Batasuna, EHAK eta ANV


Igandean irakurri nion Iñigo Urkulluri behar bada Batasuna baztertu eta EHAK eta ANVrekin hitz egiteko garaia dela. Nik adina ondo daki Iñigok aipatu sigla guzti horiek mundu bakarra osatzen dutela. Pentsamolde antzekotsua eratzen duten giza-taldeok hor daude gure ondoan, gure familietan, gure koadriletan, eta, sarri asko, bat egiten dugu beraiekin bai kuestio politikoetan, bai gai kulturaletan eta bai sozioekonomikoetan ere. Nik ez dut zalantzarik: botoak eduki eta erakundeetatik kanpo ordezkaritzarik gabe gelditu direnak integratu egin behar dira. Ziur badaudela moduak.

Ez da berdin izango Ondarroan edo Bilbon. Zergatik? Batean ANVk eskuratu duelako, ustez, gehiengoa. Bestean, ordea, gutxiengoa dira. Ez batean ez bestean ez dute ANVkoek ordezkaririk. Ez da egoera zuzena. Denok azaldu gara kandidatura horiek kanpo utzi dituen Legearen aurka, baina legearen beraren izenean normaltzat jotzen dugu sortutako egoera. Egongo da zeozer gure eskuetan. Egongo dira erak eta bideak erakundeetatik kanpo utzitakoak erakartzeko.

Lehendik ere esanda dugu oso zaila dela urteak joan eta urtea etorri tentsio politikoari eustea, batik bat herri txikietan, herri euskaldunetan, lagun arteko eta familietako giroan. Gure herri askotako zati esanguratsua osatzen dute ANV, Batasuna edo EHAKkoek. Ez gaude herriaren alde lan egiteko prest dagoen hainbeste jende bazterrean uzteko. Ezin da horrenbeste giza-baliabide xahutu. Bila ditzagun aukerak ezker abertzaleko herritar horiek normal-bideratzeko.

Zer gertatuko da norbait erailtzen badu ETAk? Galdera ez dago lekuz kanpo. Su-etena apurtuta egonda ere, gaurko egoeran, erailketarik gabe, posiblea eta beharrezkoa da ANVko jendea erakundeetan sartzea. Eta heriotza baten aurrean zer? Orduan ordukoak. ETA izango da berak burututako ekintza eta, kasua balitz, erailketen arduradun bakarra. Bakoitzak jakingo du nolako jarrera hartzen duen zerraldo baten ondoan, umezurtzaren negarren aurrean.

Euskal Herriko herri txiki eta ertain askotan zaila da, benetan, egunerako bizia zenbait alderditako kideentzat. Hainbesteraino, ezen inork gutxik gura baitu bere burua eskaini herriaren ordezkari izateko Herriko Etxe edo Udaletxeetan. Elkarlanari ekin beharko diogu, eta ez norabide bakarrean, guztietan baizik.

Etiquetas: