Gure ertzainak
Arkauteko Akademian izan zuten Retolaza hil ondoren, herriak, batik bat jeltzaleek, beren azken agurra egin ziezaio(te)n. Ez zen hitz txarrik entzun. Denenzat izan zen gizon abertzalea, borrokalaria, EAJko betikoa eta hil artekoa. Bere alderdikideen artean gizon maitatua izan zela ezin ukatu. Bere izanari zegokien izaera hori. Izena, ostera, Ertzainaren sortzaile modura hartu zuen, gehienbat, Retolazak. Horregatik aukeratu zuten Arkaute azken agurrerako. Ertzaina betitik izan da ikur berezia jeltzaleentzat, naziogintzari nortasun berezia eta izaera apartekoa eman ohi dion ikurra. Ez da, ordea, dena eztia izan Ertzainaren ibilbidean, eta ez da erakunde txalogarria herritar ororentzat. Ertzainak ere sofritu behar izan ditu, gehienen antzera, ETAren eztenkadak. Ertzainak gehiago, polizia delako. Zipaiotzat jo izan dute ezker abertzalekoek betitik; agintari arrotzen menpean dagoen poliziatzat. Areago: gainerako askori ere kosta egiten zitzaien euren polizia legetxe aitortzea, bertan sartzen ziren asko oso garbiak ez zirelako. Eta batik bat ertzain askok euskararekiko eta euskal erakundeekiko joera abegikorrik erakutsi ez dutelako. Ertzainek jende artean egiten dute lan. Euskararik ez dakien jende artean eta, baita ere, euskaraz dakitenen artean. Ertzainak ez du neurri egokia eman, ezta gaur bertan ere, gure hizkuntza nazionalaren aurrean. Hori horrela da. Eta horrela da, batik bat arduradunek hala nahi izan dutelako, Retolaza barne. Beste aspektu batzuk jarri dira hizkuntza gaitasunaren gainetik, orain Osakidetzan gertatzen deneantxe. Ertzain izateko ez da, sekula, euskararik exijitu. Gero, nahi izan duenak (ez beti) eduki du ikasteko aukera. Emaitzak urriak izan dira, urriegiak. Ertzainen lan-jarrera ere, euskararekiko, ez da izan beti egokiena. Zenbat bider entzun dugu irainak eta egurra ere jaso izan dutela norbaitzuek euskaraz berga egitearren ertzain erdaldunen aurrean? Dena ez da egia izango, seguru asko. Egia ez den moduan euskara erabiltzen duten guztiak Batasunakoak direla. Eta izango balitz ere, zer! Duela hilabete horrelako kexua irakurri nuen Berrian, Edorta Agirre idazleak idatzia. Egia bada, latza benetan. Ez dakit ertzainek euskaraz jakin behar duten; dakidana da EAEko herritarrek euskaraz egiteko eskubidea dutela, eta halako batean gertatzen bada herritar euskaldunak eta ertzain erdaldunak tupust egiten dutela, ez da herritarraren zeregina barkamena eskatzea. Etiquetas: Euskadi |
<< Home