Prozesu berritzaile eta partehartzailea


Burujabetzaren aldeko prozesu berritzaile eta partehartzailea.

Ez badu hainbat aldiz ere, Pariseko eta Madrilgo prentsa edo aktualitate mediatikoan lehen orrialdea betetzen ere, emeki bezain segurki Ipar Euskal Herriko abertzale mugimendua eta hunek daraman konzientizatze lana aintzina doa. Urratsez urrats, ez beti guk abertzaleok nahi ginukeen bezain abiadura haundiz, bainan bai agian, gure arerio politiko jakin batzuk desio luketen baino arras erneago.




Egun hemen, beste politika arloko hainbat adibideren artetik, bi soilik aipatuko ditugu.

1789ko frantses iraultza garaitik, Garat anaiek plaza publikoan jarririk, 80 hamarkadan bultzada berri bat harturik, 99tik goiti hautetsi eta auzapezen elkarte batean oinarriturik, Euskal Herri Departamendu baten aldeko mugimendua, azken hamarkadako ariketa politico emankorrena bilakatu da, Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan.

Eskakizun instituzional gisa, abertzale eta aurrekoi giren heinetik, aski eskasa eta gabeziaz betea iduritzen bazaigu ere, ezin dugu uka, bereziki BATERA plataformaren konzentizazio lan ikarragarriagatik, azken urteetako aintzinamendu politiko erredugarri bezain garantzitsua bilakatu dela Batera “fenomenoa”.

% 85 frantses bozkatzen duen EHko parte huntan, horietan gehiengo nabarmen batek kontserbadore eta eskuin gainera, Baterak lortu du jendarte zibilaren baitako aldaketa nabarmen eta esperantzagarria: ariketa politiko eta demokratiko baten bidez, kontzientzia kolektiboa martxan jartzea, soilik hain premiazkoa eta oinarrizkoa izan behar litaiken adarrikapen baten inguruan: HERRIAK HITZA ETA ERABAKIA.

Batera kanpaina dela eta, kontzientziak aldatu egin dira Ipar Euskal Herrian. Batera dela eta lurraldetasun kontzeptua ez da zerbait abstraktoa: errealitate saihets ezina bilakatua da. Eskiulatik Hendaiarat eta Donapaleutik Urepelerat.
12000 jende Baionako karriketan , auzapezen % 66 alde eta jendarteko 38000 izenpetzeekin, lorpena ez da ttipia. Baliagarria izango dela, hemendik aintzina ditugun erronkei buruz, dudarik ez !

Batera ekimenaren bitartez frogatu ere zoritxarrez Parise eta estadoaren ukoa, mespretxua eta erabateko errepresioa ere. Frogatu da ere, beldurra sortu zaiola bere oinarrietaraino. Frogatu da Bateraren bitartez borroka zibil, ezbortitz eta partehartzaile xume bezain kementsu batek ahalbidetuko duela Ipar Euskal Herrian bezala, gure ustetan EH osoan ere, urratsez urrats beti eta ozenago egi bihurtzea : HERRIAK HITZA ETA ERABAKIA.


Agian, kontzientizazio lan erredugarri horrek ere ahalbidetu luke, abertzale eta ezkerrekoen ikusmolde aldaketa baten premia, hauteskunde erronka ezberdinen aintzinean.

2007ko Ekaineko frantses legebiltzarreko hauteskundeetan estreinatu zuten Abertzaleen Batasuna, Batasuna eta Eusko Alkartasunak Euskal Herria Bai ( EH Bai) koalizioa, zoritxarrez azken momentuko EAJren defekzioarekin.

Ezin uka, ikusita zer nolako fragmentazio, haustura eta hauteskunde taktika oso ezberdinez osatua zegoen panorama abertzalea, gauzak ez zirela beti goxo eta xinple joan hasierako EH Baien urratsetan. Baina hemen ere, frogatu zen, azken finean dena nahikari politiko kontu bat dela. Hiru eragileek argi zeukaten EH Bai, hiru siglen batuketa baino aise zerbait gehiago zela. ABk, Batasuna eta EAk ulertua zuten indar metaketa zela aterabidea eta bakoitzak zerbait utziz beretik, zerbait ikasiz bestetik, perspektiba ilusionagarri eta berriak ahal zirela urratu hauteskunde eremuan ere.

Etengabeko kontsentsuaren ariketa sakonduz, bakoitzaren errespetuan, ezberdintasun politiko eta ideologikoak estali gabe, bide soilik politiko eta demokratikoen apustua lehenetsiz, lortu zen eta lortu da berriz udaberri huntan ere, kantonamendu hauteskundekari, EH Bai koalizioak goranzko emaitzak lortzea, eta panorama politikoa astintzea, tokika « arbitro » bilakatzeraino.

EH hegoaldeari begira, erabat egoera soziopolitiko ezberdin batean izanik ere, hunek dakarren ezberdintasun taktiko eta estrategiko guziak kontutan harturik ere, Maltzagako mahaikide gisa erran dezakegu ere, Ipar Euskal herriak ere, bere harriak ekartzen dizkiola, bere erritmoz eta bere urrats berezituen bitartez, Euskal Herri osoarentzat desio dugun burujabetza prozesu berritzaileari. Epe luzerako zubilan eta elkarlan hori, gure herriko indar eta eskualde bakotxaren nortasuna eta ezberdintasunak errespetatuz eramanen dugula, sinesten dugu.

Elkarlan, indarren metaketa eta ariketa berritzaile eta partehartzaile horiek, EHko jendarte guziari zuzendu eta egokitu beharko zaio, izan abertzale edo ez, euskaldun izan edo ez.

Burujabetza prozesu horrek, ulertua eta onartua izango den heinean, EHko jendarteari, bere geroari buruzko ikusmoldea adierazteko aukera emango duen bezala, ikusmolde hori eta horren ondorio guziak, Frantses eta espainiar estatuek errespetatzen lortzea izanen du azken helburu. HERRIAK HITZA ETA ERABAKIA !

Andde Sainte-Marie eta Mertxe Colina Maltzagako mahaikideak
Manex Pagola eta Txomin Peillen Maltzagako ekimenaren kideak