Bizkaiera/mendebaldera Araban


Ihazko abenduan irakurri nuen Garak Euskararen Dialektologiako eta Soziolinguistikako irakasle (EHU) Koldo Zuazori egindako elkarrizketa, eta, nire ezjakintasunean, harrituxe utzi ninduen. Hogeita lau urte Gasteizen bizitzen eman ostean, beti iruditu zait arabarretik gehiago dudala bizkaitarretik baino, eta Bizkaiarekin gehien lotzen nauena bizkaiera dela, nire idazkietan apenas erabiltzen dudan hizkerea. Ezetz, hori holan ez dala esan deust Zuazo jaunak, bizkaiera edo karistioen hizkera moduan ezagutu izan doguna mendebaldeko hizkerea dela, eta bere barreiagunerik handiena, historian zehar, Gasteiz izan dela. Hara zelan Bizkaiagaz lotuteko gelditzen jatan bidea Athletic baño ez dan.

Koldo Zuazoren teoria da euskalkiak nahiko barriak direla, alegia, ez direla betikoak gehientsuenok uste izan dogun eran. Adituek esan deuskue euskalkiak Aintzin-Aroaren aurretikoak direla, eta euren eremua intera bateko barrutiek eta tribuek zedarritu ebela. Hau da: Mendebaldean, Deba ibaia alderaino, karistioak. Hortik eta baskoien lurretaraino barduloak, eta hortik ekialde eta hegoalderantza baskoiak (gaurko Nafarroa gehiena hartuz). Baegoazan salbuespenak, tribuen, barruti eklesiastikoen eta euskalkien banaketak bat ez zetozeneko zenbait kasutan.

Mitxelena paregabea hasi zen, duela gizaldi laurden, euskalkiak ez zirela hain aspaldikoak esaka, izan ere, euskalki guztiek zeuzkaten antzeko ezaugarri pila, berrikuntza ugari jasotakoak ziren eta benetan ezberdintzat jo ditzakegunak dira, hain zuzen ere, muturrekoak, alegia, mendabaldekoa alde batetik, eta Erronkarikoa eta Salazarrekoa bestetik.

Hortaz, uste zuen VI. gizaldiaren ondoren sortutakoak behar zutela izan. Kontuan izan behar da berrikuntzak direla euskalki baten antzinatasuna neurtzeko elementurik objektiboena, hortik ondorioztatuz zenbat eta berrikuntza ugariago izan eta horiek kalitate gehiagoak, ba are zaharragoa euskalkia. Holan ateratzen da ze mendebaldeko euskalkiak egin izan duela biderik luzeena eta bereiztuena euskalki guztien artean.

Koldo Zuazok uste du gaur egun ezagutzen ditugun euskalkiak XVI. gizaldian gorpuztu zirela, eta euren genesia agian bilatu behar litzakeela euskal probintzien sorreran (XI-XII. gizaldiak). Ordukoa izanik, halaber, euskararen egiturak izan dituen bilakaera estruktural ezberdinak; batak Araba/Gipuzkoa/Bizkaia Iparralde/Nafarroatik bereizten ditu, eta besteak Hegoaldea Iparraldetik. XVIII. gizaldiaz gero, gutxi asko denon dakiguna.

Berrikuntza gunerik nagusienak, Zuazoren ustez, eta hau da harritzekoa, Iruña eta Gasteiz izan dira. Iruñaren eragin-eremuak Behe Nafarroa, Lapurdi, Gipuzkoako ekialdea eta, neurri batez, Arabako ekialdea ziren. Gasteizenak, ostera, Bizkaia, Debako bailara, Errioxa eta, neurri batez, Urola eta Goierri Gipuzkoan eta Nafarroako Burundi, Lana eta Amezkoak. Jaso da, adibidez, nahiz bi probintzia edo erresuma ezberdinekoak izan, euskara antzekoa izan dutela Nafarroako mendebaldeak eta Arabako ekialdeak.

Gune nagusia Bizkaian ez jartzeko Zuazok arrazoi bat darabil besteen gainetik: Bizkain izan balitz gunea, ulergaitza litzateke berrikuntzak Nafarroaraino iristea.