Iruñerrian umeekin


Urte pila eman nituen Iruñara itzuli gabe. Azken urteotan, ostera, para bat aldiz bisitatzen dut urtero. Gaur ere bai. Nire andrea seme gazteenarekin Hueto aldera joan da, mendia egin eta txoko baten bazkaltzeko. Zaharrenekin gelditu naiz eta zer egin nahi zuten galdetu diet: mendia, bizikleta, (…). Ez, beste zerbait gura zuten. Iruñara ba. “Aite, goazen zure lagun Germanen oroitarriaren bila”. Banekien hainbat galderari aurre egin beharko niela, eta baten bati zentzuz erantzutea kostako zitzaidala. Ez dakit zer dela-eta nire semeak gaur buruan saruta izan duen berak polizia edo militarra izan nahi duela handitan. Ni ixilik. Gehienez ere “heuk jakingok” erantzuten diot. Oroitarrirarantza Carlos III kaletik gindoazela, galdera: “Aita, nork eta zergatik hil zuten?”.


“Ba poliziek, eta tiroz”. Nik banekien zer zekarrn horrek: “Zergatik?”. “Ba duela pila bat urte gertatu zen, San Fermin batzutan, poliziak ezelango arrazoi barik zezen plazara sartu eta mundu guztiak jipoitzen eta egurtzen hasi zenean. Egoera guztiz trakestu zen eta poliziari aurre egin genion. Ni, orduan, La Txantreana peñako kidea nintzen. Kaleko borroketan German hil zuten eta ni zaurituta atera ninduten su eta ke artetik”. Biek zeuzkaten galdera pare bat prestatuta: “Bere hiletetan izan zinen? Zure laguna zen?”. Nik: “Bai, lagunak ginen eta biharamunean lagunek ospitaletik atera eta Dimera eraman ninduten bekain ezkerrean zortzi grapa nituela. Ezin izan nintzen bertan gelditu”.

Gero, galdera fatidikoa: “Aite, zu borroka zinen?”. Zaila da horri erantzutea ia 50 urte izan eta zure bilakaera ideologikoak beste bide bat hartu duenean. Zaila da baietz esatea, jakinda aurretik sarri esan diezuela nahi duten bidea har dezatela baina ez bortizkeria-biderik. Are zailagoa da esplikatzea 1978tik gaur arteino euri asko bota duela. Ze hurrengo galdera ere segidan dator: “zu ETAren aldekoa zinen, zu ETAkoa zinen?”. Zuk badakizu hamabi urteko ume nerabetu bati ezin diezula edozein modulan ihes egin, ezin ihes egin diezaoikezun moduan ia zuk porrorik erre duzun galdetzen dizutenean. Batik bat erantzuna bada “bai, ehundaka”. Eta hortik aurrerakoak.

Ez nien suster handiko erantzunik eman. Hor gelditu zaizkit eskegitea, jakinaren gainean berandu baino lehen azalduko direla berriro ere, kanpai joka. Geure lehenaren gatibu gara. Are gehiago egindakoaz ez bazara damutzen. Ez naiz ausartzen esaten berriro jaiota bide berbera egingo nukeela esatera, batean zein bestean; ezta ez nukeela egingo esatera ere. Guk, alde bateko eta besteko eskarmentu bitala daukagunok guzti horrek osatutako egitura daukagu gaur egun, eta ni ez nago prest ezer ahaztu eta bazterrean uzteko.