Proiektu soberanista sendoa Euskal Herriarentzat
|
Pako Aristik bake-prozesuaren aurrean politikariek adierazten duten optimismo eta itxaropen faltsuak salatzen ditu atzoko Berrian. Daturik gabeko itxaropena inozotasun itzela baino ez dela dio, errealitatetik kanpo bizitzea alegia. Ados nago berarekin, optimismoa eta pesimismoa jarrera subjektiboak dira, hots, egoera baten aurrean norberak azaldu dezakeen jarrera. Errealitateak, ordea, bere bideari ekiten dio jarrera subjektibo horien guztien gainetik. Horregatik, konponbide politikoa datuen gainean eraiki behar da, Euskal Herria Berriaren leloa amets hutsa ez dadin izan. Ados nago Pako Aristirekin, bai: nazio proiektua falta zaigu euskal herritarroi. Nola aintzat hartuko gaituzte Europan, Espainian edo Frantzian, gu geuk ez badakigu zer nahi dugun? alegia, gai ez bagara euskal herritarrak batzen gaituen inguruko kontuetan gutxieneko batasun bat lortzen. Euskal Herriak proiektu subiranista bat behar du, eta alderdi politikoek horren inguruan bildu behar dituzte beren indarrak, baliabideak eta estrategiak. Hori ikusten dugunean sortuko da herritarrongan benetako ilusioa eta itxaropena. Bien bitartean, itxaropenak eta optimismo zantzuak amets hutsak. Euskal Herriak behar duen proiektu subiranista horrek datuak behar ditu, seriotasun minimo batekin landu eta eraiki nahi bada. Eta horretaz jabetuta, azken aldi honetan hainbat eragile ari dira lanean: hor dugu Gaindegia, Euskal Herri osoko datu ekonomikoak biltzen eta ikertzen; Berria egunkaria eta bere inguruan sortu den komunikazio-taldea; Euskal curriculumaren proiektuaren inguruan bildu diren eragileak; Ikastolak, irakaskuntza euskaldunarentzako material propio sortzen, Euskaria fundazioa, Monzon jaunaren ideiari jarraiki, Maltzagaraino abertzaleak elkarrekin joateko sarea sortzeko ahaleginetan; eta beste hainbat. Atzoko Berriak beste ekimen interesgarri baten berri ematen digu: Eusko Ikaskuntzak eta Euskal Kultur Erakundeak plazaratu berri duten euskaltasunaren inguruko ikerketa. Ikerketa horrek Euskal Herri osoa hartu du bere baitan; beraz, euskal nortasuna zazpi herrialdeetan ikertu duen lehen azterketa da. Behar dugun subiranotasunaren aldeko proiektuarentzat lehengai zinez interesgarria. Ikerketa horretan honako datu hau azaltzen da: “Zazpi lurraldeak zerbaitek lotzen baditu euskalduntasun sentimendua dela, alde kulturaletik eta hizkuntzarekin osatua”. Hala nola, esanguratsua da Euskal Herria osoan inkestatutako % 87k nahiko luketela beren seme-alabek euskaraz jakitea. Hori nola lortu izango da adostu beharrekoa, baina badirudi euskal nortasunari eusteko helburuan herritar asko ados gaudela. Ferran Requejo filosofo katalanak gaur eguneko demokrazia plurinazionaletan bi alor bereiztu behar direla esaten du: alor sinbolikoa batetik, eta arlo sozioekonomikoa bestetik. Eta eremu bakoitzeko auziak eta arazoak konpontzeko tresnak ere ezberdinak direla azpimarratzen du. Gaur egun alderdi politiko abertzaleek eta ez abertzaleek errezeta berdinak edo, bestela esanda, tresna berdinak aplikatzen dituzte arlo sinboliko eta arlo soziokonomikoetako auziak konpontzeko. Are gehiago, batzuek eta besteak nahasten dituzte eta batzuek besteen truke negoziatzen dituzte. Requejo jaunak alor sinbolokoan nortasuna, kultura, hizkuntza, kirol federazioa eta beste batzuk sartzen ditu eta horiek babesteko herriak tresna bereziak izan behar dituela defendatzen du, edozein dela herri horrek duen egitura juridiko politikoa (autonomia erkidegoa, estatu federatua, estatu independentea…). Esaterako, arlo honetan herriak beto eskubidea izan beharko lukeela bai Estatuko erakundeetan, Espainian eta Frantzian gauden bitartean, bai Europakoetan. Alor sinbolikoko gaiak adostasun minimo bat eskatzen dute nortasun bera defendatzen duten herritarren artean, eta zer esanik ez herritar horiek ordezkatzen dituzten alderdi politikoen artean. Alderdi politikoek, beraz, horretaz jabetu behar dute eta eremu sozioekonomikoan norberak bere proiektua defendatzen jarrai badezake ere, arlo sinbolikoko gaietan euskal alderdiek eta euskal herritarrek bere erakunde propioak aldarrikatu eta sortu behar dituzte, euskalduntasuna ausardiaz defendatzeko eta euskalduna izaten jarraitu ahal izateko bai Europan, bai Espainian eta bai Frantzian. Udalbiltzak eta Udalbidek, beraz, elkartzeko bideari ekin beharko liokete, nire ustez. Nortasun sendo batek ekarriko du, nahitaez, herritarrek arlo sozioekonomikoetan ere aliantzak eta harremanak izatea eta egitura juridiko-politiko erkideak sortzeko beharra sentitzea. Bide horretatik gauzatu ahal izango da Euskal Herriak behar duen proiektu soberanista. Hala uste dut nik behintzat. Etiquetas: Euskadi |
1 Comentarios:
Aristiren aburuz aparte, zurekin bat nator, batez ere zure Gaindegiaren iritziarekin. Bazkide naiz eta, asko gustatu zait erreferentzia. Esker mila.
Publicar un comentario
<< Home