Alde guztietatik begiratuta (erantzuna)


Aurreko batean E.Gorospek "Beste aldetik begiratuta" artikulua eman zuen argitara blog honetan. Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendari Jokin Azkuek erantzun-artikulua bidali digu, zeina hitzez hitz argitaratzen dugun ondoren:

Nahi duen guztia esaten duenak nahi ez duena entzuten dudio esaera zaharrak, eta horretara datoz, hain zuzen ere, ondorengo lerroetan jarritakoak. Baina, lehenengo eta behin, hausnarketa labur bat: zein itsusia den norbere lanpostuari esker eskuratutako informazioaz baliatzea, jendaurrean salaketak eta kritika antzuak egiteko. Zein erreza den besteek fede onez egindako lana epaitzea lanpostuak eskaintzen duen pulpitutik.


Egia da Administrazioan jausi handia dagoela euskararen ezagutza teorikotik benetako erabilerara: hori hamaika aldiz salatu dugu guk, eta horixe gure erronkarik handiena datozen urteetarako. Egia da idazki gehienak, oraindik ere, gaztelaniaz sortu, eta gero euskarara itzultzen direla: horretan ere, ados.

Gorospe jaunak kontatzen ez duena da, Gobernuak, ezagutzaren eta erabileraren arteko desorekaz oharturik, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari eskatu diola proiektu bat martxan jartzeko, Eusko Jaurlaritzako sail eta erakunde autonomo guztietan euskararen erabilera planak zabaltzeko. Eta hori oso ondo daki Gorospe jaunak.

Aurten 15 erabilera plan izango ditugu abian Eusko Jaurlaritza osoan; plan horiek, oraingoz, 1.000 bat langileri eragingo diote, baina hemendik aurrera gero eta jende gehiagori eman nahi diogu sarbidea proiektuan. Plan horietako bakoitzean, tokian tokiko helburuak, estrategiak eta ekintzak zehaztu dituzte horretarako sortutako jarraipen batzordeek; lehendabiziko aldiz, Eusko Jaurlaritzako normalkuntzako teknikari guztiak bilduta daude batzorde batean, han-hemen sortzen diren esperientziak elkartrukatzeko. Urtea amaitu baino lehen, Jaurlaritza mailako Batzorde Iraunkorra ere izango dugu, sail guztiei eragiten dieten erabakirik estrategikoenak hartzeko prest. Hori ere badaki Gorospe jaunak.

Eta, jakin, badaki ere, udazkenean ezarriko diren ekintza asko eta asko euskarazko sortze-lana ugaritzera bideratuta daudela, hori guztia orain arteko itzulpen sistematikoaren bidea, ahal den neurrian, murriztu ahal izateko. Baina horrek kostu bat dauka, eta hori da Gorospe jaunak agian ez dakiena. Administrazioko langileak, nor bere esparruan, euskarazko komunikazioak sortzen hasten badira –eta hori da denok nahi duguna–, horrek ezinbestean izango du nolabaiteko eragina plazaratuko diren idazki horien kalitatean. Euskara itzultzaile-normalkuntzako teknikari-trebatzaileen esku magikoetatik kanpo geratzen bada, gure testu asko, hasieran behintzat, “ezberdinak” izango dira, akatsen bat izango dute... Eta zer? Gaztelaniazko testu administratiboek ez al dute akatsik?

Bere artikuluan, Boletinean lan egiten duela modu desegokian aprobetxaturik, salaketa ugari egiten du Gorospe jaunak, besteak beste:

“Nik esan diezazuekedana da, ondo baino hobeto ezagutzen baitut kontua, EHAAra (Buletina) Kultura Sailetik euskaraz datozen testuetatik ia %100a itzulpenak direla; eta horietako hainbat, txarrak”.

Ezagutzen dut, baita ondo ezagutu ere, Kultura Saileko itzultzailearen ardura eta gaitasuna. Bere ordenadoretik igaro diren itzulpenak ezin hobeak dira, Boletinean “ukitu” behar ez diren horietakoak (erdarazko gehienak ukitzen ez diren bezalaxe). Badakizue zein den kontua? Bada, testu “txar” horietako gehienak Kulturako teknikariek zuzenean egindakoak edo moldatutakoak direla; hau da, itzultzailearen laguntzarik gabe, HPSk, Tirakak eta euskaltzale guztiek proposatutakoari men eginez. Zer pentsatu behar dute orain Kulturako langile horiek: euskaraz lan eginda, Boletineko itzultzaileak izutu, zorabiatu eta hau bezalako blogetan idazten hasiko direla gure hizkuntzaren gramatikari egiten zaion kalte konponezina salatzeko? Benetan uste al du Gorospe jaunak kritika horiek mesede egiten diotela euskararen erabilera normalizatzeari?

Lan handia dugu eginkizun etorkizunean; horietako bat, plazaratzen ditugun euskarazko idazkien kalitatea ziurtatzea. Gure erabilera plan guztietan hamaika ekintza aurreikusten dira horretarako: ikastaroak, trebatzaileak, idazki-eredu normalizatuak, zalantzak argitzeko guneak... Baina den-dena alferrikakoa izango da, ez bagara konturatzen une honetan garrantzitsuena euskaraz sortzen hastea dela, euskara hutsezko komunikazio-guneak ireki beharra dagoela. Ibilbide horretan zalantzak izango dira, atzera-aurrerak, hanka-sartzeak... Eskuzabalak izan behar dugu, ordea. Administrazioko langile euskaldunek lasai hitz egin eta idatzi behar dute lanean, euskarazko azterketa baten aurrean daudela denbora guztian pentsatzen ibili gabe. Nahiago dut langile arruntak euskaraz sortutako idazki akastuna, itzultzaile baten bertsio paregabea baino. Eta Gorospe jaunak ere bai: seguru nago"
.

Jokin Azkue. Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria.

Etiquetas:

1 Comentarios:

Blogger mendi dijo...

Ba arrazoia du oraingoan, ezta hala?

Igual hiperkritikari utzi behar genuen pixka bat, batez ere euskararen munduan.

18 julio, 2007 11:54  

Publicar un comentario

<< Home