede ser conservadora y desigualitaria, lo que explica que la izquierda está actualmente muy identificada con la conservación de un estatus.”

1 Comentarios:

Blogger Unai dijo...

Niretzat higuingarria da funtzionario askok gure lepotik bizitzeko duten ohitura.

Bajak, depresioak eta denetarik.... Eta jakina, horren aurka sindikatuek ezer egin gabe jarraitzen dute.

23 septiembre, 2007 10:45  

Publicar un comentario

<< Home