Bake-prozesua: puzzlearen zatiak lotzen ( II )


Aurreko post batean bake-prozesuan protagonistak izan diren alderdi politikoen (EAJ, Batasuna, PSOE) sukaldeen mahaien gainean zer nolako piezak zeuden aztertzen genuen. Oraingo honetan bake-prozesua zergatik porrot egin duen aztertu nahi genuke, alegia, zergatik ez den lortu zeuden zatiekin puzzlea osorik osatu. Bernardo Atxagaren antzarra ez da hori egiteko gai izan eta etxera itzuli da.


Zein izan daiteke, bada, porrotaren azalpen logikoa? Edozein herritar bezala ez dut elkarrizketetan zuzenean parte hartu, beraz, aurretik doa egiten den analisia huste hutsa dela. Hala ere, herritarrok bake-prozesuak zergatik egin duen porrot jakin nahi dugu, eta alderdi politikoen arduradunek oraindik ez dutenez benetan gertatutakoaren inguruan azalpen argirik eman, horra hor nirea.

Ezker abertzaleak Hego Euskalerria erakundetzeko proposamena egin zuenean bere “etxeko” eskariei begiratu zien batez ere: bake-mahaian ez zegoen aurrerapenik, Estatuaren errepresio politikoan ez zegoen etenik…Nolabaiteko etekin politikoa aurkeztu behar zien etxekoei justifikatzeko azken urteko lana eta ahalegina ez zela alperrik izan eta ez zela errendizio bat aurkezten ari.

Ez zen gai izan, ordea, bi urteko epean Nafarroarekin bat egiteak PNVrentzat suposatzen ziona ulertzeko eta PNVk egoera berrian gal zezakeen botere maila -nolabait eta denbora batez- konpentsatzeko. PSN elkarrizketetan sartu nahi izatea , bestalde, ekimen egokia zitekeen, baina une horretan parte hartu nahi ez bazuten, itxaroterik ere bazegoen mahai politiko ofiziala eratu arte eta abenduaren bake-konferentzia antolatu arte. Erakundetzeari buruzko gaia agendan sartzera mugatu behar zuten. Presaz eta arinki jokatu zutela ematen du.

PNV ez zegoen behar bezala prestatuta aurkezten zitzaizkion arrisku politikoa onartzeko eta epe motzeko analisietan gelditu zen, gaur egun PNVk EAEn duen zentralitatea Euskal Herria osora zabaltzeko apustuak ekar diezazkiokeen abantaila politikoak sakon aztertu gabe. Bake-prozesuak porrot eginez gero Batasunak jasango zuen marginalizazio eskemarekin baino ez zuen egoera aztertu.

Bazuen, ordea, bi urteko epe hori luzatzea eskatzerik, aldaketa instituzionalak zekarzkion arriskuak hobeto kudeatu ahal izateko edo dena delako epean PSE eta Batasunaren arteko aliantzarik ez egotea eskatzerik, Katalunian gertatutakoa hemen epe batean gerta ez zedin ziurtatzeko. Gaia mahai politiko ofizialaren agendan sartzea eta bake-konferentziaren eztabaidarako proposamen bat izatea bideratu beharko zukeen.

Azkenik, PSOEri- aurreko bi erpinak ez bezala- Espainian boterea ez galtzeari begira dago. Euskalerriako prozesuarekin aurrera egiteko prest dago, beti ere, xede horretarako onuragarria bada. Hor izan ditu PPrekiko hauteskunde-tarte txikia, hainbat epaileen oztopoak, PSOE barruko kontrako indarrak… Horiek guztiak izan dira bake-prozesuan aurrera egitea eta bere konpromisoak betetzea eragotzi dizkiotenak. Horiek horrela, Batasunaren proposamena ez zuen onartzerik, are gehiago, PNV alde agertzen ez bazen eta ziurrenik, gainera, PSNn ere Hego Euskalerriako lurraldeak bat egitearen aurkako jarrera sendoak izango baitira.

Nolanahi ere, asko aurreratu dela uste dugu:

a) Borroka armatua desagertzeko bidean egon zitekeen jada, ETA borroka armatua uzteko prest baitago.

b) Batasunak marko juridikoaren aldaketak gaurko legeriatik abiatzea onartzen du. Horrek derrigor dakar Hego Euskalerriako autonomia-erakunde berria eratu arte, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan erreferendum berezituak egin behar izatea. Erreferendum bidez, herritarren iritzia entzutea izango da prozesuan inposaketa politikorik egongo ez dela bermatzeko biderik egokiena.

c) PSOEk Euskalerria nazioa dela onartzen du eta Euskalerriaren erabakitzeko eskubidea onartzeko prest dago, baina eskubide hori erabiltzeko behar diren berme nahikorik eman gabe oraindik. Hego Euskalerria erakunde politiko batean biltzeko gaia agenda politikoan sartzeko prest dago.

d) PNV-EAJ Nafarroarekin bat egin nahi du, baina berari abantaila politikoak ekarriko dizkion bidetik.

Eta honen guztiaren aurrean, zer?

Dudarik gabe, elkarrizketetan jarraitu behar da, hain zuzen desadostasunen inguruko puntuetan dauden korapiloak askatzeko. Mahai politiko ofizialaren agenda prestatu behar dute eta hor gaiak sartzea ez da eragotzi behar. Guztien erritmo politikoak uztartzen saiatu behar dira eta bake-prozesua bera eta haren lorpenak bake-prozesuan parte hartzen duten guztientzat errentagarria izan behar dutela kontuan hartu. Era berean, bake-prozesuan parte ez hartzea erabakitzen dutenentzat politikoki ez errentagarria gertatzea lortu behar da (esaterako, PPri).

Errealismo punturik gabe eta interes guztiak behar bezala josi gabe, asmo polita eta idealista guztiek asmo hutsa izaten jarraituko dute.

Bukatzeko, herritarren ikuspegitik prozesuaren metodologiak kritika bat merezi du, hain zuzen ere, gardentasun falta egon dela. Gardentasun ezak egin du herritarrok prozesua ezin blindatu ahal izatea atzera pausorik gerta ez zitezen. Aurrera begira herritarron parte hartzea handiagoa izan beharko luke puzzlearen lau puntuen inguruan, lortutako adostasun mailan atzera pausorik ez egoteko eta oraindik korapiloa askatu gabe duten gaietan alderdi politikoek adostasuna lor dezaten bultzatzeko.

Etiquetas: