AHT eta gizarte eredua


Ez da erraza AHT defenditzea. Nahikoa da Gasteiztik Oñatirako bidaia egitea konturatzeko zelango triskantzak eragiten dituen Eibar-Urbina autopistak. Zer ez du eragingo AHTak? Noiz iritsiko gara erokeria honen amaierara? galdetzen diot neure buruari obra horien aurrean. Azpiegitura lanek, saihesbideek, hirietako etxebizitza eraikitze neurrigabeek, herrietako etxebakar ugaritze jasanezinak, (…). Ez dago modurik gure inguruetan zementorik gabeko kilometro karratu bat aurkitzeko. Hala da. Eta, aldi berean, A-8a beti blokeatuta dago, N-1ak ezin ditu hartu kamioi gehiago. Gure hiriburuak gainezka daude kotxez. AHTren kontrako ekintzailerik sutsuenek ere kotxea dute, eta askok baserri inguruetara jo dute euren jarrera ekologista bukolikoa asebetetzeko, areagotuz kotxearen premia, areagotuz zerbitzuen demanda; hainbesteraino, ezen hirietako bizilagunek baino birritan gehiago kontsumitzen dutela. Hori hipokresiaren handia! AHTrik nahi ez, Leitzaranik gura ez, Boroaren kontra eta, aitzitik, norbera izan energia kontsumitzailerik obsesiboena.





AHT Gelditu! taldeak zaila du Abiadura Handiko trenaren obrak bertan behera uztea. Arrazoiak asko dira. Lehenik, goian aipatutakoa, alegia, bizitzeko sistema goitik behera eraldatzen ez dugun bitartean, era honetako azpiegitura erraldoi eta suntsitzaileak eraiki egin beharko dira. Ez dezagun uztarria idien aurretik jarri. Honetaz ere berandu gogoratuko gara; trena pasa eta gero seguruenik.

Bigarrenik, Leitzarango autobidea, Boroako zentrala eta beste hainbat azpiegitura eraiki diren moduan, hau ere eraikiko da. Ez dago atzerabiderik. Zergatik? Gai honetan muturra betikoek sartu dutelako, beti bezala euren presentziarekin dena zipriztinduz. Ez diñot horiek gabe AHT geldituko litzatekeenik, ez; diñodana da HALAKOEN presentziak edo usainak justu kontrako eragina sortzen duela. Agintariek ez dute onartuko beste Lemoiz bat, edo beste Leitzaran bat. Duela gutxi Fullaondok prentsaurrekoa eman zuen Lemoizko zentralaren aurkako aktibistekin batera, seguru ez zirela gogoratu Ryan ingeniari eraildakoaz.

Hirugarrenik, argumentuak. Duela gutxi PTPk (Associació per la Promoció del Transport Public) hiru orriko txostena atera du Otro punto de vista sobre la Y vasca izenburupean. Catalunyatik etorri behar argumentuak emanez. Holakorik! Han, EHUko irakasle talde batek ateratako manifestuaren aurrean, honakoa zioten, besteak beste: “la Y vasca es el único proyecto de alta velocidad en España que ha sido de verdad concebido con la cabeza en vez de con los pies.” Merezi du irakurtzeak, hain zuzen ere, emandako arrazoiak pisuzkoa diruditelako.

Garan argitaratutako Argumentos contra alabanzas al TAV artikulua erabiltzen du PTPk AHTren aldeko defentsa egiteko. Manifestu hori EHUko 124 irakasle eta ikertzailek izenpetu zuten. Hara hor nire lehen harridura: zelan liteke hain erakunde kontzientziatuan eta herritar jantziz osatuan hain gutxik izenpetzea? Esan dezagun, bidenabar, EAEko unibertsitate publikoak 4000 irakasle inguru dituela. Hortaz: irakasleen % 3ak ere ez. Izenpetzaileok erabiltzen dituzten argumentuak denak dira onargarriak, baina, seguruenik, euretatiko askok ez dute egiten hor aditzera ematen den bizimodurik. Hor esaten da: “la movilidad sostenible es entendida como un proceso que tiende a reducir la degradación ambiental derivada de las pautas actuales de movilidad, satisfaciendo para ello la necesidad social de accesibilidad (de acceder a bienes y servicios públicos), que no de moverse a donde se quiera y cuando se quiera sin tener en cuenta las consecuencias ambientales de esos desplazamientos.” Zentzuz adierazitakoa hori eta gainerako guztia. Izenpetzaileetatik nor egiten du teoria horren araberako bizia?

Laugarrenik, kontrakoen indar falta. Ez da bakarrik PSE, PNV, PP eta EA alde daudela, ez. Gertatzen da eze, kontra daudenak ere banatuta daudela, lehen aipatutako kontu horren inguruan. BESTEOK daude hor sartuta, gainbegiratzen. Ustezko presentzia hori guztiz da kaltegarria mugimendu horrentzat, nahiz onartzen dudan sarri oinarri seriorik gabeko salaketak diren, agian zauriaren aurretik benda jarriz.

