Nafarroaz honatago


Nafarroaren geroa nafarrek erabaki beharko dute. Horrela esanda, denak ematen du erraza, gauza jakina. Nafar ugarik, ordea, ez dute horrela ikusten. Abertzaleak barne. Iruditzen zaie bai EAEtik bai Espainiatik bertako aferetan gehiegi sartzen garela (direla). Asisko Urmeneta eta Xabier Zabaltza nafarrak erabaki zuten Euskadi Irratiako saioa batetan “nafarrok garete” adieraztea nafarrean izaeraz aritzerakoan, nafarrak direna eta ez direna azaltzerakoan, aditzera eman guran horrekin nafarrak askotarikoak direla. Alegia, Erriberakoak zerikusi gutxi duela Baztanekoarekin, ez bada biak nafarrak direla. Esanaz, halaber, iparraldeko euskaldunik gehienak ezer baino lehen frantsesak direla, euskaldunak ere izan arren. Horrelako zerbait gertatzen omen zaie nafarrei, izan ere euretariko askok nafartzat eta espainoltzat dute euren burua, baina baskotasuna ukatu gabe ¿Non da arazoa abertzaleontzat?



Aingeru Epaltzak aitortu du bere liburu Bezperaren bezperan zera: “gustatuko litzaidake Nafarroan egin den gogoeta egitea EAEn”. Zergatik dio hori? Bere hitzak azalduko dute ondoen: “bortizkeria, borroka armatua edo dena delakoa, azken hogeita hamar urte honetan euskaltzaletasuna gehien trabatu eta baldintzapetu duen fenomenoa izan dela. (...)Fenomeno antzua da, fruiturik ematen ez duelako, eta traba egiten duelako. Eta, hala ere, gure gizartean badago multzo bat horren segidaren aldeko apustua egiten duena. Zergatik? Sufritu egin duelako, sufritzen ari delako eta, nolabait, bere sufrimenduaren alferrikakotasuna ezin onartu duelako”.

Hitzez hitz jasota dago. Norbaitek aurpegira diezadake manipulatu ere egiten dudala, testuingurutik atera dudala berak esandakoa. Ez da harritzekoa hori, Zabaltzak esandakoa aintzat hartzen badugu -bere liburu Gu, nafarrok-, Lauaxetaren aipu batez (“Naparruan ez da aberririk”) ari dela: “Eta aitortu behar dut, neronek Lauaxeta manipulatu dudala”.

Epaltzak Ibarretxe mendebaldarraren asmoa ere krititikatzen du: “Ibarretxeren asmoa gauzatuz gero eta erran gabe doa hor barna dabiltzan haize autodeterministek aitzina eginez gero, kanpotar ez ezik, atzerritar bilaka daiteke”. Gogorra ematen du oso horrela entzunda. Bere ustez abertzaleak zulo batetan sartuta daude Nafarroan, nahiz hortik irtetzeko saioak ikusten dituen.

Guzti honek zer pentsa ere ematen dit, areago, eman beharko liguke abertzale guztioi. Nafarroarekiko estrategia birraztertu beharko genuke goitik behera, hasi izendapenetatik eta amaitu lurralde estrategian edo bateratze ekimenean. “Euskal Herria deitzeagatik hizkuntza bakarra minzatu behar dela pentsatzeko joera dago eta hori ez zait errealista iruditzen” dio Zabaltzak, ama Erriberakoa eta aita iruñarra duen Nafarroako Gobernuko itzultzaileak.

Ez du erreparorik Epaltzak Nafarroa Bairen alde egieko: “Potentzialitatea duela erakutsi du, eta potentzialitate hori handiagoa izan liteke gauzak bertzela eginen balira eta interferentziak, batez ere mendebaldetik datozenak, izanen ez balira. Nafarroa Baik, funtzionatuko badu, BNG bezalako zerbait bilakatu beharko du, alderdiek urtu egin beharko dute, neurri batean, koalizioan”. Alderdiek urtu egin beharko luketela dio; hortik sortzen denak bidea eman diezaion Euskal Herriaren proiektu kulturalari “gaur egun posible, egingarri, den proiektu bakarra”.

Hari beretik tiraka ari da Mikel Bujanda ere: "Besteon egitekoa, aldiz, egungo estatus juridiko-politikoa dena delakoa izanik ere, hizkuntzak eta kulturak definituriko erkidegoa ukatu behar ez litzatekeen errealitatea dela erakusten saiatzea da. (....) Funtsean sentimenduen talka baita arrazoiena baino gehiago: nongo kide eta erkide sentitzen diren eta garen". Esentzialismoari balioa kenduta, ez du inportantziarik Bujandarentzat nondik gatozen, baizik eta nora goazen. Alferrik ari garela -dio- beti errua besteei leporatzen. Irizpide kritikoak exijitzen ditu, galderak egitekoa: "Galde-moduak ondo formulatu eta ondoren erantzunak bilatzen hastekoa".

Bujanda ere Epaltza eta Zabaltzaren iritzikoa da, alegia, bere ustez galdera da ia nola egituratzen den Euskal Herria Nafarroaren nortasuna kamustu gabe, nola egiten den Nafarroako jendea Euskal Herrian sentitzeko. Badirudi orain arteko formulazioak huts egin duela: "Zergatik, egiteko moduagatik? Edo sakonean dago gakoa?".

Ez dira txantxetako hausnaketak. Nafarroa ondo ezagutzen duten hiru euskaldunek egindakoak dira. Epaltza abertzalea da, abertzalea atabikoa: “batzuetan inbidia ikaragarria ematen didate normalak diren horiek. Pentsatzen dut abertzale izan gabe askoz gehiago aspertuko nintzatekeela, baina aldi berean zoriontsuagoa izanen nintzatekeela”. Askok sarri egin dugun erreflexioa, alegia, abertzale izatea karga dela, euskaltzalea izatea den moduan. Gau eta egun gure aberriaren oraina eta geroa zelan bideratu pentsatzen; edonon gaudela ere, gure hizkuntzaren ahuleziaz sufritzen. Seguruenik ez dakigu beste modu batekoak izaten. Seguruenik gure abertzaletasuna, euskalzaletasuna eta nafarzaletasuna beste ikuspegi apalago eta lasaiago batetik aztertu beharko genituzke.