Nahiz ETA (....)


Nik ere ez dut sinesten Rubalcabak esan duena. Gure gudariñoek aspaldi galdu zuten bidea. Nahikoa ez eurak guztiz jokoz kanpo egotearekin, eta inguruko mundu guztia eraman nahi dute amildegiko bidaiara. Mutil horiek (Portu eta Sarasola) jipoitu egin dituzte. Komisarietako azpi-ziega ilunetan sartu eta han egurtuko zituzten errukirik gabe. Nola ostiatu dezake gizakume batek beste bat, saihetsak apurtu eta neumotorax eragin arte? Defentsarako ezelango aukerarik ez duen beste bat. Zelan liteke zu bezalako beste pertsona bati atzetik (edo aurretik) tiro egin eta zerraldo uztea, inporta ere egin barik eraildakoak arima eta sentimenduak badituela, gurasoak eta umeak ere badituela.

Aurrean NOR bat zutela konturatu al ziren guardia horiek? Akaso uste zuten ZER bat zela gupida zantzuren bat erregutuz begiratzen zien gizasemea? Duela gutxi Lupiañezek ere antzeko egoera bizi omen zuen. Ez dakit zer den hobea, bizirik iraun eta hil nahi izatea; edo hilda egon eta bizi nahi izatea, nahiz bizitzarik latzena izan. Nik eta edozein gurasok, eta ume guztiek ere, lehen aukera egingo genuke, alegia, maite ditudanak bizirik nahi ditut, egoerarik txarrenan badira ere. Ez nuke egon nahi Porturen, Sarasolaren edo Lupiañezen azaletan; are gutxiago Capbretonen eraildako guardienetan.

Kosta egiten zait tortura aztertzea ETAren jarrera tentela eta eskandalagarria ukitu gabe. Nola bestela dei dakioke azken agerpen publikoari, Garari emandako elkarrizketari? Ezin uka zenbait tertuliano seriok harritu —modu txarrean— nautela, gudariñoen hitzetan ekarpen berriak ikusi baitituzte: Euskal Estatua, AHT, lan-istripuak, gradualizazioa, …. ETAk nahi izango du zeozer egin hauteskundeetarako, diñot nik. Gure milikotxoek zerbait prestatu beharko dute Euskal Herrian eurak ere badirela erakusteko. Era bakarra dute: pistola erakutsi eta mehatxatu. Balekite euren zirkuitu geroz txikiagoetatik kanpo ezer gutxi axola duela egin eta esaten dutenak! Hortik etorriko zen, seguruenik, asteburuko elkarrizketa, euren azken asmakizunarekin: Euskal Estatua.

Jende askok eta askok, ETAkoa edo ENAMekoa ez den jende ondo jantziak eta saiatuak, urteak daramatzate Euskal Estatuaren gai hori modu serioagoz eta egituratuagoz lantzen. Purrustada Politiko Militar horren aurretik, kartzelan sartu gabe gelditzen zaizkien ale politiko bakarrak saiatu ziren Euskal Estatua errebindikatzen. Atzetik gudariñoak bota dituzte. Komunikabideetan agertzeko era bakarra izaki (eraildakoekin batera), elkarrizketa politikoa eman dute, berba asko eginaz eta ezer gutxi sakonduz; gai berriak sartuz borroka iraultzaile antiburgesaren zorroan, eta irtenbide posible bakar eta landu bat aurkeztu gabe. Ezjakin eta demagogo hutsak dira, intelektoa oso gutxi jantzita dutenak, eta nabari zaie. Noizkoa ote da irakurri duten azken liburua?

Portu eta Sarasola ikuskatu ditut gaur bakardadean. Euren inpotentzian antzeman ditut, irainetan negar-zotinka, amari deika. Bortizkeria modurik ankerrena da, egunero senarraren mesprezu eta irainak jasaten dituen emaztearen antzekoa, gurasoak ezelango arrazoirik gabe kolpatzen dituzten haurrek pairatzen dutenaren bestekoa. Umiliatzeko bide guztiak erabiliko zituzten guardia zibilek, ez dut horretan zalantzarik. Giza-seme nihork ez du merezi txakur bati ere emango ez geniokeen tratu hori, ezta gutxiagorik ere. Gaur edo bihar norbait garbitzea pentsatuta zeukatenek ere ez dute holango ezer merezi.

Oker dabil ENAM uste badu hain maiz aipatzen duten Euskal Herria euren minaz eta sufrimenduaz jabetuko dela. Nahiko lan izango du euren ingururik hurbilena pilatzen, konbentzitzen eta ideia baten inguruan tinkatzen, hain zuzen ere, sufrimendua partekatzearen inguruan. Zalerik gehienak burgestuta dituzte, bizi onaren erosotasunean lasai. Zelan ulertu, bestela, mugitzen den guztia ziegetara eraman eta hemen ezer ez gertatzea. Berdin dio "Euskal Herria" izendatu, "euskal herritarrak" izendatu, "erantzungo dugu" esan edo "herriak ez du barkatuko" aldarrikatu. Herriak aspaldi egin dizue alde, bai behintzat herriaren %90ak, alegia, herriaren gehiengo erabatekoak. Frakaso absolutua zuena. Hori etekina 40 urte eta gero!

