Zein da gure lurraldea?


Gaur nire seme Martinek eskolan landutako koadernotxoa - "Euskadiko nire lehen liburua" izenburukoa- erakutsi dit. Lehen orrian neskatxo bat ageri da, ezkerrean ikurriña eta eskuinean Euskal Autonomia Erkidegoko mapa duela. Goian, testua: "Euskadin bizi naiz. Espainiako autonomia-erkidegoetako bat da, eta hiru lurralde ditu: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa". Barruan...

... "Euskal mendiak" aipatzen ditu, zeinen artean altuenak Gorbeia eta Aizkorri diren. Ez deritzot ondo umeen burua norbere pentsakeraz eta ideiez betetzeari. Utzi egin behar zaie eurak ikas dezaten eskolan, kalean eta etxean. Gaur, ordea, barne-arrengurari ezin eutsirik, galdetu egin diot: "Hi, Martin, eskolan irakasten dizute non dagoen Nafarroa, eta Iparraldea; eta zein lurralderen hiriburua den Iruña?" Ezetz erantzun dit, hori ez zaiela irakasten.

Adibide horri baino okerrago deritzot EAJ/PNVko web orrian asteon ikusitakoari.

Leizaola lehendakari zenduari Gipuzkoako Aldundiak hilaren 14an egin zion omenaldiko irudiak agertzen dira gaur eta atzo (ekainak 19 eta 20) www.eaj-pnv.com web orrian. Herenegun, ostera, Euzkadi Buru Batzar inskripzioa genekusan (astelehenetan EBBren bilera-eguna delako, apika) eta eskuin aldean mapa bat: Euskal Herriaren Hegoaldekoa, Iparraldea kenduta (ikus goian, ezkerretara). Baliteke nik ez dakidan arrazoiren bat egotea horretarako; edo, beste barik, ezelango fede txarrik gabeko hutsa izatea. Argi dagoena da alderdi abertzale guztiek Euskal Herri osoa aitortzen dutela euren aberri, Adurretik Ebroraino. EAJk ere bai.

Bai adibide batak zein besteak dakartena da euskal eta aberri kontzientziarik gabeko herritarrak eta afiliatuak ditugula neurri handi batean. Hala ere, bada batzuengandik besteengana alde nabarmena; alegia, eskolaren zeregina ez dela haur abertzaleak hezitzea, baina alderdi politiko aberzale batena bai dela afiliatu euskaldunak eta abertzaleak izatea, esatez eta izatez. Eskoletarako Curriculum berria landu berri dute, eta onartu ere bai Hezkuntza Sailak, denen gustokoa izan ez bada ere. Alderdi abertzaleek ere beste horrenbeste egin beharko lukete, aditzera eta jakitera emanez denentzat oinarrizkoak diren zenbait kontzeptu; horien artean euskal lurraldearen definizioa.

Etiquetas: