Hezkuntzako curriculuma: antzerkiaren irudia


Asteon jakin dugu EAEko ikastetxeetarako indarrean egon beharko lukeen curriculumak ez duela oraindik argia ikusi EAEko Buletinean, EHAAn. Kaleratu den arrazoi nagusia: oraindik ez dago euskarako bertsiorik, alegia, oraindik ez da testua itzuli. Hezkuntzako agenteek akats larria ikusi dute ez argitaratzean, ikasturtean zehar garatuko duten material didaktikoa eskuetan behar zutelako eduki dagoeneko. Nik, beste arlo bati erreparatu diot: oraindik euskarazko bertsiorik ez egoteari. Hainbeste erakundek gure haurren heziketa integralerako prestatutako curriculuma gaztelania hutsean egotea, itzulpenenaren zain, larria dela deritzot, euskarazkoak jatorrizko bertsioak behar zuelako izan. Betikoan gaude: lehengo lepotik burua.

Hamaika bider salatu dugu euskara itxurakeri hutsetarako baino ez dela erabiltzen, gaztelaniaz lantzen diren testuei euskal kutsua emateko. Honako hau da horren adibiderik gardenena. Nola liteke 2007an Hezkuntzako Curriculumaren garapen prozesu osoa gaztelaniaz egitea, oraintsu argitara berri diren datuen harira, Batxilergora arteko EAEko ikasleen % 60ak D ereduan egiten baditu bere ikasketak? Zein irakaslek hartuko du, gida modura, euskarazko bertsioa, jakinaren gainean itzulpena dela, eta jatorrizko bertsio gaztelaniazkoarekiko hutsuneak izan ditzakeela?

Antzerki-giro erraldoian bizi gara, eta bada garaia egiturazko aldaketei ekitea, Hizkuntza Eskubideen Behatokiko Paul Bilbaok aditzera eman duen eran. Euskara, egun, euskaltzaleontzat oztopo bihurtzen ari da. Hori ezinezkoa da. Behar bada iritsi da momentua geure diskurtsoa aldatu eta euskararen presentzia xumeagoa aldarrikatzeko. Eragingarriagoa eta benetakoagoa. Zer onura dakarkio euskarari gaztelaniaz sortutako Curriculuma euskaraz ere agertu behar izateak? Galbahea jartzeko ordua heldu da.

Finkatu egin behar da zerk agertu behar duen nahitaez euskaraz, eta horretan jarri indarrak, diru-baliabideak eta giza-baliabideak. Horrek dakarrena da, hain zuzen ere, gaur testuak itzultzeko erabiltzen den aurrekontutik zati bat testuak sortzeko, itzultzaile asko helburu horretara birziklatzeko eta euskarazko produkzio propioa izateko erabili behar dela. Herri-diruak ondo kudeatu eta erabili behar dira, etekin ikusgarriak eta ukigarriak lortze aldera. Orain artean defendatu dugunaren kontra doa zuzenean hori, alegia, dena, teatralizazio hutsez, euskaraz agertu behar izatearen aurka. Badakit. Hobea al da orain artean bezala jarraitzea?

Etiquetas:

1 Comentarios:

Blogger mendi dijo...

Eta ez al daude dimisiorik holako akatsa egin ta gero?

Zertan zegoen pentsatzen Campos jaunak?

12 septiembre, 2007 17:22  

Publicar un comentario

<< Home