"Comunidades limítrofes"


Eusko Ikaskuntzak euskal nortasunari buruz landu berri duen inkesta erraldoian hainbat gaik harrituxe utzi ditu berton ardura izan duten E. Baxok eta I. Martinez de Luna. Zer izango?: Euskal Herriaz euskal lurraldeetako herritarrek duten kontzeptu zeharo ezberdina. Batzuk EAE jotzen dute Euskal Herritzat, beste batzuk Hegoaldea, Iparraldeko zenbaitek mugaz handiko lurrak besterik ez, eta horrela. Ez da harritzekoa. Neuk jarriko dizuet adibide bat, ustez euskal lurraldearen kontzeptualizazio eta erabilpen anitzaren berri ematen duena.

Aurreko batean Kutxako lehendakari Etxepare azaldu zen prentsaurrekoan adiraziz ezen, bere ustez aurtengo partean batuko zirela euskal kutxak. Etxepareren euskaltasun horretan Araba, Gipuzkoa eta Bizkaikoak baino ez dira sartzen, nonbait. Etxepare, Kutxako burua izateaz gain, Federación de Cajas de Ahorros Vasco-Navarras (ez du euskarazko izenik) delakoaren presidentea ere bada. Izenak, kasu honetan, izana ere markatzen du: cajas vasco-navarras. Egunkari espainiar batek zioen moduan “Etxepare abrió nuevas expectativas ante la posibilidad de compartir fusión con entidades de comunidades limítrofes. Aunque no quiso citar ninguna 'por respeto'”.

Zein ote da “entidad limítrofe” hori? Eusko Ikaskuntzaren aipatu inkestari erreparatzen badiogu Kantabria ere izan daiteke, ezen bizkaitarren portzentaje handi batek kantabroekin harreman estuagoak izatea izango luke gogoko, eta arabar eta bizkaitarretatik askok baita Burgos eta Errioxarekin ere. Zein izan daiteke mugako Kutxa hori? Nik pentsatu nahi dut CAN dela, Caja de Ahorros de Navarra, Osasunako gorritxoek hain harro euren elastikoetan erakusten duten aurrezki kutxa. Ez dago, ordea, oraingoz jakiterik. Pentsatu ere pentsa liteke maiatzeko hauteskundeek zeresanik izango dutela kontu horretan.

Etiquetas: