Diskriminazio informatiboa. Alarde tradizionalaz zer?


Igandean, ohi dudan moduan, Berria erosi nuen umeekin mendira joana urretik. Hondarribiko Alardeari buruz emandako informaziora iritsi, irakurri eta, une batez, Opakuan zelaietan bazkaldu ostean, hausnarrari ekin nion. Nahiko jarrera lotsagarria iruditu zitzaidan, aurtengoan ere, Berriarena. Mina eman dit, datorren lekutik etortzeagatik. Topikoz betea, hondarribitar gehientsuenen kontrako komentario iraingarriz josia eta, batez ere, erabat partziala. Gauean Garan sartu eta konturatu nintzen eze, kazetari ezberdinen eskua egon arren, bi egunkarien edukia antzekotsua zela. Guztian deigarriena, alde bateko eta besteko gazteen jarrera ezberdinez idatzitakoa izan da.

Kazetariak, plastiko horiz jantzita eta mozorrotuta karrika bazterretan zeuden ehunka pertsonei buruz, Alarde Tradizionalren aldeko gazteei buruz aritu zenean, honako hau jarri zuen batenbaten ahoan: “Ia dena umeak eta gaztetxoak dira. Erabili egiten dituzte.” Nork esan zuen baina? Agian kazetariaren subkontzienteak? Eta zein da Alkain kapitain ohiaren iritzia Jaizkibel Konpainian parte hartzen duten gazteez?: “Gazte pila ari da Jaizkibelekin parte hartzen, eta jaiaren esanahiaren argia ikusten ari gara.” Bai aldea gazte batzuen eta besteen artean! Artikulistaren jarrera guztiz da partziala eta tendentziosoa. Ez da lehenengoa, eta pentsatu gura dut Berriako zuzendaritzak zeharo onesten duela informazioa emateko modu hori.

Han izan ziren, halaber, Iñigo Lamarka eta Izaskun Moiua, zeintzuk Hondarribiko alkatearen lepo jarri baitzuten jazotakoaren errua, ez zuelako legea betearazi. Jakingo dute, dagoeneko, zein den Alarde mistoan parte hartu zuten gazte jatorren ordezkariek, alegia, ezker abertzale ofizialeko popeek adierazi dutena eurei buruz: "EAJk kudeatzen dituen Udala, Arartekoa, Emakunde eta Defendatzailearen erakundeek badute zerikusirik." Ez omen dute, aipatu agintari publikook, legea betearazteko gaitasunik. Hara hor lelorik sokorrituena: "legea betearaztea". Hain justu ere Regina Otaolak Lizartzan egin duena: legea betearazi.

"Udaletxeko balkoian, ohi bezala, ez dago inor. EAE-ANVko zinegotziak daude atarian Jaizkibel animatzen". Manikeismo irrigarria eta lotsagarria. Onak eta txarrak. Herritar gehienak, ume eta gazte manejatuak barne, zeharo dira koldarrak, gehienbat gizonak, zeintzuk azaldu ere ez baitira egin. Guzti horri gutxi iritzita, nola ez, Elizari buruzko komentarioa "(...) ez da arazorik izan, ezta mezan ere, Jaizkibeleko batzuk mezara joan baitira". Artalde guztietan dago ardi beltzen bat. Eliza jeltzale matxistaz eta beldurtiz gainezka zegoela esatea besterik ez zitzaion falta. Gehiegikeria.

Nik, Martxelo, informazioa nahi dut. Igandean Berria irakurrita ez nuen lortu. Berrian agertutakoak urdaila eragin zidan, ez besterik. Nik dakidala Berriak ez du jarrera editorialik. Nik, Berriako irakurle eta akzionista modura, informazio zehatza eta ahalik inpartzialena eskatzen dut. Agian norbitek pentsatu ere egingo du Emakumeen aldeko borrokaren adar garrantzitsua dela Hondarribiako Alarde mistoarena. Hori kirtenkeria! Larunbateko erreibindikaziorik entzunena "Alarde publikoa lortu arte" izan zen. Zer esan gura du horrek, alardea pribatua dela? Hala bada (hori agertzen da informazioan) ezein egintza pribaturen baldintzak ezarri behar zaizkio.

Ni hondarribitarra banintz konponduta neukake oraingoz auzia. Aspaldi emango nien emakumezkoei Alardean parte hartzeko aukera. Ezin da tradizioa herri-arazo bihurtu, ezin du eguneroko bizi-giroa trakestu (hala al da?). Ezelan ere ezin dena da, Martxelo, egun jakin bateko liskarra fetitxe bihurtu, egintza puntual bat Emakumezkoen askatasunaren eta duintasunaren egintza modura hartu, ez baita horrela. Eta guztiaren gainetik, beste aldekoek errespetua merezi dute guztiona beharko lukeen egunkariaren aldetik.

Etiquetas: