Ezkerreko abertzaleen elkarlana (I)
|
Norbanako zenbaitek iritzi artikulua eman zuten argitara komunikabideetan, izenez "Ezkerreko abertzaleon elkarlanaren premia" zuena. Maiatzeko hauteskundeek Hego Euskal Herrian utzi duten egoerari erreparatzen diote, batik bat, izenpetzaileek, euren ondorio politikoak eta sozialak lantzeko. Helburu nagusi bat dute, eurek laugarren paragrafoan jasotzen dutena: “Bozka kopuruen arabera lau multzo ikusten ditugu: eskuinaren muturrean UPN-PPk 292.000 bozka, eskuineko sozialdemokrazia espainiarrean PSOEk 314.000 bozka, euskal autonomismo eskuindarrean PNVk 307.000 bozka. ANVk berriz 180.000 bozka”. Bi esaldi horietan laburbiltzen da artikuluaren mamia, alegia, Hego Euskal Herrian lau esparru politiko okupatuta daudela, baina badagoela ideia, aukera eta herritar nahiko bosgarrengo bat betetzeko. Nik zalantzak ditut. Politikaz hitz egiterakoan zeharo garrantzizkoak dira kontzeptualizazio zuzenak. Fakultateko irakasle batek esan zigun, urt pila ere igaro direla ordutik, ezen Modernitate modura ezagutzen dugun fase historikoan iraultza eraldatzaile bakarra jazo dela, artean Iraultza sobietarra indarrean zela orandik: XVIII. mende amaierako Frantziako Iraultza burgesa. Zergatik? Bada ordura arte estamentuak zeudelako erregimen absolutistan, eta ordutik aurrera klaseak. Hortaz, Frantziar Iraultzaren ondorioz, alde handiak zeuden arren herritarren artean, denak ziren, teorian behintzat, berdinak legearen aurrean. Beste era batera esanda: posiblea zela -ikusmolde eurozentristatik abiatuta- klasez aldatzea XIX. mendea eta gero, eta ezinezkoa estamentuz aldatzea XIX. gizaldira arte. Horretan datza, hain zuzen ere, aldaketa estrukturaletik aldaketa koiunturalera dagoen aldea. Eta halaxe gertatu zen, gertatu ere, guretzat ordura arte zeharo sustraitua eta aldaezina zen iraultza sobietarrarekin eta erregimen komunistarekin berarekin: egun batetik bestera dena erori zen, komunismo latzetik kapitalismo ankerrerarako ibilbidea hilabetean egin zuten herrialde sobietarrek. KGBko eta PCUSeko agintariek euren esku hartu zuten sistema sortu berriaren dirua eta boterea. Gauean komunista lotaratu zena, goizaldean liberal kapitalista esnatu zen, ezelango transiziorik gabe. Horrek erakusten du ideologiaren eta gizakumearen ahultasuna. Adibide bila horren urrutira jo gabe ere, gurean, egoera eta bilakaera antzekoak milaka ditugu, bai alderdien mailan, bai pertsonen mailan. Zenbatek egin du jauzia muturreko jarrera ezkertiarretik eskuinik erasokorrenera? Zenbat abertzale erradikal bihurtu dira, inork nola ez dakiela, espainolismo sutsura? Ez da beharrezkoa izenak ematea. Denon buruan daude. Norbanakoak euren jarrera pertsonalengatik ezagutu eta baloratzen ditugu. Ulertezina gertatzen zaigu bizikera eroso eta konpromiso gabeko norbait, txikito bat eskuetan duela, eskuindarren eta kapitalista ankerren aurka, diskurtso hipokrita erabiliz, patxada askoz aritzea. Egun ideia ezkertiar/progresisten defendatzaileak eta eskuindar/kontserbadoreen defendatzaileak antzekotsu bizi dira, ohitura eta joera berdin xamarrak dituzte, batik bat diskurtso egileak eta herri-gidariak. Zerk bereizten ditu? Gobernatzeaz ari bagara, funtsean