“B” Planik bai?


Demokraziaren inguruko nire hausnarketatxoekin jarraitzeko asmoa nuen, baina alderdi politikoen azken eguneko adierazpenak ikusita, zer esango dizuet bada (...), gogoak kendu egin zaizkit. Irratian entzun nion hizlari bati alderdi politikoek ez dutela “B planik”: sozialistek behar dute bake prozesua nolabait bideratzea Espainian hauteskundeak irabazteko aukerak izateko; ETAk indarkeria duintasunez uzteko beste aukerarik ez du; Batasunak politikan sartu behar du biziraun nahi badu; EAJk ez du beste biderik proposatu Euskal Herri osoan normalizazioa ezartzeko (....).

Madrileko atentatua eta geroko krisia gainditzen jakin izan genuela usten nuen, herritarrek bake-prozesuari eman genion sostenguari esker: De Juana etxean; alderdi politikoen adierazpenak; aurrera jarraitzeko asmoa zutela esanez; herritar batzuek aberri egun bateratuaren alde egindako deialdiari alderdi abertzale guztiek eskainitako atxikimendua…

Aberri Eguna eta gero, ordea, ETA berrantolatzen ari den susmoa azaldu da, alderdi politikoen arteko purrustada etengabeak, Batasunarekin biltzeagatik hainbat ordezkari politiko auzitegiaren aurretik pasa behar izatea, Batasunak hurrengo hauteskundeetan parte hartzeko oztopoak…

Eta hori guztia hauteskunde garaian. Nola da posible demokraziak duen tresna nagusiaren aurrean, alegia, hauteskundeen aurrean, akordio politikoak blokeatzea eta egoera horrenbeste nahastea? Zer nolako demokrazian bizi gara?

Antza, alderdi politikoen arteko harremanak bake prozesuaren inguruan blokeatuta daude, eta Imazen arabera, okerrenerako ere prest egon behar du gizarteak. Baina, hala izan behar badu, zein da “B" Plana?

Bake-prozesuari hasiera eman zitzaionean, denek esaten zuten prozesu zaila izango zela, indarkeriaren kontuak ez zuela atzera bueltarik eta herri honek izango zuela bere etorkizuna erabakitzeko aukera. Nik sinistu nuen, agian inozoki, baina, ezin da ahaztu hori dela euskal gizartearen gogo nagusia.

Ibarretxek esandakoaren inguruan, Eitb24-n irakurri dut: «Otegi herritarrei galdetzearen alde agertu da, betiere 'ondoren jendeak erabakitakoari men egingo bazaio'. Alabaina, argitu duenez, ezker abertzalearen aburuz lehendabizi euskal alderdien artean akordio batera iritsi behar da eta ondoren hitzarmen horren inguruko erreferenduma egin beharko litzateke EAEn eta Nafarroan». Horren harira, Otegiri galdera hau egingo nioke: eta alderdien artean akordiorik lortuko ez bazenute prozesuekin (bake prozesua eta normalizazio politikoarena) aurrera jarraitzeko eta ETAk su-etena apurtuko balu, zein litzateke “B" plana? Agian, herriari kontsultatzea ez litzateke hain txarra izango, izan ere, okerrena ezer ez egitea izango bailitzateke, nire ustez.

Prozesua desblokeatzeko, ekintzak eta adorea behar dira. Alderdi politikoak ez badira gai akordioak lortzeko, beharbada gizarteak esan beharko die zeintzuk diren elkarbizitzarako gutxieneko adostasunerako puntuak, eta hori herri-kontsultaren bidez egin daiteke.

Etiquetas: