Kandidatu honek ere badu zer esanik


Vitoria-Gasteizko zerrendan atze-putza naiz. Azkenengoa. Gogoan dut, oraindino, zelan lehen, ziklismoan, saritu egiten ziren azkenak. Arazo ere bihurtu, eta kendu behar izan zuten, horixe zen baitzen batzuk saria lortzeko zuten aukera bakarra. Zerrenda-betegarri hutsa naizenez, ez didate iritzia eskatu nire hiriari (Gasteiz) buruz. Ez pentsa, horratio, ez dudanik ezer esateko. Badut. Ez naiz aditua kudeaketa kontuetan. Ezer gutxi ekar dezaket alde horretatik. Ni, funtsean, abertzalea naiz, eta nire Alderdia (EAJ) ere halakotzat dut.

Alderdirik gehienek janzkera antzekoa dute hauteskunde hauetan: udal kudeaketa, hirigintza, hiriaren antolamendua, herritarren egoera soziala, zaharren atentzioa eta gazteak aintzat hartzea. Horretan berdina diote PPk, PSEk, EBk, Aralarek eta EAk. Norengana joko dute herritarrek? Ezagutzen dutenengana. Zenbait hausnarketa horren arabera egin beharko dira, bestela ez dira aterako kontuak, edo, okerragoa dena, gaizki aterako dira.

EAJ alderdi abertzalea da. Alderdi abertzale batek nahitaez erantsi behar dio plus bat kudeaketa arruntari: jarrera eta ekintza abertzaleak. Baita udal- eta foru-hauteskundeetan ere. Ez dut gutxietsi nahi Cuerda garaia. Alkate ona izan zen, dudarik gabe. Berak sortu zuen, zelanbait, gaur egungo Gasteiz. Cuerda kudeatzailea eta herrikoia izan zen. Norbaitek esan dezake bere irudia abertzalearena izan zela? Plus hori falta zitzaion, nire ustez.

Egia da, bai, ez dugula inozoak edo, gura bada, suizidak izan behar. Gasteizen gaude. Hau ez da Oiartzun edo Gernika. Hemengo ezaugarriak bereziak dira. Ausartu ere egingo nintzateke esatera EAJri botoa ematen dioten askok abertzale izatea zer den ere ez dakitela. Areago ere bai: euren burua abertzaletzat duten askotxok izendapenetik kanpo ezer gutxi dutela. Ez da gure etxeko kontua bakarrik. Ez dut uste soberan ibiliko direnik EAn, Batasunan edo Aralarren bertan. Antzeko paresido.

Hala ere, galdera zehatza da: Zerk bereizten gaitu alderdi euskal-espainiarrengandik? Abertzaleak eta jeltzaleak izateak. Kudeaketa bera ere modu ezberdinean ikusteak. Egiten den guztiari euskal dimentsioa emateak. EAJko zerrendan lehenengo doazenetatik gehienek dakite euskara. Zenbatek erabiltzen dute? Uste izango dute horrek ez duela botorik ematen. Nik kontrakoa diot. Gasteizen euskaldun asko gaude, euskara egoera normaletan egiteko prest, gure haurrentzako hiri euskaldun bat eratzeko irrikitan.

Nire alderdiko hautagai Mikel Martinezek eta gainerakoek ez lukete ahaztu behar esandakoa. Guk ere eskainiko dugu besteek eskaintzen dutena. Zerbait gehiago ere bai: gu abertzaleak gara, horrek esan nahi duen guztiarekin.

Etiquetas:

1 Comentarios:

Blogger Unai dijo...

Zein da hau? Nor da EAJren zerrendako azkena?


Bide batez, inkestak betetzen badira, gerta daiteke Na-Baik Iruñean EAJk Gasteizen baino emaitza hobeagoak izatea...

16 mayo, 2007 10:26  

Publicar un comentario

<< Home