Agur, eta beste zeregin batera


Ez dut errepikatuko gaztelaniazko agurrean esan dudana. Argi dago gai soziopolitikoak jorratzera berriro itzuliko naizela. Egongo da, bai, zer idatzi, zer kritikatu eta zer defendatu. Ibarretxeren proposamenak hor iraungo du, puri-purian, laguntza premia larrian. EBBko hauteskundeen hitzarmen edo bat-etortze aldia gaindituta, herrialdeetako (GBB, ABB, BBB, IBB eta NBB) hauteskundeak izango ditugu EAJ barnean. Zelan eta noiz itzuliko naizen, zehaztu barik ditut oraindik. 2008ko lehen egunetan, seguru asko. Nekatuta bai egon naitekeela, baina ez nazkatuta. Orain beste blog batean agertuko ditut nire iritziak, Tirakan. Bietan ezinezkoa zen.

Tirakak Administrazioko euskararen egoera aztertzeaz gain, proposamenak ere egiten ditu arlo hori onbideratze aldera. Susmoa dut euskararen erabilerak jauzi handia izan dezakeela epe laburrean. Hor saiatu izan gara txaloka eta txistuka azken hiru urteotan tirakakideok, sortu zenez gero. Egitasmo erakargarriren bat kaleratzen bada, horren alde egiteko parada dela deritzot. Orain euskararen gurditik tira egitea egokitzen zait (zaigu), beste behin ere.

Niri iritzia da, izan, euskal gizarteak arlorik gehienetan behar duela astinaldia. Politikaz idatzi dudanean sarri askotan horretaz -astindu beharraz- izan dira nire hausnarketak. Euskal (euskararen) mundukook kontserbadoreak garela diote, eta ezin esan arrazoia ez dutenik. Ondo eta eroso bizi gara gutariko asko. Nola eskatu patxada handian dagoenari arlo honek zeozelango iraulketa behar duela? Eta are, iraulkea hori bidean ere izan daitekeela? Astakeriatzat hartuko luke.

Orain arte ikusi eta ezagutu dugunak ez du balio, agian, bere horretan. Horri, behin baino gehiagotan paradigma aldakea deitu diogu. Euskal bizimoduaren eremu gehienak ikutu beharko lituzkeen paradigma aldaketa. Artean, ingurugiroaren kutsadura sufritzen dugu; klima bere bidea egiten ari den bitartean, gu geurera; euskal herritarrok geroz zaharragoak gara; kanpotarren esku-lanaren premia larrian gaude (ondo etorriak izan bitez!); eta gure ondorengo askok geroari ez diote guk bezain aurpegi argiz begiratzen, kopeta ilunaz baizik. Halatan gabiltza euskararekin ere: nahian eta ezinean, aldaketaren premian.

Baten bat badator eskupean aldaketa edo iraulketarako (ez beldurtu berbagaz) ideiak dituela, ondo etorria! Behar ditugu. Horien zain egon bagara, etorriz gero, onar ditzagun eta lagun diezaiogun ari denari! Eraikitzea baino askoz errazagoa da apurtzea, arrazoi politikoak direla, arrazoi sindikalak direla, arrazoi pertsonalak direla eta, batik bat, nagikeria eta erosotasuna direla-eta. Sarri desegitearen aldekoak gara; norberaren ezina, ahal duenaren edo ari denaren kontra eginaz estali nahi dugunak gara.

Orain artekoa eskastzat jo, eta oraindik ezagutzen ez dugun hori hobetzera badator, euskaltzale inor ezingo da bere aurka jarri. Ez, behinik behin, kontzientzia duen inor; ez, behinik behin, euskara lanabes duen inor; ez, behinik behin, euskararen erabilera normalizatuan sinesten duen inor. Berrikuntzekin bat ez datorrenak adieraz dezala zertan den bere diskonformidadea, seguru egitasmoa hobetzeko balioko dutela bere iritziek eta kritikak. Hori beti da ona, eraikitzeko asmoz egiten bada.

Hartzen den bidea hartzen dela denon bultzada beharko du. Ez legoke gaizki indarrak pilatzea, gai honetan zer esanik duena entzutea, uzkur agertzen direnekin biltzea, sindikatuak inguratzea, Behatokia lagun izatea. Gutxi izateak arrisku asko ditu. Denetan aipagarriena da, duda barik, ez litzatekeela normaltzat jo behar norbait kanpoan gelditu izana. Ez behitnzat, bere ahotsa eta irizia entzun gabe. Ez, zintzo badator.

Alderdi batetik -PNVtik- natorrenez, badut horretaz ere zer esanik, nahiz egokiagoa litzatkeen adieraztea orain arte aditzera emandakoak laburbildu nahi ditudala ahalik-eta gehien. Hamaika aldiz salatu dut badela garaia papera (Euskararen Erabilera Plana eta Ponentziak) gainditu eta, diskurtso egokiagoa eta praktikoagoa landuz, urrats zehatzak emateari ekitea. Ni, gaurtik aurrera, horretan ere saiatuko naiz, asmo horren inguruan alderdikideak batzen ahaleginduz.

Etiquetas:

1 Comentarios:

Blogger Antxon G. dijo...

Ondo ibili! Geroarte!

05 noviembre, 2007 13:39  

Publicar un comentario

<< Home