EAJren ajeak Otegiren ustez
Imanolek galdetzen du ia Otegik EAJren jarreraz Berrian egindako gogoeta hau egia den: “Ezker abertzaleak mahai gainean jarri du proposamen bat: autonomia lau herrialdeentzat. Estatutu hori bakarrik eratuko litzateke nafarrek eta baskongadoek beren onespen demokratikoa emango baliote, eta erabakitzeko eskubidea jasoko luke. Horri esan diote ezetz (EAJk eta PSOEk)”. Otegiren hausnarketa hori, nire ustez, Imazena bezain baliagarria edo arbuiagarria da, eta gezurretik hurbilago dago egiatik baino. Imazek Barajasko atentatuaren ondoren Otegiri behin eta berriro eskatu diona da edozertaz hitz egin aurretik bortizkeria kondenatu behar duela. Ni ez nago horretan bat EBBko buruarekin, baina errespetatzen dut bere jarrera. Bestalde, zergatik hartu behar da Batasunaren Proposamena oinarri modura? Zergatik ez Legebiltzarrak onartutako Estatutu Politiko Berria, Ibarretxe Plana izenaz ezagunagoa dena? Estutu Berri hori EAErako eginda dago, lehendakariak eta Gasteizko Legebiltzarrak ez baitute eskumenik gehiagorako. Hala ere, bideak irekitzen dizkio Hegoaldearen bat egite bati. EAJk Hegoaldeko batasunik ez duela nahi esatea Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko botereari eta negozioari eutsi nahi diolako, asko esatea da, eta gaizki. Batasunak bezala EAJk bera kalkuluak egiten ditu, hauteskundeei eta gobernagarritasunari buruzkoak barne. Nafarroan indar gutxi du EAJk, denok dakigunez. Hala ere, Nafarroak bere etorkizunaz erabaki dezakeena NaBairen esku utzita du EAJk, eta NaBai koalizioa ez dut uste susmagarria denik, bere jarrera politikoan, Hegoaldearen batasunari dagokionez. Diseinu estrategiko eta taktiko ezberdinak dituzte NaBai koalizioak (PNV barne) eta Batasunak. Nafarroan ez dago zer eginik hauteskunde aurretik. Hiru astebete besterik ez da falta. Gero etor daitekeena guztiz bestelakoa izan daiteke. Batasunak bere proposamenean aurkeztu duen eran aztertu izan balitz, orain, Hegoalderako botere legegilearen gaia, tragedia zatekeen abertzaletasunaren interesetarako. Hauteskundeen ondorengo diseinu berrian parte hartzea nahitaezkoa izango da, baldin eta emaitzek aukerarik ematen badute eta PSN horretara lerratzen bada. Otegiren deklarazioetatik deigarriena, eta argigarriena, honako erantzun hau egin zait: “Ezker abertzaleak ez du sinatzen testu bat bost minutuan, hitz egiten ari garelako gatazka gainditzeko prozesua martxan jarriko duen lehen akordio bati buruz, eta hori oso garrantzitsua da. Berrespen horretan ezker abertzaleak era oso positiboan baloratu zituen hainbat gauza, baina akats estruktural bat ikusi zion egindako aurrerapen horri: honek ez du ziurtatzen azkenean marko demokratiko bat osatzea Euskal Herrian. Hor egon da blokeoa.” Erantzunean antzeman daitekeenez Otegi negoziazio mahaiko eztabaidaz ari da. Otegik esplizitoki aitortzen du Batasunak mahaian zituen negoziatzaileek ez zutela autonomia politikorik erabakiak hartzeko, alegia, eurek nahikotzat edo onargarritzat jotzen zutena gerta zitekeela kanpoan norbaitek ukatzea edo bideratzea. Halaxe jazo zen, jazo ere. NOR izan zen bideratzaile hori? Zein eduki zituzten nahiko landuta eta onartzeko puntuan? Zer esan elkarrizketako erantzun honetaz?: "Beraz, harreman elkarrizketa gurekin etenda dauka. Edo etenda daukagu. Aldi berean, ikusten dugu Iberdrolako presidentearekin Eskoziara joaten, Mariano Raxoirekin elkarrizketak egiten... Magistratura gorenarekin ere bildu da Madrilen. Hori inork ez du atera, sekretuan egin duelako. Josu Jon Imaz Espainiako erregearekin ere egon da." Jeltzaleek eta Batasunakoek sarri aitortu dute elkarrekin 22 aldiz egon direla. Jakina da, baita ere, lehendakaria epaitegietatik sartu irtenean dela Otegi, Barrena eta beste batzuekin batzartu delako. Euskal gatazka Estatu-kuestioa bada, ez al da normala Estatuko burua den Erregerekin biltzea, edo Gobernuko buru izan daitekeen Raxoirekin biltzea? edo Euskal Herriaren etorkizun ekonomikorako interes estrategikoa izan dezakeen Iberdrolako presidentearekin biltzea? |
<< Home