6 Comentarios:

Blogger Unknown dijo...

ETAkoak izan daitezkeenak torturatuak izan direla esan ahal izateko, beti ETAren jarduna gaitzetsi beharra dago lehendabizi.
Aldiz ETAkoek atentaturen bat egiten dutenean, ez dago esan beharrik, Espainiar Estatuaren estoldetako jarduna.
Batzuei ETAren jarduna gaitzesteko exigitzen zaie, beraiekin tratuak egiteko. Besteei aldiz ez zaie Estatuaren estoldetako jarduna gaitzesteko eskatzen, eta beraiekin egunero tratuak egiten dira eta aurrekontuak han eta hemen onartzen.
Nik ez dut esango PNV-k zer egin behar duen eta zer ez, baina etika leziorik emateko ez dagoela esango nuke.
Are gehiago, Estatuaren indarkeria antolatua, Estatuak herritarron izenean diharduen heinean, etikoki talde klandestino batena baino askoz okerragoa izanik.

09 enero, 2008 11:50  
Blogger .Indarkide. dijo...

Azkenean, beti, EAJri errua bota ta kitto. Así nos luce el pelo.

09 enero, 2008 12:39  
Blogger Unknown dijo...

Ez, ez. Ez gaizki ulertu. Ni ez naiz PNV-ri ezeren errua botatzen ari. Besterik gabe, urtarrilaren 10eko Berria egunkarian, Martxelo Otamendik idatzitako zutabea irakurtzeko gomendatuko nizueke. Hor esaten duenaz ari nintzen ni ere. Berak hobeto azaltzen du. Hemen helbidea:
http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=euskalherria&data=2008-01-10&orria=010&kont=005

11 enero, 2008 13:36  
Anonymous Anónimo dijo...

Harritzekoa Gorospe jauna orain ere, ezker abertzalearen kontra egitea. Orain arte kriterioagaz idatzi izan duzula iruditzen zait, baina azken boladan zure idatzien maila dexente jeitsi da. Zenbat liburu irakurtzen dituzten al dakizu elkarrizketa bat irakurrita? Zein da komentario horren helburua? ez ote zara errazkerian erori zu ere?
Agian ezker abertzaleak frakasatu du, agian euskal herria herri bezala desagertzen ari da. Hori bai, ezker abertzaleko pankarta baten atzean jartzen den oro edo ekitaldi batera joaten den oro lepoa jokatzen ari da gaur egun. Atentatuetan hildakoek ere dena galdu dute, presoen senitartekoek ere asko galtzen dute egunero, torturatuak ere, presoak, itxitako egunkarietako langileak, fidantzak ordaintzen dituztenak, herriko tabernetako langileak, ezker abertzaleko militante soilak...
Jende asko sufritzen ari da pelikula honetan.
Beste batzuk Audi-a, Kontratak, hormigoia, entxufeak, afariak, lehengusuak, eta abarrekoak irabazten dituzte, zeren truke?
Eta azkeneko galdera. Egunkariako zuzendariak esaten duen bezala,(pairatu baitzuen) eta euskaldun orok dakien bezala tortura sistematikoa da. Zuek torturatzaile diren partiduekin eguneko tratu "normala" eta "demokratikoa" duzue.Haiekin elkarlanean zabiltzate aspalditik. Hori zilegi da?
Horregatik tortura kasuak azaltzen direnean sortzen zaizu, Gorospe jauna, ETA-ren biolentziari buruz hitzegiteko gogoa. Torturatzaile eta konkistatzaileen kolaborazionista izateak sortzen dizun kontzientzia karguarengatik. Ba, ETAk gaizki egiten du jendea hiltzen. Eta hiltzea moralki dagoen gauza arbuiagarrienetako bat da. Baina diru truke tortura kasuak ezkutatzea, eta horrelako ankerkeriak ez salatzea ez dago askoz ere hobeto.
Gaizkile "komunak" izango balira torturatutakoak, indar gehiagorekin salatuko zenituzten. Eta horrek badu bere zergatia.... zuek etzaudete pelikula honetatik kanpo.
Ondo izan

12 enero, 2008 23:26  
Anonymous Anónimo dijo...

Zuetako inor ez dago kartzelean, haiek zaintzen edo hango subkontrata bat zuzentzen ez bada.
Burgesak?
agian bai, baina oraindik ez dugu duintasuna saldu.

12 enero, 2008 23:39  
Anonymous Anónimo dijo...

De todas maneras, esta situación que se esta generando con las ilegalizaciones, políticas de excepción, torturas ...etc. necesita retroalimentarse y cada vez engullir mas. A alguien se le ocurre pensar a por qué iran una vez de que se coman a todos los batasunos?
Los del PNV, estais dando de comer a la boca que os va a morder. Pero como ya teneis a quien echar la culpa. Sólo basta observar vuestra trayectoria para darse cuenta de que no falta demasiado para que haya un cambio en Lacua. Además, es necesario.

13 enero, 2008 08:08  

Publicar un comentario

<< Home