aurrekontuaren erabilerak bereiztuko lituzkete, behin boterea eskuratuz gero. Horretan datza gakoa: diru publikoa nola erabili edo, areago, publikoaren eta pribatuaren arteko bereizketa nola egin. Adibide xume bat jarriz: UPNk kendu ez du dirurik erabili nahi euskararentzat, zergatik? Hizkuntza identitate faktore funtsezkoa delako. Eta jakin badakite. Jaurlaritzako alderdiek dirutza itzelak erabiltzen dituzte gai horretarako. Ondo edo gaizki beste kontu bat da. Zergatik? erantzuna emanda dago. Zer esan nahi du horrek? Aurrekontuaren erabilera faktore ideologikoetan oinarritzen dela, eta pentsamolde nazional batekoa edo bestekoa izan, diruaren erabilera ezberdina egiten dela. Hortaz, lehen irakaspidea: nazio kontzeptua edo nazio ezaugarriekiko jarrera bai direla faktore bereizgarriak. Etiquetas: Proceso de normalización |
1 Comentarios:
Aipatzen duzun artikulu horren sinatzaile bat naiz eta ados nago zurekin ezker/eskuma eskemak baino, nazio batekoa edo besteko sentipenek bereizten gaituztela gehiago euskal herritarrak. Hala ere, ez didazu ukatuko elkarlanerako kultura eta ohitura eskasa dugula gure artean.
Nolanahi ere, artikulu horren xedea beste hau zen: ezker abertzaleko herritarrak politikoki antolatzera animatu nahi genituen, uste baitugu egoera normalizatu batean, borroka armaturik gabe alegia, erreferenteko indar politikoa izan daitekeela Euskal Herrian.
Hauteskundeen emaitzek aspaldi ari digute mezu hori bidaltzen: espainolen artean eskuma (PP) eta ezkerra (PSOE) ondo antolatuta daude eta nahiko modu egonkorrean gainera. Euskal abertzaleen artean , aldiz, ez dago estatu guztietan modu batean edo bestean ematen den bereizketa hori hain ondo finkatuta.
Botoetan ikusten zen herritar "kontserbadoreak"-edo, PNVren inguruan nahiko egonkor egituratuta daudela, baina euskal ezkerra,ordea, ez dagoela bat ere egituratuta. Euskal ezkerra behar bezala egituratuta balego (bide politiko hutsen aldeko apustua behin betiko egiten denean gertatu ahal izango da hori) panorama politikoa asko aldatuko dela esan nahi zen. Horrek ez du esan nahi, bide batez, euskal ezkerra egituratzeak EAJrekin elkarlanik ez egitea ekarri behar duenik, baizik eta gaur egun abstentzioan dagoen jende andana ezker abertzale zabal baten inguruan egituratzeko aukera emango lukeela aukera horrek batetik; eta bestetik, gaur egun dagoen indar dispertsioa bateratzen lagun lezakeela.
Hala ere, artikulu horretan, nire ustez, idea bat azpimarratu gabe geratu zen: Euskal Herrian normalizazio politikoa lortuz gero, bai euskal ezkerrak bai euskal eskumak dutela irabazteko panorama berri horretan.
Kontuan hartu behar da Euskal Herrian -eta batik bat Nafarroa eta Iparraldean (hau da, eskenatoki politiko berriak zabaltzen dituen merkatu politiko berrietan)- inork irabazteko badu, hori EAJ dela, herrialde horietan soziologikoki herritar kontserbadore euskaltzaleak baitira nagusi. Begira bestela Eusko Ikaskuntzak egin berri duen ikerketa.
Ez dakit EAJk azterketa hori eginda duen. Nire ustez, eskenatoki politiko berrian (Nafarroarekin bat eginda) EAJk eta ezker abertzaleak dute gehien irabazteko, eta espainol nortasuneko alderdiek, ordea, gehien galtzeko.
Publicar un comentario
<< Home