Baina ez gaitezen inozoak izan. Asteburu honetan Elorrion eta Anoetan, eta horien aurretik beste herri batzuetan, herritarrei galdetu zaie ia zer deritzoten AHTri. Garak dio: “gehiengoz eman diote ezezkoa Elorriok eta Anoetak”. Hori ez da horrela. Norbere burua engainatzearekin ez dugu ezer lortzen. AHT triskantzarik gehien eragingo duen herrietan % 37,54ak hartu du parte galdeketan. Gainerako % 63ak zer? Kontra al daude? Nire irudikotz kontrako guztiak agertu ziren; eta joan ez zirenek zalantza asko dituzte, edo alde daude. Herri horietan horrela bada, zer esan AHTak eregiten ez dien herriei buruz?

Bosgarrenik eta azkenik: boterearen logika. Gizartean benetako iraulketa eragin nahi duenak boterea eskuratu beharra dauka gaur egun. Oraindik ez dago iraultzarako baldintzarik Agintetik kanpo, aurrekontuen kontroletik urruti. Ikusita dugu, larrean ere, zer eman duen jarrera anti-sistemikoak gurean. Aurrekoan entzuten nion Batasunako Eusebio Lasari: “La 'Y' vasca profundiza en la explotación de los sectores populares, impulsando lo privado por encima de lo público, la apuesta por las multinacionales y por la deslocalización y precarizando las condiciones de trabajo”, eta Marije Fullaondori honako hau: “éste será el primer paso para construir otro modelo diferente para Euskal Herria.” Hor ez da ezelango argumenturik ematen, ameskerietan ibiltzea besterik ez da.

Asko kostatzen da AHTa, gehiegi. Lehengo ia bilioi bat pezeta. Díez Usabiaga kexu agertu zen esaka: “Horretan erabiltzen den dirua ez da gastua sozialean erabiliko”. Ez dakit hala izango den. Ez, aurrekontu onartu berriei buruz esandakoak entzunda: denek aitortu gura izan dute aurrekontuen oinarri soziala. Baina Rafa, ba al dakizu zenbat kostatzen diren 2000 pertsona mehatxatutakoen bizkartzainak? Urtero 25.000 milioi pezeta. Hori biderka ezazu 10ez, eta horrekin aterako duzu azken hamar urteotan horretan (horretan bakarrik) xahutu duguna. Eta aurrerantzean zenbat? Eta zenbat eman genuen Leitzarango Segurtasunean? Eta zenbat (…)? Eta zenbat (…)? Bilioitik gora. Horretaz ere zerbait esan beharko da ba!

1 Comentarios:

Blogger mendi dijo...

Kontuz, Biturie, joku argumentario horrekin. Lehenik eta behin egia da jendea nekatuta gaudela bete betikoei daneren eta beti kontra agertzearekin. Hor zurekin ados egon besterik etzait gelditzen. Baina horrek kontrakoa ere badu. Niri beintzat berdin-berdin nazkatzen dit entzutea jaurlaritzakoei benetako debatea eskutatzen eztakit zer mehatxuen atzean. Hori iha bizio bezala hartu dute. Badakigu nola bizi garen emen, betidanik, eta zenbat indar xahutzen dugun betiko rolloan, baina AHTko gai bat ere horren atzean ezkutatzea... koño, ez gara hain inozoak.

Gero asten zarean Lemoiz aipatzen, nik gogoratzen dut orain retrospektiban, eta nola nahi zuten ia kosta osoa zentralez, ¡hiru zentral nuklear jarri nahi zituztela! Eta Arzalluzek esaten atzak jarri baharko genula Bilboko Gran Vian.

Hori izkutatzea Jose Mª Ryanen atzean... etzait oso egokia iruditzen. Zuk nahi alko zenuke gaur egun 3 zentral edukitzea kosta osoan zehar eta honela argi indarra exportatu ahal izatea?

Zuk egurra ematen diezu hasieran balizko ekologistei baserrietan bizitzeagatik. Ez al dute ba izango bizitzeko ere eskubidea? Edo-ta hermitañoak bezala bizi behar alko dute argindarrik gabe gero zerbait esateko eskubidea izateko?

Begira, nik AHTri buruz hitz egiten denean beti gogoratzen naiz nola jaurlaritzak erabaki zuen orain urte batzuk dela Eusko Trenbide hia guztiak ixtea eta desegitea. Hori bai izan zela ikeragarrizko anka sartzea.

Nola izan leiteke orain hain ona kriston trenbidea egitea, iriburuak bakarrik lotzeko, eta orain dela urte gutxi kontrakoa egin eta gure aiton-amonak utzi ziguten trenbideak gaurkotu partez denak itxi eta desegin? Nola demontre? Eta gero entzutea Jaurlaritzako Kontseilaria izkutatzen betiko kontuen atzean, hau da, "biolentoek" apoiatzen dutela AHTren kontrako mugimendua.

Nazka pixka bat ere ematen du.

05 diciembre, 2007 13:19  

Publicar un comentario

<< Home