Beste aldetik begiratuta


Funtzionarioa eta itzultzailea naizen aldetik, Administrazioko euskararen egoera eta errealitatea ondo ezagutzen ditudala deritzot. Ustez badudan ezagutza horretan oinarriturik esan dezaket, ezelango motibazio politiko barik (izatekotan, aldekoa litzateke), zenbakien eta portzentajeen lilura-itxuraren iruzurra dugula aurrean. "Jomuga urrun dugu oraindik, bidea hasi besterik ez dugu egin" adieraziz amaitu dute, Azkaratek eta Baztarrikak, euren adierazpena Legebiltzarrean. Ez dakit zein den jomuga, baina Administrazioan euskara normaltasunez erabiltzea bada (...)

(...) ez da nahikoa urrun dagoela esatea; sekula heldu ezin garen lekuan (lekutan, esango genuke) dagoela beharko genuke aditzera eman. Gainera, gure bidearen lehen zati hori kartzela ere bihurtu zaigu, nonbait, beti baikaude, hogeita bost urte eta gero, leku berean, hasi eta hasi.

Errepara diezaiegun emandako portzentajeei. Nik, Azkarate eta Baztarrika, ez nuke Administrazio guztia aintzat hartuko. Jo dezagun zeuok ondoen ezagutzen duzuen lan-lekura, Kultura Sailera. Sailik euskaldunena beharko luke izan; sailik euskaltzaleena ere bai, kontuan hartzen baditugu behintzat bera osatzen duten Sailburuordetzen eta Zuzendaritzen edukiak: euskararen sustapena, hizkuntza politika, gazteria, ondare monumentala, ….

Demagun zuen Saileko ezagutza aipatu % 54 horretan dagoela. Orain, begira diezaiogun elkarri begietara, eta erantzun: Kultura Sailean %35ak erabiltzen du euskara normaltasunez? Argitara ematen diren testuetatik % 15a euskaraz sortzen da? Zuen esku uzten dut erantzuna. Nik esan diezazuekedana da, ondo baino hobeto ezagutzen baitut kontua, EHAAra (Buletina) Kultura Sailetik euskaraz datozen testuetatik ia %100a itzulpenak direla; eta horietako hainbat, txarrak. Hori bai, itxurari eustearren-edo, testu biak, gaztelaniazkoa eta euskarazkoa datoz arduradun politikoak izenpetuta; irakurri ez dituenaren adierazgarri, izan ere, irakurri izan balituzte, lotsarren, baten batzuk atzera botako zituzketen Kultura Sailean bertan, eta ez Buletineko Itzulpen Zerbitzuan.

Ez Kultura Sailean ez Administrazio osoan, ez da ia ezer sortzen euskaraz. %15 diozue! Hogeita hamar urte barru lortuko bagenu kopuru hori, gaitzerdi. Ba al dakizue zergatik ez den sortzen euskaraz? Ba bai, ondo baino hobeto dakizue: inork ez duelako gaia plazaratzen, ez bada nire moduko txotxolo potrozorriren batek; arduradun politiko eta funzionarial gutxik uste duelako hori posible izan daitekeela; hori kosta egiten delako; horrek beste politiko batzuekiko harremanak garraztu egingo lizkiokeelako horren ardura leukakeenari; finean, horrek itzulpen hutsean oinarritutako sistema hankaz gora jartzea eskatuko lukeelako. Askotxo.

Diñozue aplikazio informatikoen %40a euskaraz dagoela. Bai, klaro. Eta dokumentu ofizial gehienak, guztiak ez esatearren. Eta? Zenbat Informatika ikastaro egin dira euskaraz? Eta ia bat ere egin ez bada, zergatik izan da hori? Zuen Sailean 3. eta 4. HE dutenetatik, zenbatek eskatu dute informatika ikastaroa euskaraz? Zuk zeuk, Miren Azkarate, izenpetzen dituzun agindu eta dekretuetatik zenbat sortu dira euskaraz? Zuen bulego juridikoko zenbat txosten egin dira euskaraz? Zuk astero parte hartzen duzun Gobernu Kontseiluan zenbat euskara erabiltzen da? Hori bai, Kontseilurako paper guztiak euskaraz jartzeko ekartzen dizkigute guri, gero zuetariko inortxok ere (agian zeu salbuespen) errepara ez diezaion euskarazko testuari.

Zuen Sailera jo dut nire iritziaren oinarri bila, uste baitut portzentaje eta zenbatekoez ari garenean generalizazio gehiegizkora jotzen dugula, zifren itxurazko liluran galdu arte. Horrela, norbere inguruari so eginez, jendearen elkarrizketetan belarriak jarriz, paperen edukiaz jabetuz ohartuko gara ondoen esandako kopuru horien irrealitateaz.

Esan behar dut amaitzeko, kritika zorrotz hau egin duenak izena jarriko ez balu, dudarik gabe Behatokia, politiko ez-korrekto edo sindikalista garratzen bat letorkiguke burura. Ez da kasua. Idazki hau izenpetzen duena EAJ afiliatua da, afiliatu militantea.

Etiquetas: