Araba, EAJren eskutik


Arabako Batzar Nagusietako EAJko batzarkideek artikulu bat bidali zuten Gara egunkarira, Jon Iñaki Usategi ANVko batzarkideak egunkari horretan argitara emandako beste bati erantzun nahian. Garak ez zion egoki iritzi publikatzeari. Hona hemen:

"Bitxia da Usategi jaunak “PNV en Araba: un primer balance” artikuluan egiten duen hausnarketa. Eta bitxia da adibide gehienetan, guztietan ez esatearren, diagnostiko maltzur xamarra eta zeharo okerturik egiten duelako. Asko dira aipatzen dituen gaiak; besteak beste: PNV-PSEren arteko akordioa Diputazioan eta Vital Kutxan; Legutioko atentatuaren ondorio politikoak; EAJren hogei urteko gobernuaren ondorioak; edota gure Lurralde Historikoaren oraingo instituzio-errealitatearen diagnostikoa. Haatik, nik azken gai honi jarriko diot arreta, gaur egungo instituzio-errealitateari alegia.



Izan ere, Usategi jaunaren oraingo erakunde-errealitatearen diagnostikoa oso urrun dago benetako errealitatetik. Gaur egungo diagnosi hori lau zutabetan oinarritzen du: Trebiñu auzia; Euskara hizkuntza-politika; Gizarte politika eta Euskal Herriaren identitatearen sendotze politika. Politika hauek seriotasunez ebaluatzeko goiz bada ere -legealdiaren urte bat besterik ez delako pasa-, datu nahikoak daude antzemateko gauzak erabat desberdinak direla.

Hasteko, ez da berria EAJren jarrera Trebiñu auziari dagokionez. Jeltzaleok urteak daramatzagu aldarrikatzen Trebiñu Araba dela eta trebiñutarren erabaki demokratikoa onartu behar dela. Ez dira gutxi izan, bai Madrilen bai Gasteizen, EAJk helburu horrekin aurkeztutako ekimen eta proposamenak. Haien artean sinbolikoak, bai, -“Trebiñuren mastarena” bezalakoa-, baita eduki politikoa dutenekoak ere. Azken hauen adibidea dugu Aldundiak berak Trebiñurekin sinatu nahi duen hitzarmena, Trebiñu Araban sartzearen aldeko urrats sendoak emateko helburuarekin.

Bigarrenez, eta gure hizkuntzari dagokionez, ukaezina da EAJren eta oraingo Aldundiaren euskararen aldeko apustu irmoa. Egia da ez dela sortu Euskara Saila, Sail jakin bat ANVk eskatzen zuen bezala. Euskara barneratua dago Kultura eta Kirolarekin sail berean, baina hori gutxiengoa da euskararen aldeko benetako politika aktiboak bultzatzen eta garatzen badira. Eta hor dugu adibide argigarri bat 2008. urteko aurrekontuetan. Aurrekontu hauetan ia hirukoiztu egiten da lehengo gobernuak, PPko gobernuak alegia, euskarari ematen zion diru kopurua. Hirukoiztu. Euskara bultzatzeko ekintzen artean daude, esaterako: euskararen erabilera sustatu eta hedatzeko jarduerak; Koadrila eta udal herritarrek euskara ikasteko programak; edo gure Lurraldean euskararen inguruko ekitaldi edo gertaera jakin batzuentzako laguntzak; haien artean: Araba Euskaraz-erako, Geu Gasteiz aldizkarirako, edo Arabako Bertsozale Elkarterako. Agian norbaitek pentsa dezake ahalegin handiagoa egin daitekeela euskararen alde, nik ez dut hori ukatuko, baina PPren eta EAJren hizkuntza-politika berdina dela esateari gehiegi deritzot.

Hirugarrenez, gizarte politika da Xabier Agirre gobernuaren ezaugarririk nagusiena, gobernu honen ardatza, hain zuzen. Adierazgarria da gizarte-zerbitzuei eman zaien bultzada, 1999. urteko maila berreskuratzeko asmoz. Aldaketaren aldeko apustua egin dugu gai honetan. Hori dela eta, 2008.urtean, Aldundiak 186,3 milioi euro zuzenduko ditu gizarte politikarako, aurreko gobernuak iaz emandakoa baino % 25,5 gehiago. Legealdi honetan eraikiko dira, besteak beste, Abetxuko, Gasteiz Sur eta Lakuako adinekoentzako egoitza berriak; eta Aramaio, Aiala eta Koartangoko eguneko zentroak. Eta hori, mendekotasunari aurre egiteko laguntzak ahaztu gabe, edota ezinduei eta familiei zuzendutako beste gizarte-zerbitzu garrantzitsuak. Beraz, datu hauek kontuan hartuz, zaila da sinestea, edo gutxienez ulertzea, Usategiren hitzak gizarte politika inguruan.

Eta azkenik, Euskal Herriaren identitatearen sendotze politika dago, Usategiren iritziz, erabat baztertua EAJren eskutik. Nire iritziz, berriz, herri baten nortasuna eta identitatea sendotzeko tresnarik egokiena -hizkuntza nazionala, euskara erabiltzeaz gain- autodeterminazio eskubidea bermatzea eta praktikan jartzea da, herriak bere etorkizun politikoa, ekonomikoa eta soziala askatasun osoz erabakitzeko. Eta hori da, hain zuzen ere, Ibarretxe Lehendakariak bultzatzen duena kontsulta baten bitartez. Hori da, Agirreren foru gobernuak ere defenditzen duena. Gure herriak erabakitzeko eskubidea dauka eta norbaiti sinestezina iruditzen bazaio ere, Lehendakariak, Agirreren kabineteak eta Euzko Alderdi Jeltzaleak ez diote uko egingo eskubide eta oinarrizko printzipio politiko horri, nahiz eta horrek Foru besaulkia behar baino lehen galtzea ekarri.

Azkenik, eta aurreko guztia ikusita, zaila da Usategiren diagnosia eta hitzak sinestea. Edo Arabako Foru Aldundiaren benetako kudeaketa eta errealitatetik tokitan dago, edo propio, nahita, aldendu du bere burua errealitate honetatik, ezker abertzalearen gabeziak estaltzeko asmoz".

4 Comentarios:

Anonymous Anónimo dijo...

Nire ustez, Zarrabeitiaren erantzuna beharrezkoa da. Berak sortu zuen Arabatik bloga eta oraintxe bertan, Arabako Foru Aldundian lan egiten ari da.

«Ibarretxe Lehendakariak bultzatzen duena kontsulta baten bitartez. Hori da, Agirreren foru gobernuak ere defenditzen duena.» Eta zer esan digute Arabako Biltzar Nagusiaren biltzarkideek?

06 agosto, 2008 12:48  
Anonymous Anónimo dijo...

Bitxia da oso Gara-koek duten adierazpen askatasunaren kontzepzioa, baina tira ez da berria asuntu guzti hau. Nola argitaratuko zuten bada horrelako artikulu txukuna eta ondo argudiatua?

07 agosto, 2008 08:42  
Anonymous Anónimo dijo...

Maider, ba agian duela zenbait egun Iñaki Anasagastiren eskutitza argitaratu zuten bezala, edo halako beste hainbat publikatu dituzten legez. «Ez da berria asunto guzti hau» esan, ta lasai geratuko zara. Arabako biltzarkideek konfirmatu al dute GARAkoei beren eskutitza heldu zaiela? Artikulua txukuna eta ondo argidiatuta egongo da, baina zuk idatzitakoa...

07 agosto, 2008 12:11  
Anonymous Anónimo dijo...

¿Qué han hecho los radicales por Araba, pongamos, en los últimos 50 años?. ¿Por el euskera?. ¿Por la cultura vasca?. ¿Por la economía?. ¿Qué autoridad moral tiene el tal Palomera para hablar de EAJ?

08 agosto, 2008 11:49  

Publicar un comentario

<< Home