Bizikleterook


Bizikleta kontuetan ere azken garai honetan euskarak izan duen diskurtso aldaketaz jardun beharko dugu, alegia, bizikletazale asko daudela eta egunero erabiltzen dutenak gutxi direla. Hala ere, euskaraz jakinda, gura izanez gero noiznahi aurki dezakezu, gaur egun, mintzakiderik zure inguruan. Bizikleta eguneroko garraio-bide modura erabiltzea, ostera, jarrera ausarta eta arriskutsua ere bada. Arrazoiak asko dira, gehienak begibistakoak, baina nik Gasteizko Bizikleteroak Elkarteko presidente X. Arriolak adierazitakoa ekarriko dut hona: “Los bidegorris están diseñados por gente que no anda en bici”. Ni harago ere banoa.




Adibide batez jantziko dut nire teoria. Gasteizen bizi naiz eta egunero noa bizikletaz lanera, dendetara edo gainerako bazterretara, betiere Gasteizen badaude. Bestala, oinez ibiltzen naiz. Hamar minutu behar ditut nire etxetik (ganbaratik biziklea jaitsi eta gero) lanlekura –Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzara- iristeko. Nire azpian bizi denak kotxez egiten du bidai bera, nik baino bost edo hamar minutu gehiago erabiliz. Nire moduan lanera bizikletaz joandako beste berrogeita hamar pertsonak hogei metro karratu behar ditugu gure tramankuluak aparkatzeko, bi kotxek okupatzen duten adina ¿Uste al duzue erraztu egiten dutela Lakuako arduradunek gure jarrera?

Ba ez. Kotxedunak lehenesten dituzte. Elurra denean euren aparkalekuak garbitzen dira lehenak. Hobetze obra guztiak kotxeetan pentsatuz egiten dira. Duela urtebete, luzaroan exijitu ostean, berrogeita hamar bizikletetarako aterpeak jarri zizkiguten, gure bizikleten sillinak euripean uzten dituzten aterpeak. Iazko udaran, ikusita geroz jende gehiago zihoala lanera bizikletaz, berriro egin zitzaien eskabidea: egokitu ezazue leku zabalagoa gure bizkletetarako!! Gaur arte.

Adibide horrek erakusten duena da, Arriolak adierazitakoaren haritik, gure politikoak ez daudela gai honetaz kontzientziatuta. Barregurea sartu zitzaidan aurreko batean agintari bati entzun nionean hirietan sartzeko tasak kobratu beharko zituztela hiri-barruak deskongestionatzeko. Zelan baina? Ez bagara kapazak gure eskuetan dauden irtenbideak jartzeko, nola pentsa dezakegun arazoa maila horretako soluzioekin lortzea? Kontzientzia kontua da. Ez dakit petroleo upelak 300 dolar egiten duenean halabeharrez kotxea baztertu beharko dugun. Dakidana da oraintxe bertan gauza asko egin daitezkeela gure agintariek borondate pixka bat jarriko balute. Nahikoa litzateke garraio-azpiegitura erraldoietarako erabiltzen den dirutza aipaezinaren zatitxo bat, ehuneko bata adibidez, dauden bidegorriak konpontzen eta berriak eraikitzen inbertituko balituzte. Horretarako, berriro diñot, borondatea eta kontzientzia behar dira.


Gure gaztetxoak egunero arriskatzen dute euren bizia Gasteiz kanpoaldean dauden ikastetxeetara bizikletaz joaten. Ez da nahikoa biabilitate heziketa ematearekin, prebenitu ere egin behar dira istripuak, arriskuak gutxitu egin behar zaizkie. Modu bakarra dago: bidegorri seguruak eraikitzea, aparleku egokiak jartzea, bizikletan ibiltzea promozionatzea, autoritateak kontzientziatzea. Uste baino errazagoa da .